Amildegitik gertuegi berriz ere
GRANADA 3
OSASUNA 0
Oso partida txarra egin du Osasunak, eta mailari eusteko lehian amaiera arte segitu beharko du lanean.
- Atzera egin du Osasunak Granadan, eta nabarmen gainera. Oso partida tristea jokatu du aurkari zuzen baten zelaian, eta atzetik dituen aurkarien emaitzen esperoan, amildegira gehiegi gerturatzeko arriskuan da berriz.
- Ezina. Horra Osasunaren partida azaltzeko hitzetako bat. Antzeko adiera duten beste hainbat hitz ere gehitu dakizkioke. Erasoan oso kamuts, oso motz, eta defentsan, Granadako aurrelarien mende.
- 90 minutuak hartu eta oso tarte txiki batean bakarrik izan du Osasunak presentzia erasoan: bigarren zatiko minutu gutxi batzuetan, Granadak partida ireki duenean, komeni ez zitzaionean. Erasoan jokaldik ez bukatzen hasi da, eta Osasunak hiru bat kontraeraso egin izan ditu. Baina erasoan zenbat zailtasun dituen jakina da, eta ezin etekinik atera. Adibide bat: eskuin hegaletik, Marc Bertranek hainbat erdiraketa egin du, baina zenbat izan dira balekoak? Roberto Granadako atezaina (Osasunako ohia) entrenamendu ona izan du erdiraketa horietara ateratzen.
- Aukera garbiena De las Cuevasen jaurtiketa izan da, area ertzetik. Langa jo du, gainaldetik. Osasunak jaurti baino ez baitu egin erasoan… eta oso gutxitan, eta area ertzetik. Lehen zatian bizpahiru aldiz egin ditu halakoak.
- Granadak berea egin du: defentsako lan ona egin du, ez dio utzi Osasunari jokoa lantzen. Erasoan, joko zuzena baliatu du (zenbat min egin duen Arandak, Osasunako beste jokalari ohi batek), eta kontraerasoa ere baliatu du. Nahikoa baliabide Osasuna triste eta motz hau erabat biluzteko.
- Lehen gola 23. minutuan sartu du El Arabik, bigarrena penaltiz Siqueirak 80. minutuan (Nanok txartel gorria ikusi du), eta hirugarrena Buonanotek, luzapenean.
- Ez dago eze gehiago kontatzeko. Finala galdu egin du Osasunak, eta gaur bezala aritzen bada, maila ere galduko du. Gogorra bezain gordina.