Amak bazkaldu gabe utziko ditu
CELTA 1
ATHLETIC 1
Bi puntu utzi ditu Athleticek Vigon, aurretik jarri ondoren gol gehiago sartzeko aukerak alferrik galdu ditu eta.
- Athleticeko jokalariak etxera iristen direnean bihar, han izango du bakoitzak bere ama zain. Kopeta beltzarekin eta haserre aurpegiarekin. Egin behar duena egin ez duen semeari bezala itxaroten. “Bazkaldu gabe, ohera!” entzungo dute. Amak hiru puntuak nahi zituen, eta hirurak ez ekarrita ere ez zen haserre egongo, amak ulerkorrak baitira… baina hiru ekartzeko partida errazagorik gutxi izango dituzte beren semeek. Eta sasoi honetan gauza bera askotan gertatu denez, amaren pazientziak nahikoa dela esan du.
- Berriz eta beste behin, aurretik gertatua gertatu zaio taldeari. Gaur bestetan baino argiago eta nabarmenago, gainera. Celta baino hobea izan da denean, edo ia denean, baina golak sartzeko aukerak gauzatzean kale handiak egin dituzte jokalariek, eta azkenean, Celtak berea sartu egin du. 84. minutuan berdindu du Iago Aspasek.
- Langa, zutoinak, ate hutsarekin kanpora botatzea… horietako bat edo pare bat sarera joan izan balira, Celtaren gola anekdota baino ez litzateke izango. Baina ez da hala izan. Partidaren laburpenak ez du misteriorik: Athleticek bizia eman dio Celtari, eta Celtak aukera baliatu egin du.
- Baloiarekin eroso aritu da Athletic. Egia esatera, Celtak ez du asko estutu defentsako lanean. Batez ere aurreneko hamabost minutuetan edo. Ez presio eta ez ezer; zelai-erdiko lerroa paraleloan, beren bizkarrean nahierara ibiltzeko aukerak utziz; lerroen arteko tartea handiegia… Nahi bezala aritu dira zuri-gorriak. Eskuin hegala baliatu dute batez ere erasorako, edo handik errazago sartu ahal izan dute. Erasoko mugimenduetan, De Marcosen desmarkeak aipatu behar. Nahi beste eta gehiago egin ditu, ia denak ondo eta zehatz (espazioa-denbora uztartzea bikain lotuz). Halako mugimendu batean sartu du berak gola: Iturraspe-Aduriz-De Marcos lotura ona izan da benetan. 42. minutua zen.
- Bigarren zatian, beste itxura batekin hasi da Celta. Beharko. Augustok jaurtiketa indartsua egin du, baina Iraizozek ondo urrundu du baloia. Denbora aurrera joan ahala, Athleticen aukerak etorri dira. Oso garbiak. Ibaiek, Adurizek… baina guztietan kale, edo bale behar zuenean, atea pare-parean tokatu.
- Aspaldiko partida errazena ematen zuen. Eman baino gehiago hala ari zen izaten. Baina emaitzak gol bakarreko aldea adierazten zuen, eta hor zegoen arriskua. Edozein jokalditan Celtak… eta halaxe izan da. Alboko sake batean hasi da dena, ia zelai-erdian. Buruz Celtakoak ukitu du, taldekide batek hartu du baloia, Iago Aspasi eman dio luze eta sakon, Athleticeko bi jokalari baloia kentzekotan egon dira, baina azkenean, bati ukitu bestea jo, baloiak Aspas aukeratu du lagun… eta honen zartako zehatz eta gurutzatuak sarea harrapatu du.
- Lehen askotan ikusia berriz ikusi beharraren zama astuna gaur ere. Elastikoetan aitaren abizena edo amarena jarri (gaur bezala), berdin dio. Futbolak gero eta zale gehiago ditu emakumeen artean, eta zalea ez den ama batek ere badaki hau esaten: “Barkatzen duenak ordaindu egiten du futbolean”. Ba horixe…