Aranburu estiloarekin
KRONIKA
Realak irabaziz esan dio agur Ligari (1-0 Valentziaren aurka), eta kapitainak agur ederra bizi ahal izan du.
- Uste ez zenaren aurka, benetako partida izan da Anoetakoa. Lehiatua. Reala eta Valentzia ez dira atera ezer oparitzera.
- Oparia Mikel Aranburuk jaso du. Futbolari bizitzari agur esateko partida irabazi egin du bere betiko taldearekin.
- Kapitainaren estiloarekin eta ezaugarriekin irabazi ere: defentsan lan handia eginez, eta erasoan, burua erabiliz eta patxadaz, erabaki zuzenak hartuz.
- Harrobia du oinarri Realak, eta doazen bezala etortzen dira jokalariak etxeko faktoriatik. Griezmannek sartu du gola, Aranbururen agurrean. Gaztea eta beteranoa.
- Lehen zatian, kontraerasoan hartu du arnasa Realak. Valentzia egin da baloiaren jabe, eta oso erasokor jokatu du. Baloiarekin trebeak dira jokalariak, eta gertu izan du gola; batez ere, Adurizek. Baina asmatu ez. Realak, esan bezala, kontraeraso gutxi batzuetan gainditu du zelaiaren erdia.
- Zelai-erdi horretan, nagusi zen Tino Costa hasieran. Eta bere taldea ere nagusi. Gero, Realak hobeto lotu du argentinar erdilaria, eta orduan hasi da partida berdintzen. Lehen zatiaren azken uneak izan dira.
- Bigarren zatian, Valentziak, are erasokorrago izateko, Jonas eta Piatti atera ditu zelaira, eta presioan indarra galdu du. Orduan hasi da Reala baloia gehiago erabiltzen. Erosoago ibili dira zelaiaren erdikoak.
- Griezmannen golak (65. minutuan) indarra eman dio Realari, eta lehen ona zen defentsako lana gehiago sendotu du. Nabarmentzekoa erdiko jokalarien lana alor horretan: atzelari biak (Ansotegi eta Mikel Gonzalez) eta Illarramendi, Zurutuza eta Aranburu.
- Bukaera aldera, Realak aukera izan du emaitza gizentzeko, kontraerasoan eroso moldatu ahal izan duelako, baina ez du asmatu.
- Partidaren funtsa 76. minutuan bukatu da. Aranburuk zelaia utzi duenean. Arrastoa utzi duela ez da dudarik. Taldekideak ondo ikasita utzi ditu. Berak alde egin eta gero ere, kapitainaren estiloari eutsi diote taldekideek. Hiru puntuak lortzeko bide eraginkorra.
- 47 puntu Realak. Bigarren egin zuenetik (2002-2003), puntu kopuru handiena. Eta etxeko jokalari askorekin. Trenak trenbidean segitu behar du.