Alemaniaren aurka jokatzea baikortasunez hartu dute Frantzian, Aljeriaren kontrakoa saihestuta

Egilea:

Data: 2014/07/04

MUNDUKO KOPA 2014

Ekain Rojok gaurko partidetako bat aztertu digu, 1982an bi selekzioek jokatu zutena aipatuz, besteak beste. Aljeria eta Frantzia ere uztartu ditu, gizarte ikuspegitik.

1982ko Frantzia-Alemania partidako irudia hauxe da: Schumacher atezaina Batiston frantziarra jotzear.

Frantzia eta Alemaniako nazio taldeak elkarrekin alderatuko ditu zoriak datorren ostiralean Rio de Janeiroko Maracana estadioan, Munduko Kopako final laurdenetan. Inondik ere, historia oroitzapenez beterikoa izango da, futbolaren izaeraz gaindikoak asko. Kirolari soil-soilean begiratuta, 1982ko Espainiako Munduko Kopako final erdietako norgehiagoka etorriko zaigu gogora. Ez da Munduko Kopan elkarren aurka jokatu duten azkena, 1986ko Mexikoko Munduko Kopako final erdietan ere lehiatu baitziren hurrena (bietan Alemaniak irabazi zuen), baina bai gogoangarriena, alemaniarrek bereziki izandako joko aldaera oldarkorragatik. Izan ere, ordukoan, heldu den ostiralean Brasilen izango den partidako izaera iraulita, Frantziarrak Platini eta enparauekin joko ederraren haragitzea ziren, eta Mendebaldeko alemaniarrak bestalde, askotan hezurmamitu izan dituen ahalean errotutako futbol erabilerarena. Harald Schumacher atezaina erabakiorra izan zen penalty jaurtiketetan Alemaniak irabaz zezan. Heroitzat dute Alemanian, jokalari gorrotatua frantziarrentzat. Patrick Battiston aurrelariari Michel Platinik sakoneko pasea eman zion bigarren zatian, eta Schumacherrek area gunearen ertzeraino aterata Battistoni kolpe latza eman zion eta konorte gabe utzi. Ez zuen zigorrik izan. Luzapenera banako emaitzaz heldu ziren, eta bertan 3-1 aurreratu zen Frantziako taldea, baina Alemaniak hiruna berdintzea erdietsi zuen eta penalty jaurtiketetan gailentzea. Alemaniako agintariek deitoratu egin zuten Harald Schumacherren oldarkortasuna hein batean, futbolak bi herrialdeen arteko gomuta ezkorrak berpiztu zitzakeenaren beldur. Frantzia eta Alemania politika mailan berradiskidetze betean ari ziren 1980ko hamarkada horretan, Europako proiektuaren ekimenaren erdigunean, biak ala biak. Dena dela, ordukoan futbolak ez zituen harremanok baldintzatu, eta bi gizarteen arteko hurbiltzea gauzatu egin zen.

http://youtu.be/tGq7VcaHoqo

Bada, Frantziako gaur egungo taldeak, orduko alemaniarren ahalmen fisikoaz, mendekua hartzeko abagunea du. Platiniren orduko taldearen adinako maila teknikoa du Mullerrek eta Toni Kroosek gidatutako Alemania arerioak. Ezin una neurketa esanguraz beterikoa dela, baina, arbuiaezina da ildo berean Frantziak eta Aljeriak partida jokatu izan balute izango zukeen adieraren mailakoa ez dela gaur egun. Aljeriak final zortzirenetan galdu zuen Alemaniaren aurka, eta horrek eragotzi egin zuen Frantzia eta Aljeriaren norgehiagoka Brasilgo Munduko Kopako final laurdenetan. Futbolaren gaindiko oihartzuna izango zukeen ekitaldi horrek, Frantziako estatuaren egitasmo politikoa eta gizarte bizikidetza epaituko zuelako neurri handi batean. Berriki egindako Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan boto gehien lortutako Front Nationaleko eledun Marine Le Penek hau esan zuen Aljeriak final zortzirenetarako sailkatuta Frantzian izan ziren ospakizunen harira: “Hautatu egin behar da, aljeriarra izatearen eta beste gauza bat izatearen artean”. “Amaiera jarri behar zaio naziotasun bikoitzari”. Aljeriar jatorriko milaka lagun atera ziren Frantziako hiriguneetara Aljeriaren sailkapena ospatzera eta 74 lagun atxilotu zituzten orotara eragindako istiluengatik. Horren ostean, eta ospakizuna eta istiluak errepikatzearen beldur, Alemania eta Aljeriaren arteko final zortzirenetako partidaren atarian, Nizako Udalak debekatu egin zuen hiri erdian “atzerriko banderen haizatzea”. Bada, jakina denez, Alemaniak 2-1 irabazi zion Aljeriari luzapenean, eta Afrikako taldea Munduko Kopatik atera zen txapelketa oparoa egin eta gero.

Frantziaren nazio aniztasuna, etorkinen usadioen onarpena, integrazioa, asimilazioa, bizikidetza eta tankera horretako bizipenen egoera, futbolean ia beste edonon baino gehiago epaitzen dira. Izan ere, futbolean ez beste, nekez dago gaur egun nazio nortasuna aldarrikatzeko eremu gardenik. 1998an Frantziako taldeak Munduko Kopa irabazi zuenean, jatorri ezberdinetako jokalarien garaipena ikusarazi zuten aniztasunean oinarritutako Frantziako nazioaren garaipenaren isla bailitzan. Alabaina, 2001ean Frantziak eta Aljeriak Parisko Saint Dennis futbol zelaian jokatutako partidak etorkin belaunaldien gizarteratze konplexua adierazi zuen. Adiskidantzazko partida izan behar zuenean, milaka lagunek txistua jo zituen Frantziako ereserkiari bertako gobernuaren asaldura eraginaz. Areago, 76. minutuan partida amaiarazi egin behar izan zuten, aldirietako ehunka gaztek futbol zelaira jauzi egin baitzuen. Lilian Thuram Frantziako atzelari beltzak salatu egin zuen bigarren eta hirugarren belaunaldiko etorkin zaleen jarrera, euren aurkako izen txarra hauspotuko baitzuen Frantziako gizartean. Identitate iratzarpenetzat hartu zuten afrikar jatorriko frantziarrek partida hura. Horrenbestez, areagokoa izango zatekeen Brasilgo Munduko Kopan gertatu izatekotan, Front National eskuin muturreko alderdi baztertzaileak Frantzian Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi dituen honetan. Ostiralean Frantzia-Aljeria partida gertatu izan balitz Eliseo Zelaietan gerra izango zatekeela dio frantziar batek baino gehiagok. Poztasunez hartu zuten horrenbestez, luzaroan etsaitzat hartu dituzten alemaniarren garaipena. Alemaniak oraingoan frantziarren alderako liskarrak eragotzi ditu, baina bizikidetza gatazka ez da itzali.