Alde atera da gaur
REALA 2
SEVILLA 1
Realak eman du sailkapeneko jauzia azkenean, emaitzarekin jokatzen asmatu ez badu ere.
- Epaileak zozketa egin duenean, txanpona edo antzeko zerbait erabiliko zuen. Gero, partida nola joan den ikusita, txanpona zelaiaren gainean geratu dela eman izan du. Bueltaka. Alde batera edo bestera erori ezinda. Eman bueltak eta eman bueltak. Azkenera geratu da, bukaeran erabaki du zein aldetara erori, eta Realekoan aldera joan da.
- Halakoxea izan da Realak eta Sevillak Anoetan jokatu duten partida. Irekia. Aurreikusten zen horrelakoa izan zitekeela, bi taldeen jokatzeko eragatik. Baina ireki eta ixten asmatu ez duena Reala izan da. Emaitza bi bider izan du alde, eta bietan, gehiegi arriskatu du. Erasoan eta defentsan.
- Erasoan, presaka aritu da pausa eman beharrean. Oso zuzen jokatu du, bizkorregi, emaitzak beste patxada bat eskatzen zuenean. Eta defentsan, lerroak gehiegi atzeratuta jardun du presioak huts egin izan dionean, eta hori egiteko ez dira jokalari aproposak Xabi Prieto eta enparauak.
- Sevillak egoera horietan egin dio min Realari, eta kontraerasoan ere antzematen zen arriskua eraman zezakeela. Lehen zatiaren erditik aurrera hasi da Sevilla zerbait erakusten. Lehen erditik atzera, Reala nagusi izan da. Baloiaren erabilera txukuna izan da, eta defentsan presioa baliatu du, goian egindakoa. Eroso aritu da. Baina gero ez da hain eroso ibili.
- Ordurako irabazten ari zen, Velaren golarekin. Jokaldia ederra izan da, baliabide teknikoen erakustaldia, hormarena hirutan eginez, jarraian.
- Lehen erdiaren erdi horretan, hau ere nabarmentzekoa da: Sevillak eman dizkion erraztasunak Illarramendiri, jokoa antola zezan. Negredo eta Reyes erdiko bi atzelariengana joaten ziren presioa egin nahian, eta egundoko zuloa izan du Illarramendik lanerako. Berak, Pardok eta Xabi Prietok aukera izan dute Medel eta Kondogbiaren aurrean nagusitzeko, baina ez da askotan gertatu, 3×2 izan arren.
- Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren antzekoa izan da. Reala goian estutzen, eta Sevilla, txiki. Izan du Xabi Prietok aukera ederra bigarrena sartzeko, baina kale egin du. Eta handik berehala, Sevillak sartu du berdinketarena. Bravok huts irteera batean, eta jokaldiaren segidan, Medelek zartakoa sarera. Defentsako talde lana ona ez dela izan erakusteko muestra izan da.
- Ez ditu momentu onak pasatu Realak une batean. Ematen zuen galdu ere egingo zuela. Baloia behar eta ezin baloia eduki. Eta defentsan, oso atzean. Baloia behar zuen, baina Montanierrek bere taldea akabatzeko erabakia hartu du: Pardo kendu du, Zurutuza ateratzeko. Kendu behar zuena Xabi Prieto zen, defentsako lanean oraintxe ez, gero ere ez, eta hurrengoan bai ari zelako. Hor sartu behar zuen Zurutuzaren indarra, eta hor behar zuen taldeak pausa, baloiaren jabe zenean. Anoetak txistu jo dio aldaketaren arduradunari. Normala.
- Eman dio buelta Realak egoerari, baina ez zuen partida menderatuta. Kostatzen ari zitzaion Sevillari min ematea, eta orduan azaldu dira hegaletako bi atzelariak: Carlos Martinezek erabaki taktiko bikaina hartu du, aurrera puskatuz, Velak ederki eman dio pasea, eta nafarraren erdiraketa De la Bellak bultzatu du sarera. Getafaren kontra, alderantzizkoa gertatu zen, kataluniarrak eman baitzion pasea nafarrari, gola sartzeko.
- Orduan, Montanierrek beste erabaki oker bat hartu du, Velak aldaketa eskatu ez badio behintzat. Mexikarra kendu du, Chory ateratzeko. Velak badu gaitasuna baloia eramateko, horrek jokoa gera dezake, eta baloia gordetzeko ere ez da txarra. Griezmann kendu behar zuen.
- Sevilla jokalari bat gutxiagoz ere geratu da, baina hala ere, ezin menderatu partida. Izan du Agirretxek gola sartzeko aukera garbia, baina kale. Baloia gorde beharrean taldeak, arriskuak hartzen segitu du, eta horrek eman dio bizitza Sevillari. Izan dute kanpotarrek aukera ederra, alboko falta batean. Baina Bravok sekulako urruntzea egin du, taldekide batek bera atera botatako baloia zoragarri ateraz.
- Hiru puntu gozo Realak. Azkenean, eman du jauzia sailkapenean, eta oso gertu du Europa: bi puntura Europako Liga, eta hirura Txapeldunen Liga, beste talde gehienek partida bat gutxiago badute ere. Baina hurrengo baterako, txanponak ez ditzala hainbeste buelta eta hain luzeak eman. Lehenago hartu behar da lurretik, eta patrikan gorde.