Ametsen antzezleak

Egilea:

Data: 2012/06/11

EUROKOPA 2012

Ukrainak irabazi egin dio Suediari (2-1), D multzoko bigarren partidan.

  • 2012ko ekainaren 11. Ukrainan inoiz ahaztuko ez duten eguna. Lehen aldiz jokatu du selekzioak Eurokopan, non eta etxean, Kieven. Eta irabazi egin du. Amets polita, gozoa. Eta antzezle nagusiak, bi: Andrei Xevxenko zelaian, eta Oleg Blokine aulkian.
  • Suedia antzokira gonbidatu dute ukrainarrek, obraz gozatzeko. Une batzuetan, zirkinik egin gabe egon da, begien aurrean zuenari begira. Beste batzuetan, oldartzeko imintzioak egin ditu, baina antzezlana ederregia zen kanpokoek zapuzteko.
  • Polita izan da neurketa. Bada zerbait Eurokopa honetan. Erritmo bizian ibili dira gehienean. Hobeto moldatu da Ukraina, jokalari hobeak dituelako. Suedia bere atetik gertuegi egon da askotan. Nahita edo nahi gabe, baina halaxe egon da.
  • Erasoan ausart aritu da etxeko taldea: baloiaren atzetik hiru edota jokalari bakarrik utzita ia beti. Nazarenkok jarri dio musika antzezlanari lehen zatian. Leku askotan azalduz, jokoa azkar ikusiz, eta ikusi duen lekura baloia ondo eta zehatz pasatuz. Voroninek eta Xevxenkok buruko min handiak eman dizkiete Suediako atzelariei. Mugitu batera, mugitu bestera, eta beti min emateko asmoz.
  • Bigarren zatian, Yarmolenko azaldu da, zelai-erdiko eskuin hegalekoa. Hori da hori baloia menderatzea. Eta erdiratu ere, dotore.
  • Konoplianka ere dotore moldatu da beste hegalean. Horrek ere baloia jostailua du. Hegaletik barrura egindako mugimenduekin min asko egin du. Gola falta izan zaio.
  • Golarena, utzi Xevxenkori. Zaharra gazte. Berak irauli du partida. Antzezlaneko protagonista nagusia da. Berdinketa buruz sartu du, garaipenekoa ere bai. Zuloa baliatuz bietan. Bizi eta azeri.
  • Hamar minutuan egin ditu biak. Tarte horren hasieran (52. minutuan), Ibrahimovicek aurretik jarri du Suedia. Egon behar zuen lekuan egoten jakitearen abantaila.
  • Ukrainak txarretik ere izan du. Dezente sufritu du bukaeran. Taldea bitan bereizi da gaur: aurrekoak, batetik, eta atzekoak, bestetik. Zelai-erdian eta aurrealdean indartsua den bezala, atzeko lerroan zalantzati aritu da.
  • Bukatu da antzezlana. Ametsarena. Obraren bukaeran, bi izarrek elkar besarkatu dute: Xevxenkok eta Blokinek. Bi mito. Bat oraingoa, bestea lehengoa eta oraingoa.