Athletic-Bartzelona: atzoko finalari buruzko analisia
ESPAINIAKO KOPAKO FINALA
Gaizka Garitanok egindako azkerketa: Athleticeko jokalarien freskotasun falta, Bartzelonaren baliabide taktikoak, Bielsaren estrategia… Izan zuen zer aztertu atzokoko partidak.
1. ZATIA
Ilusioa soberan bai, baina hogeita bost minutu nahikoa izan ziren Bartzelonaren nagusitasuna zelaian islatzeko. Athleticek ez zuen izan errealitatea onartu beste erremediorik. Partidaren atarikoak zalantza batzuk uzten zituen; Bukaresten gertaturikoa ahaztuta ote zegoen galdetzen zuten askok, eta atzo ikusi zen talde zuri gorria ez dela bere momenturik onenean iritsi denboraldi bukaera honetara.
Bartzelonak erritmo bizia sartu zion hasieratik partidari. Ohiko legez bi taldeak 4-3-3 sistemarekin atera ziren, baloi jabetza eskuratu nahian. Bilbotarrek sentipen onak berreskuratu nahi zituzten, baina lehenengo bost minutuetan kataluniarrek garbi erakutsi zuten bere bertziorik onena emateko moduan zeudela, eta bi aukera garbi izan ondoren, Pedrito agertu zen aspaldiko partez, markagailua mugitzeko.
Bielsak beti bezala bereari eutsi zion; banakako markaketak proposatu zituen hasieratik, herriko plazan jaietan gaztetan egiten genuen bezala, bakoitzak bere bikotea hartu eta dantzan hasi. Amorebieta Messirekin, De Marcos Xabirekin, Aurtenetxe Pedrorekin, eta horrela kuadrillako guztiak parekatu arte. Guardiolak bazekien zelai erdiko guda irabaztea ezinbestekoa zela, eta Piqueren igoerekin eta Messi metro batzuk jaitsiz, nagusitasun numerikoa lortu zuen leku horretan. Bartzelonak baloiaren jabetza eskuratu zuen hasieratik, eta Athletic baloiaren atzetik zebilen bitartean, lehenengo desorekak hasi ziren atzeko lerroan. Banakako markaketak hori du txarra, jokalari bakoitza bereaz arduratzen dela, eta laguntzak, koberturak eta baskulazioak bigarren maila batera pasatzen direla, hutsuneak eta desajusteak sortuz.
Golak bata bestearen atzetik erortzen joan ziren finala ordu-erdi eskas baten erabakita utzi arte. Hemendik aurrera duintasunez erori eta golen bat egitearen helburua besterik ez zitzaion geratzen talde bilbotarrari. Beharbada, Llorenteri Piquek egindako penalti argia adierazi izan balu epaileak, zerbait aldatu zitekeen partida, baina eskuak garbitu eta ez zuen ezer adierazi.
2. ZATIA
Bigarren zatia aldeketekin hasi zen: Herrera eta Iñigo Perez, De Marcos eta Susaetagatik, Bukaresten bezala aldaketa bikoitza, baloia eduki eta hain erraz ez galtzeko, beharbada. Hiru goleko errentarekin Bartzelonak intentsitatea jaitsi zuen, eta askoz ere berdinduagoa izan zen bigarren zatia. Aurtenetxek buruz, eta Ibai Gomezek oinarekin, ohorezko gola egiteko parada eduki zuten, baina Bukaresten ikusitako antsietate puntu hori oraindik hor zegoen bueltaka, eta azkeneko partidetan bezela, ezin izan zuten aurkariaren atea zulatu. Alde horretatik esan behar da taldearen dohainik onenak ez direla azkenengo hilabete erdian agertu, eta erasoan erakutsitako dinamismo eta freskura hori itzali egin direla kolpe batez.
BALORAZIO OROKORRA
Partida ikusi ondoren, erraza da esatea, baina Iturraspe eta Herreraren baloi irteera eta jokatzeko era faltan bota ziren atzokoan, batez ere lehenengo minutu horietan, talde zurigorriak etenaldi pixka bat bat behar zuenean baloiarekin, eta hain erraz galtzen zuenean. Bukaresten bezala, pase luze gehiegi ikusi genituen, Llorenteren bularra bilatuz eta Caparrosekin egiten zen jokoa gogora ekarriz, justu aurten ohikoa izan denaren kontrakoa.
Hala ere, txalo zaparrada bero batekin agurtu behar da taldea, hala egin zuen Madril aldera hurbildutako milaka zaletuek. Aurten egindakoa historikoa da zalantzarik gabe, ez bi finaletara ailegatu izanagatik, astero taldeak erakutsi duen joku dinamiko, erasokor eta konplexu gabekoagatik.
Beharbada atzoko eta beste zenbait partidatako analisi taktikoa egitea oso ausarta eta kontraesankorra litzateke, entrenatzaileen eskolan eta futbol liburuetan betidanik ikasi dugun kontrakoa baita. Mikel Etxarri handiak erakutsitako kontzeptuak atzo kutxa batean gorde eta beste egun baterako utzi beharko ditugu. Banakako markaketak zonakoak izan beharrean, buruz buruko lehiak zelai osoan zehar, oreka defentsiborik gabeko taldea, eta jokalari aurkaria erreferentzia bezala hartuz une oro, baloia izan beharrean, besteak beste.
Mozart, Dali, Picasso, Einstein edo beste genio batzuren antzera oso zaila da Bielsak proposatzen duen futbolaren hausnarketa garbi bat egitea. Lehenengoen kasuen antzera inork gutxik ulertzen zituen haien obrak, lege orokorrak apurtu zituzten bere garaian, eta argentinarra ere pribilegiatu horien artean kokatu beharra dago. Beraz, gozatu dezagun hemen dagoen artean, eta ez dezagun denbora galdu bere obra ulertzen.