Askorentzat txikikeria bada ere…
REALA (analisia)
Jagoba Arrasateren lana ona izaten ari dela azaldu digu Unai Zubeldia kazetariak.
Lyonen 0-2 eta Anoetan 2-0. Txapeldunen Ligara. Algeciras, Vila-real eta Racing kanporatuta, 26 urteren ondoren, Espainiako Kopako finalerdietara. Liga amaitzeko hamar jardunaldiren faltan, 46 punturekin, bosgarren, Europako atea zabal-zabal eginda. 32 milioi euro gozo jaso Asier Illarramendi salduta, eta, bi zatitan, 5,5 milioi euro xahutu, Granero eta Canales fitxatuta. Txapeldunen Ligak utzi zuen jokoz kanpo euskarria, eta ligako sei partida eta Kopako bi besterik ez ditu jokatu punta-erdiak. Diruz lepo; baliabidez urri. 40 partida aurreko denboraldi guztian; 44 dagoeneko 2013-2014 sasoian. Eta hamar falta zaizkio oraindik. 40ren aldean, 54. Zaldua, Gaztañaga eta, neurri txikiagoan, Sangalliren agerpena lehen taldean. Etorkizuneko hiru zutabe on.
1.248 minutu denera Pardok 2002-2003 denboraldian; sendotze bidean, 1.930 dagoeneko 2013-2014an. Akatsak akats, seguruago Zubikarai, ordezko atezain ona izan daitekeela berretsiz. Jose Angeli futbol jokalari ona dela erakusteko aukera. Behingoz. Rosi poz txiki batzuk Kopan. Erantzun dotorearekin. Griezmann, handia zena, erraldoi bihurtuta… Datuak dira denak. Bai, desagertuta, eta, kanpotik begira kudeaketa on-ona egin gabe geratu dira jokalari batzuk, Estrada eta Chory Castro bereziki —De la Bella eta Carlos Martinez lesioek eta ordezkoek utzi dituzte bazterrean—. Eta Seferovic… Suitzarrak bete-betean ekin zion denboraldiari, baina aurrelaria gobernatuko duenik ez dago. Ezta Jose Mourinhorik zorrotzena ere.
Errealitatea da hori guztia, baina “ikaragarria” egin zuen aurreko denboraldian Philippe Montanierrek, eta “lotsagarri” ari da orain Jagoba Arrasate. 28 jardunaldi jokatuta, 47 puntu zeuzkan frantziarraren taldeak; —etxean hamabost partida eta etxetik kanpo hamahiru jokatuta—; eta 46 dauzka berriatuarrarenak —etxean eta kanpoan hamalauna jokatuta—. 49na gol sartuta bi taldeak. 35 jasota ordukoa; 39 oraingoa. Baina Vernonen jaio, Boulogne taldea Lehen Mailaraino igo eta Valenciennesekin joko polita egin zuen frantziarrak Realera iritsi aurretik; eta Berriatuan jaio eta Bigarren Mailan zaildu gabea da bizkaitarra. “Ez du balio”. Montanierren joko alaiari “ukitu taktikoa” gehituko ziola jakinarazi zuen Arrasatek berak Realeko entrenatzaile izendatu zutenean. Mikel Etxarrik ere, Arrasateren irakasleak, sarritan aitortu du taktikoki artista dela berriatuarra.
Eta esanak zelaian islatu ditu denboraldi honetan. Urrutira joan gabe, egur handi samarra eman zion Tata Martinori ligako partidan (Realerako behar zen entrenatzaileari; denboraldi-aurrean Donostiako klubari ezetz esan zion hari). Markel, Zurutuza, Elustondo eta Canales zelai erdian kokatuta, defentsan oldarkor jokatuta, eta aurrean Griezmann eta Velarekin Pique eta Bartra bilatuta, Bartzelonaren sormen lerro guztia desorekatu zuen Realak. Ezerezean utzi zuen parean zuen talde erraldoia, eta Realeko entrenatzaile kargua oparituta bezala jaso zuela diotenen esanak baretu zituen bizkaitarrak. Zaleen begietara, txarrean entrenatzailearena izaten baita erruaren zatirik handiena, eta onean jokalariena. Arrasateren erabakien eraginez galdu ditu Realak hainbat partida. Bai. Baina Arrasatek berak asmatu du, neurri berean, zail-zailak ziren hainbat egoera bideratzen. Onetik eta txarretik, oreka bilatzea da kontua. Eta, Lehen Mailako lehen urtean, orekari dezente helduta dabil bizkaitarra.
