Andres eta Pablo, Pablo eta Andres

Egilea:

Data: 2014/07/02

MUNDUKO KOPA 2014

  • Gaurko egunez, duela 20 urte, hil zuten Andres Escobar jokalari kolonbiarra. Egun batzuk lehenago, bere atean sartu zuen gola Munduko Kopan, eta selekzioa lehiatik kanpo geratu zen lehen fasean.
  • Igor Olaetak lan honetan gogora ekarri digu nola eta zergatik gertatu zen heriotza lazgarri hura.

Medellineko Campos de Paz kanposantuan, lautada zabalean dauden hilobiak berdin-berdinak dira, Estatu Batuetako hilerri militarretan bezala. Hilerri xume horietako bat ordea, Kolonbiako banderatxoekin, Atletico Nacional taldeko bandera zuri-berdeekin, loreekin eta paper pusketan idatzitako oharrekin apainduta ikusten da. “Zure heriotzarekin ez da futbolaren zati bat joan, futbola bera joan da” dio oharretako batek. Hilobian, izen bat: Andrés Escobar Saldarriaga

Hiriaren beste muturrean dagoen Montesacro hilerrian ere, hilobi andana zabaltzen da. Hauek ere denak igual-igualak, bat izan ezik: kaperaren ondoan, zuhaitzez eta palmondoz inguratuta dagoen mausoleoaren erdian, ondoko hau irakurtzen da: “Gizon on bat ikusten duzuenean, hura imitatzen saiatu. Gizon gaizto bat ikusten baduzu, aztertu zeure burua. Pablo Escobar Gaviria”.

Duela 20 urte, Kolonbiako futbolaren istorian oraindik itxi gabeko zauria ireki zen. Narkotrafikoaren garairik odoltsuenean, Pablo Escobar droga-trafikatzailea estatuaren aurka etsi-etsian zebilen bitartean, Kolonbiako futbol-selekzioa Estatu Batuetako mundialerako sailkatu zen, bigarren aldiz jarraian, eta nola gainera, Argentinari Buenos Airesen 5 gol sartuta: Asprilla, Valderrama, Higuita, Rincón, Valencia… Hego Amerikako herrialdeak inoiz izan duen futbolari-belaunaldirik onena, James Rodriguez eta Radamel Falcao buru dituena iritsi den arte.

Selekzio hartan bazen futbolari gazte bat, droga-kapoaren abizen berekoa, Andres deitzen zena.

https://www.youtube.com/watch?v=MyvnXemunk0

Mundiala ez zen ondo hasi kolonbiarrentzat, baina bigarren partidan arantza kendu eta taldeak lehenfasea aise gaindituko zuen uste zabala zegoen, Kolonbian bezala futbol-adituen artean ere bai. Pelek berak Kolonbia txapelketa irabazteko faboritoen artean jarri zuen.

Aurkaria, Estatu Batuak, etxeko moduan jokatu arren, futbolean ezer gutxi egindako taldea zen. Partida hartako 35. minutuan, erdiraketa bat mozteko ahaleginean, Andres Escobarrek gola sartu zuen bere atean. Kolonbiak 2-1 galdu zuen, eta ezustean, etxerako bidea hartu zuen Pacho Maturanak zuzendutako taldeak.

https://www.youtube.com/watch?v=4lcj_B7_cJs

Andres Escobar, René Higuita eta “Barrabas” Gomez selekzio hartako kideak Medellinera bueltatu zirenean, oraindik setio-egoeran zegoen hiria: 1993ko abenduan Kolonbiako agintariek Escobar hil zuten arren, haren inperioaren oinordekoen artean gerra piztuta zegoen, haren lekua eta batez ere negozioaren kontrola, nork hartuko.

