Argia ikusi du, eta argitasun handiarekin
Realak hiru puntuak bildu ditu bart Sevillaren aurka (2-0), ondo jokatu du, eta sailkapenaren erdialdean jarri da
Galdera Montanierri prentsaren aurreko agerraldian, partidaren ondorenean: “Hau izan al da taldearen neurketa osoena zu Realean zaudenetik?”. Galderak azaltzen du, erantzuna zein izan jarri gabe ere, Realak partida ona jokatu zuela Sevillaren aurka (2-0).
Hala izan zen bai. Eta bi golak bigarren zatian sartu bazituen ere, lehen zatian markagailuan aurrea hartzeko aukera batzuk eduki zituen. Horra atzo ondo egindako gauzateko bat: golak sartzeko aukerak sortzea.
Sevillak ere eduki zituen, baina ez asko. Golik ez zuen sartu Anoetan. Hortxe ondo egindako beste gauzetako bat: golik ez jasotzea.
Lehiatu ere ondo lehiatu zuten jokalariek, grinarekin eta sendo. Hori ere ondo egindakoen artean sartu behar da.
Gauza on guztiak lapikoan sartu, eta partida osoena izan dela esatea ez da harritzekoa. Realak neurketa ona jokatu zuen, bai.
Lehen gola Velak egin zuen, 65. minutuan, eta bigarrena Ruben Pardok 68.enean. Hiru puntu hauekin, 11. dago Reala sailkapenean, eta urrundu egin da atzeko postuetatik. Orain, laura dauka jaisteko aurreneko arriskua. Europako Ligan aritzeko postuetatik ere tarte berdinera dago.
Montanierren adierazpen batzuk
- “Oso pozik nago taldeak egin duen partidagatik”
- “Helburua ez da aldatzen: 45 puntu lortu nahi ditugu, eta bidea ez da erraza izango. Lanean segitu behar dugu, gaur egin dugun bezala”.
- “Denboraldiko partidarik osoenetakoa jokatu dugu. Erasoan eta defentsan ondo aritu gara, kalitate handia duen Sevillaren aurka”.
- “Ruben Pardo? Ez da erraza gazte batentzat konfiantza hartzea taldeak arazoak dituenean”.
Michelen adierazpen batzuk
- “Velaren golak min handia egin digu. Iparra galdu dugu ondoren”.
- “Realak partida ona egin du. Intentsitate handiarekin aritu da”.
Bideo honetan dituzue atzoko golak:
http://www.youtube.com/watch?v=MvQ5kDbMvh0