Egia da onetik bezala daudela datuak txarretik, eta mahai gainean jarri behar izaten dira hain pozgarriak ez diren datu horiek guztiak ere. Realak 4-1 galdu zuen ligan Bartzelonan; 1-0 Rayoren zelaian (partidatik desagertuta); 2-2 berdindu zuen Valladoliden, 0-2 irabazten hasi, azken ordu laurdena lotsagarri jokatu eta Bravok penaltia geldituta; 5-1 galdu zuen Real Madril eta Vila-realen zelaian; 4-0 Atletico Madrilen aurka; 1-0 Sevillan; eta 2-3 etxean, Rayoren aurka. Hanka-sartze asko dira. Gehiegi. Eta Arrasatek badauka zer konpondua. Zer ikasia. Baina Txapeldunen Ligan puntu bakarra lortu izana zigortzeko oinarri gisa ari dira erabiltzen asko eta asko. Eta, gutxi-asko, egin behar zuena eta egin zezakeena egin zuen Arrasatek Europako txapelketarik handienean. Xakhtar menderatzeko partida gogorra proposatu zuen Arrasatek Anoetan, eta indar faltak desorekatu zuen, azkenean, taldea, bigarren zatian (0-2). Leverkusenen jokatu zuen ligaxkako partidarik onentsuena, eta azken minutuan galdu zuen (2-1), izan ez zen falta baten eraginez. Manchester Unitedek normal-normala den joko egurra eman zion Ingalaterran (1-0), eta ingelesen aurka lehen puntua lortu zuten gero txuri-urdinek etxean (0-0). Erabat amore emanda, eta ligaxkako akatsik handiena eginda, 4-0 galdu zuten Ukrainan (horixe kritikarako partida bakarretakoa). Azken jardunaldian, berriz, Anoetan, gehiegi nabaritu zen Bayer Leverkusenek etorkizuna zeukala jokoan (0-1).
Amaitu zen ibili hura, baina bosgarren jarraitzen du Realak, oso gora begira. Ingurukoei begiratu beharrik gabe (eta adibideak badaude), Realak berak mailari eusteko gorriak ikusi zituen 2003-2004 denboraldian, Txapeldunen Ligan gozatu berritan. 46 punturekin, azken jardunaldian bertan hartu zuen arnasa. Eta horregatik da goratu beharrekoa Arrasateren eskutik Txapeldunen Ligako atarikoa jokatu, Lyon kanporatu, dagoeneko 44 partida jokatu, eta, 46 punturekin, oraindik ere Txapeldunen Ligarako sailkatzeko benetako aukerari eustea. Hor egon daiteke etorkizun hurbileko gakoa, bigarren urtez jarraian Txapeldunen Ligarako txartela lortuta (atariko partida jokatu beharko litzateke berriz ere), samurragoa izan baitaiteke Griezmann, Vela, Iñigo Martinez, Pardo… jokalari horiei guztiei eustea. Arrasateren bigarren urtea, jokalarien egitura berbera, Txapeldunen Ligako esperientzia… Zergatik ez, uste baino sanoagoa eta gozoagoa izan daiteke uda partea; Illarramendi joan zenean ikusi bezala, izar horiek gabe ere Realak Reala izaten jarraituko duela ahaztu gabe, noski.
Montanierrek langa goi-goian jarri ondoren, oreka eman dio Arrasatek jokoari. Erasoaren eta defentsaren oreka. Ez da erotu. Badaki non dagoen. Badaki zer daukan. Etengabeko ikaste prozesuan murgilduta dago. Eta, askorentzat txikikeria bada ere, berez euskalduna zen aldagela are euskaldunago bihurtu du. Realaren gisako talde apal batean ezinbesteko ikurra izan beharko luke horrek, hizkuntzak berak. Jose Ramon Eizmendiren sartu-irtenetik (2008), Lillo, Lasarte eta Montanierrekin, euskara desagertuta zegoen Zubietako nagusien artean. Zentzu horretan ere nortasun handia erakutsi du Jagoba Arrasatek, Europan barrena bere izaerari, izanari eta senari uko egin gabe. Ondo bidean, urte askorako entrenatzailea aurkitu du Realak etxean. Herren nabarmen batzuk zuzenduta, zeresana eman dezake berriatuarrak Donostiako klubean. Hurbileneko etorkizunari helduta, eta Europako Ligan sartzea handia litzatekeela ahaztu gabe, hamar partida dauzka orain Txapeldunen Ligan sartu eta balentria ikaragarria egiteko.