Abiadura jaitsita
Athleticek galdu egin du Atleticoren zelaian (2-1), eta hirugarren aldiz segidan galdu du Ligan. Bielsak esan du bera dela gaur galtzearen erantzulea.
Gaur ere galdu egin du Athleticek. Hirugarren aldiz segidan Ligan. Bederatzi puntu jokoan eta alerik batu ez. Urruntzen ari zaio Txapeldunen Liga. Atleticoren zelaian gelditu da gaur punturik batu gabe (2-1).
Falcaok aurreratu du bi goleko aldearekin bere taldea (48. eta 70. minutuetan), eta Javi Martinezen golak ez du etekinik ekarri (91. minutuan).
Sailkapenean, bederatzigarren daude zuri-gorriak. 7 puntura du Txapeldunen Ligan sartzeko lehen aukera.
Bielsa: “Ni naiz gaurkoaren erantzulea”
Partidaren amaieran, Marcelo Bielsak zintzo hitz egin du, oso zintzo. Beregain hartu du galtzearen ardura. “Ni naiz erantzulea. Ondo egiten ari ginena puskatu egin dut gauzak aldatzen hasi naizenean”.
Gutxitan entzuten dira halakoak, eta horretan ere bakarretakoa da argentinarra.