Izan ere, Kolonbiako selekzio hartako jokaririk gehienek Kolonbian jokatzen zuten, narkotrafikoak futbola erabiltzen zuelako kokainaren diru-irabaziak zuritzeko. Dirua barra-barra, jokalaririk onenek Europara ez ihes egiteko hutsezinezko amua. Pablo Escobarren anaia txikiak, Roberto Escobar “El Osito”k, kontinente osoko talderik onentsuena zen Medellingo At. Nacionalen hariak mugitzen zituen, Rodriguez Gacha Escobarren bazkide nagusiak, Bogotako Millonariosenak, eta Caliko Amerika, Rodriguez Orejuela Caliko droga-kapoen esku geratu zen. Estatu Batuetako mundiala jokatu zuen Kolonbiako selekzioko jokalaririk gehienak, hiru taldeotakoak ziren.

Kolonbia mundialetik kaleratu eta hamar egunera, Andres Escobar bere lagun Juan Jairo Galeano eta haren beste bi lagunekin zerbait hartzera joan zen, Medellingo Las Palmas errepidean dauden taberna eta dantzalekuetara. Horietako baten, El Indio diskotekan hain zuzen, Santiago eta Pedro Gallon Henao narkotrafikatzaileekin topo egin zuen. Gallon anaiak, Medellingo droga-kartelean Pablo Escobaren bazkide izandakoak ziren, gerora kapoa harrapatzeko gobernuari informazioa eman bazioten ere.

Dantzalekuan Gallondarren mahaitik laster baten hasi ziren Andresen aurkako irainak: “Andres, autogola. Autogola, Andrés”. Probokazioak bata besteraen atzetik. Errespetua eskatu eta narkoen mahaitik urruntzea erabaki zuen futbolariak. Diskotekatik kotxera irtetean ordea, Gallondarrekin topo egin zuen berriz, aparkalekuan. Eztabaida piztu zen, eta Santiago Gallonek “ez dakizu norekin ari zaren” bota zion orduan. Mehatxu bera errepikatzen ari zenean, Gallondarren txoferrak, Humberto Muñozek, Escobarren kotxera hurbildu eta eta sei tiro bota zizkion burura, hurbil-hurbiletik. Lagunek klinika batera eraman zuten, baina alferrik.

Muñoz gidariari 43 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina 12 ere­ ez zituen bete. 2005etik libre dago. Gallondarrek, orduan estatuan zeuzkaten kontaktuak baliatuta, hilketa kargua saihestea lortu zuten. Urte batzuk beranduago, Gallondarren anaia bat Estatu Batuetara estraditatu zuten narkotrafikoa leporatuta, eta egun hartan diskotekan zeudenetako bat, paramilitarrak diruz laguntzeagatik kondenatu zuten, 2010ean.

Jesus Albeiro Yepesek, kasuaren fiskala izan zenak, lehen aldiz hitz egin du, 20 urteren buruan, futbolariaren heriotzaren nondik-norakoez: “Kolonbiak ez du oraindik Andresen heriotza gainditu. Nik oraindik Andres Escobar benetan nork hil zuen galdetzen diot neure buruari. Erantzuna Muñoz Castrok hil zuela da. Erraza, erraza bezain hutsala. Ez da hori arazoaren muina. Muñoz Castro bezalako pertsona batek zergatik hiltzen duen, hori da benetako arazoa. Eta zergatik? Argi dago: herrialde honetan gizartea mafiaren kulturara ohitua dagoelako. Eta garai ilun horiek ez dira amaitu. Oraindik ez dugu indarkeria atzean uztea lortu.”

Andresek futbol zelaietan erakutsi zuen izaera, hil zutenek ordezkatzen zutenaren guztiz kontrakoa zen. “Kantxetako gizon-zintzoa” esaten zioten. Falta gogorren bat egiten zuenean, barkamena eskatzen zuen beti. Denek maite zuten, taldekideek, eta herriak. Eta Wenbleyn Ingalaterrari sartutako gol hura…

https://www.youtube.com/watch?v=HPGJMXPGrew