Alhambra ikustera ez, behintzat

Egilea:

Data: 2012/04/11

Athleticek Granadan jokatuko du gaur (20:00), Espainiako Ligako 33. jardunaldian.

Granada eta Athletic aurrez aurre gaur iluntzean (20:00). Sailkapenean begiratua jo, eta zuri-gorriak hor daude, ez gora, ez behera. Bueno, gorago egiteko aukerak dauzkate, baina gaur-gaurkoz, dauden lekuan daude.

Granada. Hiri ederra. Historikoa. Monumentu handi bezain ederren aterpe. Turismorako egokia.

Batek bainok gehiagok batuko ditu futboleko partida eta turismoa bere garezurrean, eta beldurrez pentsa dezake: “Ez dauka ezer jokoan taldeak, eta beste bi lehiaketak hor daudenez, denbora pasatzera ez dira ba joango Granadara?”.

Erantzuna oso erraza da: ez. Hitz bakar batekoa. Eta erantzunak oinarri luzeagoa dauka, hitz bat baino luzeagokoa: Athleticek zerbait erakutsi badu orain arte, lehiakortasuna izan da. Marcelo Bielsa zorrotza da horretan, eta jokalariei dena emateko eskatuko die; horretan ez dago erdiko biderik. Denboraldian zehar, eta buruz aritzearen arriskua gainean hartuta, idatz daiteke taldeak partida guztietan azaldu duela lehiarako grina, intentsitatea eta kontzentrazioa. Gaur ere hala izango da.

Gero, emaitza zein izango den beste aldagai askoren mende egongo da. Granadak sonarik ez dauka, baina ondo landutakoa taldea da, eta erasoan, esaterako, ondo erabiltzen du baloia. Hori moztu beharko du Athleticek, eta Bielsaren filosofia ezagututa, argi dago zer baliabide erabili nahiko duen aurkariaren erasoa mozteko: ondo erasotzea, baloia galtzekotan goian galtzea, eta han bertan egitea presioa.

Alhambra gero ere hor edukiko dute zuri-gorriek, nahi dutenean bisitan joateko. Gaur, futbolaren txanda da. Eta Athletic ere historikoa da, jauregia bezala, eta historiak horrek errespetua merezi du. Zelaian beti lehiatu behar da.