Arnas sakona
OSASUNA 4 LEVANTE 0
Denboraldiko lehen garaipena lortu du, emaitza handiarekin, gainera, eta konfiantza hartzeko balio behar du.
- Seigarrenean. Seian hiru. Bati hiru horiek gehituz, lau. Aurreneko garaipena Sadar zaharrean lortu du Osasunak. Emaitza handia izan da, Levante txiki utziz alde horretatik (4-0).
- Lehen zatian, nahi eta ezin ibili da taldea. Presioa antzeman zaie jokalariei: batetik, zer egin behar zuten ez zaie garbi ikusi, eta bestetik, presaka bezala aritu dira. Jokaldi bakoitzak ez zuen loturarik bestearekin, erabat independienteak bailiran, ahal den moduan aurrera atera eta segi.
- Huts asko paseetan. Zenbaitetan, gauza zailak egiteagatik, azkarrena eraginkorrena zela iritzita. Azkartasunak presa zuen bultzaka, eta lagun txarra izaten da hori.
- Atzetik baloia motzean jokatu nahi, baina ezin, Levanteren presioa goi samarrekoa izan delako. Hortaz, luze jo behar, eta erosoago ibili da taldea, bigarren baloiak hartzeagatik. Hortik aurrerakoak, lehengo kontuak: azkar, presaka, pase okerrak eta abar.
- Levanteren jokoa ezaguna da dagoeneko: defentsako lanean baloia berreskuratu, eta azkar atera gorantz. Edo bestela, aurkariaren huts handiren bat baliatu, gora iristeko. Talde arriskutsua da, baina Osasunaren lana goraipatzeko, gaur ez du arazo handirik sortu erasoan.
- Lehen zatian, ezta Osasunak ere, Timorren jaurtiketa bat eta ezker hegaleko erdiraketa zital bat izan ezik. Lehen erdi horretan, nekez pentsatuko zuen norbaitek zein izango zen azkeneko emaitza.
- Baina futbola berezia da. Azkar aldatzen dira egoerak, ezustean, eta gaurkoa, horietako bat izan da. Armenterosek hautsi du berdinketa (56. minutuan). Gero, Levantek arriskuak hartu ditu, eta aukerak eman dizkio Osasunari, espazioa.
- Gutxi sufritu du taldeak atzealdean, baina emaitza estua zen. Eskerrak azkeneko hamar minutuetan beste hiru gol sartu dituen Osasunak (Lamah, Timor-penaltiz- eta Nino). Lehen garaipena, eta bukaera lasai-lasaia, gainera. Sinesgaitza, lehen zatia ikusita.
- Hiru puntuk ematen dutena arnasa da. Eta Osasunaren egoera zailean, arnas sakona. Hurrengo borroka, San Mamesen, derbian.