Asmatu bai, aldatu ez

Egilea:

Data: 2015/11/18

INGALATERRAKO FUTBOLA

Britainia Handiko entrenatzaile gutxi ari da lanean Premier Leaguen, eta nazioarteko liga handietan apenas ari diren beharrean. Egokitu al dira futbola izaten ari den bilakaerara, ala kateatuta geratu dira lehengo garaietan? Aitor Manterolaren erreportajea.

Ingalaterran jarri zizkioten arauak futbolari, eta kirol hori bertan asmatua izan zela esaten duenik ere bada. Aitzindariak izan ziren, behintzat, eta esate baterako, bertako entrenatzaileen sona handia izan zen garai batean.

Europan, kluben arteko txapelketetan, makina bat txapelketa irabaziak dira bertako taldeak aurreko mendean, eta Liverpool, Notthingam Forest, Tottenham Hotspur, Manchester United, Arsenal, Ipswich Town eta Everton handi haien aulkian bertako edo inguruko entrenatzaileak zeuden: Bill Shankly (Eskozia) eta Bob Pasley (Eskozia) Liverpoolen; Brian Clough Notthingamen; Bill Nicholson eta Harry Burkinshaw Hotspursen; Matt Busby eta Sir Alex Ferguson (Eskozia) Uniteden; George Graham (Eskozia) Arsenalen; Sir Bobby Robson Ipswichen eta Howard Kendall hilberria, Athleticeko ohia, Evertonen.

Bobby Robson, UEFAko Kopa irabazi zuenean Ipswich Townekin

Orain, Ingalaterrako taldeek apenas irabazten duten Europako lehiaketarik, eta bertako entrenatzailerik gabe irabaziko lukete irabaztekotan. Izan ere, Premier Leaguen, hogei taldetatik zortzitan bakarrik dute Britainia Handiko entrenatzailea. Eta talde apalak dira ia denak. Tony Pulis West Bromwichen dago; Eddy Howe Bournemouthen; Sam Allardyce Sunderlanden; Steve McClaren Newcastlen; Mark Hughes Stoke Cityn; Alex Neill Norwich Cityn; Garry Monk Swansean; eta Alan Pardew Crystal Palacen.

Bertako mugetatik kanpo lanean ari diren entrenatzaileen kopurua hutsaren hurrengoa da, gainera. Europako liga handienetan begiratu, eta aste honetara arte, bakarra egon da lanean: David Moyes Realean. Beste inor ez dago. Tokitan geratu dira aurreko mendearen hasierako kontuak. John Jack Reynolds, esate baterako, aitzindari izan zen Ajaxen (Herbehereak), orain hain berea duten jokatzeko eredua ezartzen. Beste adibide bat: George Raynorrek Suediako futbolari sekulako bultzada eman zion, eta selekzioko entrenatzaile zela, Munduko Kopako finala jokatu zuen (1958); baita Olinpiar Jokoak irabazi ere zortzi urte lehenago. Europako beste herrialde bateko talde batean kontinenteko koparen bat jaso duen azken entrenatzaile ingelesa Sir Bobby Robson izan zen; Bartzelonarekin irabazi zuen 1996-97ko Errekopa. Urruti geratu da oso.

Klub berean, urte batzuk lehenxeago, Terry Venables egon zen, eta Espainiako liga irabazi zuen. Nazioarteko liga bat irabazi zuen azkeneko Ingalaterrako entrenatzailea Steve McClaren izan zen (Twenterekin, Herbehereetan, 2009-2010ean). McClaren bera Alemanian ere ibili zen, Wolfsburgen, hain zuzen, 2010-11 denboraldian, baina bidali egin zuten 24 partida jokatu eta gero.
Ez da ukatu behar oso ohikoa ere ez dela izan Britainia Handiko entrenatzaileak beren mugetatik kanpo lanean aritzea. Hain justu, horrek berak eman dezake aditzera zein den entrenatzaile horiek izan dezaketen gabezia bat. Beren mugetan geratu zaleak dira, han hasi eta han bukatu, eta neurri batean, Ingalaterrako futbolak badu itxi ezaugarri hori. Oso bereak dira, eta ez da urte askotako kontua kanpora zabaltzen hasi direla neurri batzuetan. Gaur egun, ematen du gainera, galtzen ari dela hain berezkoa izan duen erromantiko izaera hori: kanpoko dirua eta erosleak sartu dira klubetan; kanpoko jokalariak eta entrenatzaileak asko dira.

Entrenatzaileen kasuan, ordea, kanpoko haizeak ez ditu bere lekutik mugitu. Futbola ulertzeko era bat daukate, kultura bat, eta ikusezin egin diete kirol hori izaten ari den bilakaerari azken urteetan. Ez direla aldatu, alegia.

Kontserbadoreak dira

Baliteke futbolaren balizko asmaitzaileak izateak nolabaiteko harrotasuna eta indarra ematea gauzei bere horretan eusteko. Berriki idatzia dauka Roberto Olabek, Realeko kirol zuzendari ohiak, twitterren hau: «Futbolak aurrea hartu die Ingalaterrako entrenatzaileei. Asmatu egin zuten, eta geratu egin zituen horrek».

Britainia Handiko futbolak, salbuespenak salbuespen, ez dauka inolako loturarik Europako beste herrialde handienetakoarekin. Jokatzeko ereduan ez behintzat. Baloiaren jabetza gero eta indar handiagoa ari da hartzen Europako futbolean, eta entrenatzaileek erasoko lanak gero eta gehiago aztertzen eta lantzen dituzte. Britainia Handian, taldeen jarduna esparru horretan ez da oso aberatsa.

Erritmoan dago beste ezberdintasuna. Ingalaterra eta inguruetan, oso biziak izaten dira partidak. Eta ikusgarriak horrek bihurtzen ditu. Gora eta behera ibiltzen dira jokalariak, eta taldeak hautsita azaltzen dira askotan. Lan fisikoak sekulako garrantzia dauka han. Beste herrialdeetan, erritmoa aldatzeko gaitasuna landuta daukate taldeek, gutxi asko. Lan taktikoaren ezaugarrietako bat da hori. Azkar eta poliki jokatzen gai dira taldeak. Lanketa hori ez dute egina, itxuraz, Britainia Handian.

Alf Ramsey

Beharrik ere ez dute ikusten, bistan denez. Berean jarraitzen dute. Eta kanpora ateratzen direnean bere ereduarekin, aurkariak askoz garatuago daudela ikusten da gehienetan. Gauza nabarmena da, eta Ingalaterrako selekzioaren ibilbidea ikusi besterik ez dago nazioarteko txapelketetan. Bertako entrenatzaileek ez diote haize freskorik ekarri, eta kanpotik eraman dituztenak ere beraien moldekoak izan dira.
Oso esanguratsua da espainiar entrenatzaile batek esan ohi duena Ingalaterrako entrenatzaileez: «Gu hara lanera joan ginenean, harritu egin gintuzten bigarren taldeko entrenatzailearen ezaugarriek. Dena zen oihua eta grina, baina taktikoki oso pobrea zen. Halakoxeak dira, oro har, hango entrenatzaileak».

Futbolaren historian, sekulako ekarpena egin izan dio hango futbolak gainontzekoari; hor da, esate baterako, Alf Ramseyk moldatu zuen 4-4-2 sistema aurreko mendeko 60ko hamarkadan Ingalaterrako selekzioarekin. Baina  orain, kanpotik ari zaizkie atea jotzen, bilakaera dute deika, baina ez dira ari aldatzen.