Ahaztezina

Egilea:

Data: 2014/07/01

MUNDUKO KOPA 2014 ALEMANIA  2  / ALJERIA  1

  • Luzapena behar izan du Alemania on batek Aljeria handi bat menderatzeko.
  • Frantzia izango du aurkari final 1/4etan.
  • Handia jokatu dute Alemaniak eta Aljeriak. Handia jokatzera behartu dira elkar. Dena ematera. Daukaten onena ateratzera. Zirrara eregin du final 1/8etako partidak, eta Munduko Kopen historian gordeta geratuko da. Hemendik urte askotara, beste Munduko Kopa batean, iraganeko kontuak hizpide hartuta, partida hau aipatuko da. Eta baliteke, azkenean, esaldi ha erabiltzea kontatzaileak: “11k 11ren aurka jokatzen dute, eta beti Alemaniak irabazten du”.
  • Gaur ere bai. Alemania garaile. Baina Aljeria ere bai, galtzaile izan arren. Oso gutxik uste zutena egin dio txapeldun handiari: hortzak erakutsi, lan zailak ipini. Hasi eta buka. Bere baliabideekin. Eta Alemaniak bere-berea duen bereizgarria atera behar izan du: mailua izatea, inoiz nekatzen ez dena, lan egiteari uzten ez diona, segi eta segi.
  • Luzapenean zehaztu da kanporaketa. 91. minutuan, luzapeneko aurreneko minutuan, Schrrlek sartu du gola, aurrenekoa. Gero, Ozilek, 120. minutuan, azkenekoan, 2-0ekoa sartu du. Baina Aljeriak ez du amore eman, eta 2-1ekoa sartu du Djabouk 121.ean. Kito, hor bukatu dira gaurkoak.
  • Golen kontakizunaz haratago, ordea, eman du zer kontatua partidak. Alemania baloiaren jabe, eta Aljeria bere zelaian zain, baina zain egon gabe, oso aktibo defentsako lanean, Kross eta Schwensteiger oso gainean lotuz, askotan buruz buruko zaintzarekin. Muller ere halaxe lotu nahi izan du Aljeriak, hegaletara joaten zenean. Alemaniak baloia bai, baina ilunpea ere bai; argitasunik ez Halilhodzic bosniarrak egindako sarean sartzeko.
  • Kontraeraso zitalak egin ditu Afrikako selekzioak, jokaldi errazen bidez: erdian ukitu, eta erditik hegaletara, ezkerrera batez ere. Hortik Slimani aurrelari arriskutsuarekin lotu nahi izan ditu aukerak, alemaniarren bizkarra aurkituz. Izua eragin du halakoetan Slimanik, eta eskerrak Neuer atezainak atzelari librearen lanak perfekzioz bete dituen. Sua itzaltzen ibili da atezaina.
  • Bi aldeetan izan dira aukerak, eta Neuer atepean ere ondo moldatu bada, zer esanik ez Mbohly, Aljeriako atezaina. Katua bezain bizia, ia ezinezkoa izan zaie alemaniarrei bera gainditzea. Bizi zihoan partida, ikusgarri, eta Aljeria zegoen Alemania baino erosoago. Baina alemaniarrek inoiz ez dute etsitzen, eta berean segitu dute. Eta parean, Afrikako Alemania bezala definitu daitekeen taldea: langileak eta burugogorrak hauek ere.
  • Bigarren zatian, gauza bat gertatu da, halabeharrez, txiripaz, Alemaniari mesede latza egin diona: Mustafi eskuin hegaleko atzelariak min hartu du, eta Khedira sartu du zelaira Lowk, Lahm hegalean jarriz. Khedira asko mugitzen hasi da, Aljeriako euskarrien lerroaren bizkarrera, eskuin aldetik, eta Schrrle, Lahm eta Khedira hirukoa (Muller ere bai batzuetan) zitala izan da Aljeriarentzat. Minutuak aurrera joan ahala, Alemania nagusitzen joan da, eta sortu ditu aukera garbiak. Baina ezin Mbohly gainditu.
  • Aljeriakoei nekea pilatzen joan zaie, eta lanak izan dituzte defentsako lan onari eusten. Baina borrokari eta grinari esker, lortu dute nola edo hala. Horrelaxe joan dira 90 minutuak, eta luzapenean, Alemaniaren nagusitasuna handiagoa izan da. Golarekin, eta gero ere bai. Atzean sartu beharrean, erasora jarraitu du, eta lehia erabakita uzteko aukera asko sortu ditu. Eta Aljeria erdi erorian, nekatuta, jota, baina zutik. Galdu arren, oso tente bukatu dute partida. Harro egoteko moduan dira. Beste horrenbeste Alemaniaz ere. Gabezia batzuekin (defentsako lan kolektiboan sufritu egin du, eta aukerak sartzen kamuts ibili da), beldurra ematen du. Atera kontuak.
  • Eta bukatzeko, partida ondorengo irudi bat: Aljeriako jokalariak (ordezkoak ere bai), Halilhodzic entrenatzailea besarkatzen, eskerrak emanez, taldeari halako indarra, jokoa eta fedea emateagatik ziurrenik. Liderra. Eta gizona negar malkotan. Futbolak ere bihotza baduelako. Bere berezkotasunean handia baita. Horregatik ere, ahaztezina izango da partida hau. Gordetzekoa.