Alokairuaren errenta
MALLORCA 0
ATHLETIC 1
Adurizen golari etekin handia atera dio Bielsaren taldeak, bigarren garaipena segidan lortzeko.
- Bigarren garaipena segidan, eta bigarrenez molde berean: golik jaso gabe, eta bakarra sartuta. Kopako zauria ez du sendatuko, baina Ligako ibilia bakarrik geratzen zaionez, lehiaketa horretan jauzia emango du sailkapenean, eta ona izango da aurrera begirako lanean. Denbora irabazi, hala esaten zaio.
- Hasierako minutuetan eta bigarren zatiko beste puxketa batean moldatu da eroso Bielsaren taldea. Momentu horietan, baloiaren erabilera ona egin dute jokalariek, eta mugimenduak ere egokiak izan dira. Ander Herrerak ikasgaia eman du gaur bi arlo horietan: baloiarekin dotore, eta mugitu ere taxuz, beti laguntzeko prest.
- Minutu on horietako batean sartu du gola Adurizek. Golegilearen datuak izugarriak dira: 10 gol sartu ditu Ligan. 72 sartu ditu deneta lehiaketa horretan, eta 55 lehen ukituan izan dira, sasoi honetako 1oak barne. Birrintzailea da, goleko sena apartekoa duena.
- Goleko jokaldiak ere merezi du aipamena. Teknikoa: Iraolaren erdiraketa bikaina da, eta Adurizen errematea paregabea, gozoa bezain hilgarria. Taktikoa: De Marcosen mugimendua aztertzekoa da. Erditik sartu da errematearen bila, eta horrek nahasi egin du Nunes atzelaria, Adurizen zaintza galtzeraino. Biribila gola.
- Beste izen nagusi bat: Gorka Iraizoz. Lehen zatian, direnak eta ez direnak geratu eta urrundu ditu. Lan ederra osatu du. Bigarren zatian ez du hainbesteko lanik izan.
- Mallorcak estutu egin du Athletic momentu batzuetan. Unerik zailenak gola sartu eta gerokoak izan dira. Baina etxekoek ez diote golik sartuko inori gaur bezalako eraginkortasun eskasa azaltzen badute. Eta aldeko dozena pasa korner ateratzeari ere ez diote etekinik atera.
- Alokairuan etxea jartzen duenarena egin du Athleticek: errentei esker bizi. Gola sartu, eta emaitza aldatu ez. Etxekoek asmatu ez dutelako… eta Athleticek ere ez diolako etekinik atera aukera batzuei, kontraerasoan sortu dituen horiei. Zuzentzeko, aurrera begira: sendotasun handiagoa lortzea, eta aurkaria txikitzeko aukera dagoenean, txikitzea.