Arriskuaren akuiluarekin
ATHLETIC-RAYO (gaur, 21:30)
Premiazkoa du Atheticek hiru puntuak batzea, arazo handiagoetan ez sartzeko.
Azkeneko bi partidak galduta zelairatuko da Athletic gaur San Mamesen (21:30). Horrek esan nahi du sailkapenean behera egin duela, eta gertu dauzkala atzeko postuak: hirura, hain zuzen, jaitsierakoak. Beste ondorioa da, gaur irabazi egin behar duela ezinbestean.
Aurkaria Rayo da, eta Athleticek baino zazpi puntu gehiago ditu. Horrek ere ematen du neurria zuri-gorrien denboraldiarena: ona ez, behintzat. Aspaldiko sasoirik onena ari da egiten Madrileko Vallecas auzoko taldea, eta konfiantzaz gainezka dator.
Aproposa bezain arriskutsua izan daiteke Athleticentzat aurkaria.
Aproposa: oso irekita jokatzen du, erasoa du oinarri, eta ez da bere ezaugarri onena defentsako lana. Baliatu egin behar du hori Athleticek.
Arriskutsua: erasoan ona den talde bat parean izatea kezkatzeko modukoa da Athleticentzat, oso erraz ari delako golak jasotzen.
Alde bat edo bestea nagusitu, aproposarena edo arriskutsuarena, gaur gauekoak ikusteko partida izatearen traza dauka, bi taldeen jokomoldeagatik.