Aberdeen edo Groningen izango da Realaren aurkaria Europako Ligako kanporaketa aurrekoan
EUROPAKO LIGA
- Datorren ostegunean jakingo da bietako zein duen aurkari, beraien arteko kanporaketa bukatzean.
- Joaneko partida uztailaren 31n da, Anoetan, eta itzulikoa, Aberdeenen edo Groningenen, abuztuaren 7an.
Realaren ibilia denboraldi honetako Europako Ligan hasi da. Zozkatu da kanporaketa aurrekoa, azken-aurrekoa, eta bi talde hauetako bat izango du aurkari: Aberdeen edo Groningen.
Joaneko partida Anoetan izango da, uztailaren 31n, eta itzulikoa, astebete geroago, Eskozian edo Herbehereetan.
Atzo hasi ziren jokatzen kanporaketa bi talde horiek, Aberdeenen, eta o-o egin zuten. Datorren ostegunean jakingo du Realak zein izango duen aurkaria, Herbehereetan jokatuko duten partidaren ondoren.
Aberdeen 1903an sortu zuten, eta palmares oparoa dauka: Eskoziako Liga lau aldiz irabazi du, eta Kopa zazpi bider. Nazioartean ere baditu bi garaipen handi: 1983an Errekopa irabazi zuen, eta urte berean, Superkopa. Sir Alex Ferguson izan zuen entrenatzaile 1978tik 1986ra, eta handik joan zen Manchester Unitedera.
Groningen 1971n sortua da, eta ezaguna da Koeman anaiak bertan egin zutelako debuta, 1980an. Luis Suarez ere han jokatua da. Europan talde horretan egin zuen debuta, 2006-2007 denboraldian. Hurrengo sasoian Ajaxek fitxatu zuen.
Realak kanporaketa hau eta beste bat gainditu beharko ditu Europako Ligako multzoen fasean aritzeko.