Aldapa behera jokatzearen garaipena
ESPAINIAKO LIGA
Realak atzo Real Madrilen aurka lortu zuen garaipenaren analisia idatzi digu Aitor Manterolak.
- Gehien behar zuenean irabazi zuen Realak. Krasnodarreko porrotak sekulako mina eragin du klub osoan eta zaleengan, eta denek behar zuten garaipena. Europako txapeldunari irabazteak giroa lasaitu egingo du, baina ez du sendatuko Europako Ligan ez aritzearen kaltea.
- Ipuruan eta Krasnodarren galdu eta gero, taldeak emandako itxura txarraren azalpenetan mila arrazoi bota ziren. Horietako bat izan zen jokalariek ez zutela konfiantzarik. Atzo, hankaz gora joan zen baieztapen hori. Hobe esateko, jokalariek beraiek utzi zuten txiki argumentu hori. 0-2 galtzen hasi den taldeak nekez emango lioke buelta emaitzari atzo Realak eman zion bezala.
- Atzoko bigarren zatiak eta Krasnodarren aurka Anoetan jokatutako aurreneko ordu-erdiak gauza bat utzi dute ageri-agerian: Realak aldapa behera jokatu behar du. Aurrera begira, goian presionatuz, jokalariei askatasuna emanez neurri batean… horrela jokatzeko jokalariak dituelako taldeak. Aukera hori edo eredu hori sistemen gainetik dagoela iruditzen zait. Jokatzeko ereduaz ari naiz, eta hori da guztiaren oinarria; gero, horretara ondoen moldatzen den sistema aukeratzea etorriko litzateke.
- Denboraldi hasiera honetan, nabarmena izan da oso ohikoa ez den kontu bat: Realeko jokalari bat bera ere ez zegoen bere onena ematen. Oso kezkagarria zen hori. Atzo gauean, Anoetan, jokalari batzuek oso maila ona eman zuten, eta asko esan nahi du horrek, aurreko partidetako itxura kontuan izanda.
- Jokalari horien artean, lau aipatuko ditut: Zubikarai, Zaldua, Zurutuza eta Granero. Atezainak bi urruntze zoragarri egin zituen emaitza 0-2koa zenean. Eskerrak horri! Zalduak bete-beteko partida egin zuen. Zelaian gora zoragarri ibili zen, eta defentsako lanetan ere beste horrenbeste. Zurutuza esnatu egin zen, eta nola gainera; eta ez bakarrik bere atzoko bi golengatik. Granerok ere erakutsi zuen eman dezakeena zer den; eta bada zerbait hainbeste hilabete min hartuta egon eta gero; oso jokalari garrantzitsua eta beharrezkoa izango da taldearentzat.
- Lau gol sartzearen garrantzia. Gola sartzea eta jokalariei aurkariaren area zapaltzea ikaragarri kosta izan zitzaien Ipuruan eta Krasnodarren zelaian. Atzo ez. Area zapaldu eta golak sartzea, denak bat. Oso adierazgarriak area zapaldu behar horretan Zurutuzaren bi golak; erdilari bati horixe eskatu behar zaio, atzetik aurrera joanez erremateko aukera izatea.
- Vela eta Canalesek maila ona eman zioten aurrealdiari. Jagoba Arrasatek bete-betean asmatu zuen 2-2koarekin biak atera zituenean, Agirretxeren eta Choryren lekuan. Kalitate teknikoan, ez dago kolorerik bikote baten eta bestearen artean. Hemendik aurrera Velaren eta Canalasen aukera hobetsiko duen ikusi egin behar.
- Hamabost egunean ez dago Ligako partidarik. Denbora tarte ona gauzak lantzen joateko; besteak beste, geldikako jokaldiak defendatzen taldeak duen zuloa (atzo ere gola jaso zuen). Ona litzateke atzokoaren oinarrian etorkizun hurbila, jokoari dagokionez. Hori bai, kontuan izanik aurkari askok ez dutela ematen Real Madrilek ematen dituen erraztasunak jokoa sortzeko eta lantzeko. Atzokoa ikasgaia bada, asko balioko du. Eta utzi zituen ikasgai oso garrantzitsuak.