Aldapak daude bidean

Egilea:

Data: 2013/02/17

REALA  1
LEVANTE  1

Realak ez du asmatu alde jarri zaion partida irabazten.

 

  • Bide gozoa izango zelakoan zegoen Realaren ingurua, Europarako bidea samurra izango zela, ia egina zegoela, baina gaur eguerdian konturatu da jendea aldapak ere badaudela bidean, eta egongo direla. Gaurkoa ohikoa bilakatu zaio Realari: Levanteri ez dio irabazi Lehen mailara itzuli zenetik. Gaurkoa ez da salbuespena izan. Beste aldapak datuekin du lotura: Montanierren Realak ezin ditu hiru partida jarraian irabazi. Gaur galdu du beste aukera bat.
  • Bere ereduari eutsi dio Realak, nola ez. Levante izan da ezustea eman duena. Defentsa eta kontraerasoa izaten dira bere ezaugarriak, hala identifikatu ohi da bere eredua, baina gaur erakutsi du baloia zelaiaren gainean erabiltzen ere abila dela. Jokalarien kanpotik barruranzko mugimendu ugariekin, zelaiaren erdian baloia erabili eta azkar bilatu ditu hegalak; lan horretan, aipagarria izan da hegaletak bi atzelariek askotan egin dutela goruntz.
  • Erritmo bizikoa izan da lehen zatia. Gora eta behera bi taldeak. Ikusteko polita. Realeko zaleak bidearen gozoan aldaparik ez dagoela gehiago sinesten hasi dira Velak penaltiz (ez da izan) gola sartu duenean. 18. minutua zen.
  • Realak aurrelari finkorik gabeko 11koa atera du. Vela ibili da leku horretan mugitzen. Halakoetan, zelaia zabaltzea komeni izaten da, hegalekoak hegaleko marran itsatsita aritzea da ona, aurkariaren erdiko atzelarien artean eta horien eta hegalekoen arteko distantziak handitzeko (aurrelariari leku gehiago uzteko, mugikortasuna baliatzeko). Baina Griezmann eta Chory Castro ez dira oso zabal aritu, eta Velak ez du lekurik izan min emateko. Gero, pixka bat zuzendu da egoera, eskuinaldeko erasoetan Carlos Martinez hasi baita gora jotzen. Baina aukeran, Velaren lana baliatzeko, hobea izango zen hegaletako aurrelariek zelaia gehiago zabaltzea.
  • Aldapa 29. minutua bistaratu da aurrenekoz. Levanteren eskuin hegaleko Lell alemaniarrak area zapaldu du, eta Choryk penalti argia egin dio. Aurrelariak area barruan arriskutsuak dira, baina baita norbere arean ere, penalti inozoak egiteko joera izaten baitute. Berdinketa, eta berriz hasi behar.
  • Bereari eutsi dio Realak. Eskuin hegala oinarri hartuta. Bi erdiraketa on alferrik galdu dituzte Velak eta Griezmannek. Burukada bana eman diote baloiari, bakarrik eta atetik gertu zirela, baina golik ez.
  • Bigarren zatian, hamargarren minutuan, ohikoa bihurtu den egoera: Realaren aurkaria jokalari bat gutxiagoz zortzigarren aldiz segidan. Karabelasek sarrera gogorra egin dio Velari, eta bigarren txartel horia atera dio epaileak. Poztu egin da jendea, neurketa erraztu egingo zelakoan, baina Levanteren defentsako dohainak ikusita, gehiago zaildu ez ote den partida…
  • Jaun eta jabe izan da Reala amaierara arta, nahiz eta Levanteko Michelek (jokalari ona) langara bota baloikada bat, Bravok hatz puntez ukitu eta gero. Montanier bizi ibili da aldaketa hau azkar eginez: Pardo atera du Markelen ordez. Baina jokalariek ez dute asmatu aurkaria zulatzen. Baloia makalegi erabili dute (zelaia lehorregia zegoen, bide batez esanda), zelaia ez dute behar bezala zabaldu (ez da lehen aldia), eta Griezmannek kultura taktikoa eskasa izan da gaur. Montanierrek barrura bota du, Xabi Prieto eta Chory kendu ostean, eta frantziarrak erakutsi du zer ez den egin behar egoera eta leku horietan: lerro artean ibili ordez, lerroaren parean ibili da, Levantekoei lana asko erraztuz. Ifran eskuin hegalean jartzea ere ez da erabaki ona izan, ezer gutxi ematen duelako aurrelariak leku horretan. Baldarrago ibili da Reala jokalari bat gehiago izan duenean.
  • Hiltzen joan da neurketa. Levantek ondo egin ditu defentsako lanak, baina Realak ere lagundu dio. Beste kontu bat, ulertzen zaila: aurrelari finkorik gabe aritu denean, erdiraketa ugari egin ditu Realak; aldiz, Agirretxe zelairatu eta gero, erdiraketak gutxitu egin dira.