Abstentzioa

Egilea:

Data: 2012/10/21

OSASUNA 0
BETIS    0
Partida txarra izan da, eta uzta, neurri berekoa: azkena da sailkapenean.

  • Bat ez dabilenean ez dabil. Alferrik egingo ditu egin beharreko guztiak. Ez dabil eta kito. Horixe da Osasuna oraintxe.
  • Gaur ere ezin irabazi. Irabazteko gutxi egitea da kezkagarriagoa, ordea. Asko kostatzen ari zaion taldearen itxura eman du, eta ez da seinale ona. Betisek ez pentsa handiagoren bat egin duenik, egitekotan etxekoak baino neurketa txikiagoa egin du eta. Baina hala ere, puntua etxera.
  • Joko zuzena nagusitu da Sadar zaharrean: baloia gora, zelaira erortzean zeinek hartuko, eta ahalik eta azkarren gainetik kendu berriz. Nahiz eta Osasunak oso une txikietan jokoa gehiago lantzeko asmoa izan duen. Saiatu denean, ordea, lan tekniko kaskarrak kondenatu du: pasea txarra, kontrola okerragoa… Horrela zaila da taxuzko ezer egitea.
  • Betis hobeto moldatu da arlo teknikoan, baina ez dio etekinik atera. Eman izan du Osasunaren jokatzeko erak baldintzatuta prestatu duela neurketa. Ez da ohiko Betis izan.
  • Golak sartzeko aukerak, eskas, gutxi. Lamah izan da min ematen ibili dena; batez ere, lehen zatiaren tarte batean, eskuin hegalean azaldu denean. Baina gero, etekinik ez bere lanari: edo erdiraketa txarra, edo arean Llorente bakarrik…
  • Taldeak ez du ondo barneratu zertara jokatu nahi duen. Edo izan daiteke egoera txarrak eta sailkapeneko estutasunak itxura hori emanaraztera behartzea, baina ez dabil ondo.
  • Puñalen markaren egunean (464 partida Osasunan), bere albokoaren inguruko gogoeta: Annanek aurrerago jokatu du gaur zenbait unetan, eta ez da bere lekua. Eroso ez da aritu, behintzat. Ghanako selekzioan bera izaten da jokoari hasiera ematen diona, eta eroso ibiltzen da. Jokoari distira jartzea, azkeneko pasea ematea ez da bere lana.
  • Gaur, atzealdeak lan hobea egin du aurrealdekoaren aldean. Aurrean nahi eta ezin bezala aritu dira. Atzean sendo. Beharko du sendo aritu aurrealdeko eraginkortasuna ez dagoenean, baina hobe du taldeak beste zerbait azaltzea erasoan. Bestela, komeriak.