Nire aitaren etxea defendatuko dut
ATHLETIC (analisia)
Eñaut Barandiaranek egungo Athleticen estiloaz gogoeta egin digu: izan al daiteke erasokorra eta defentsiboa aldi berean?
Eta horretan aritu izan da Ernesto Valverderen taldea orain arte, zaletu guztion etxea den San Mames defendatzen. Gotorleku bikaina bilakatu da futbol zelai berria, eraitsitakoaren arima mantentzen duelakoan, eta bertan lortutako uzta oparoak etxetik kanpo emandako itxura kaskarra zuritzeko balio izan dio talde zurigorriari. Getafen lorturiko garaipena ere, emaitzaz haratago, horren erakusgarri.
Arimaz ari garela, euskal politikagintzan hain ezaguna den bi arimen kontzeptua egotzi diezaiokegu taldeari, bata etxean erakusten duena, erasokorra eta ausarta, ñabardurak ñabardura Bielsaren aroa gogorarazten diguna, eta bestea Bilbotik kanpo zelairatzen duena, ordena eta pragmatismoaren izenean zekena, beldurtia eta ikarakorra bilakatzen den taldearena. Valverderen edabe magikoak oreka omen dauka helburu, futbola bezalako ingurune beti aldakorrean hori posible balitz bezala: Nik oraino ez dut talde orekaturik ezagutu, erasoko edo defentsako lana probesten duten taldeak ezagutu ditut soilik, bigarrenak orekaren aitzakiaz jantzita askotan.
Emaitzen aldetik egoera ona bada ere, jokoari dagokionez linbo antzeko batean murgilduta daude zurigorriak, zein arima gailenduko. Entrenatzailearen nahia biak uztartzean datza, baina futbol taldeek, pertsonen antzera, ADN bakarra dute, eta bai Bielsarena zein Caparrosena agerikoa bazen, ikusteke dago Txingurriren bigarren aro honek hasierako Beñat-Herrera bikotearen zigilua izango duen, edo, aitzitik, azken aldian baliatu duen Mikel Rico- Iturrasperena. Bata zein bestea zilegi diren arren, ez da gauza bera, eta jokatzen duzun aurkariaren arabera astebururo mozorroz aldatzeak baditu bere arriskuak, azkenerako aurkariak zure taldea baino hobeto ezagutzearena, adibidez.