A multzoaren analisia
EUROKOPA 2012
Errusia, Txekiar Errepublika, Grezia eta Polonia ariko dira multzo honetan. Errusiarrak dira indartsuenak, baina zelaian erakutsi beharko dute. Beste hiruren artean, parekotasuna aurreikusten da, eta edonor sailka daiteke final-laurdenetara.
TXEKIAR ERREPUBLIKA
Ezin loria berreskuratu
Nork ez ditu gogoan Pavel Nedved, Jan Koller, Vladimir Smicer, Karel Poborsky, Patrik Berger, Petr Kouba edota Miroslav Kadlec? Ez ahazteko lanak egin zituzten 1996ko eta 2004ko Eurokopan. Duela hamasei urte, bigarren izan ziren txekiarrak, eta orain zortzi urte, finalerdietan jokatu zuten. Ordutik asko aldatu dira kontuak, eta ez da garai hartako taldea.
Ez dute lortu garai on hartakoa bezalako taldea osatzea. Horren adierazgarri da hau: Milan Baros oraindik taldean da. Horrek esan nahi du kostatzen ari zaiela ordezko onak aurkitzea. Tomas Rosicky ere taldean da, eta berak behar luke taldea gidatu, baina lesioek itota daukate, eta ez da sasoiko helduko lehiaketara. Helduko den ere zalantzak ditu batek baino gehiagok. Petr Cech atezainak lan ona egitea litzateke taldearen helduleku bakarra. Eta atezainari bakarrik begira egotea ez da seinalerik onena izaten.

ERRUSIA
Anarkia eta taldea
Bi hitz horiek uztartzea nekeza dirudi, baina Errusiako selekzioa definitzeko pare-parekoak dira. Anarkia beti izan da errusiarren ezaugarria; bakoitza bere aldetik. Talentua nahi beste eduki dute, eta orain ere badaukate, baina taldearen mesedetan baino norbere kolkorako erabiltzen dute. Andrei Arxavin da adibidea. Duela lau urteko txapelketan, bereak eta bi egin zituen, baina anarkia du oinarri.
Taldearena ere ondo datorkio selekzioari, azken bospasei urteetan, jokalari multzo bera ari delako jokatzen. Duela lau urte finalerdietan aritu zen ia talde bera da aurtengoa. Aldeko ezaugarria dute hori, baina lehendabizi, jokalariek barneratu egin behar dute taldea dela oinarri-oinarrizkoa. Hala ere, faboritoa da final-laurdenetan sartzeko. Nabarmentzekoa da federazioak Herbehereetako entrenatzaileen bideari eutsi izana urte hauetan; duela lau urte Guus Hiddinkek egin zuen lanari Dick Advocaat herkideak hartu zion lekukoa. Esan beharrik ez da zein joko eredu erabiliko duten.

POLONIA
Etxekoaren indarra
Ezaugarri hori nabarmentzea ez da aurrekari ona izaten. Etxekoa izateak bakarrik ematen badio indarra, esan nahi du ez dela punta-puntako taldea. Horra Polonia. Baditu jokalari solteak, interesgarriak: Robert Lewandoski aurrelaria, Wojciech Szczesny atezaina eta Kuba Blaszczykowskihegaleko erdilaria, esaterako. Baina beste gainontzean, partidak erabaki ditzaketen jokalariak apenas ditu. Hiru horien lanaren mende egongo da selekzioaren ibilia, eta batez ere, Lewandoskiren zeregina izango da funtsezkoa. Borussia Dortmunden ari da, eta sasoi honetan gol pila bat sartu ditu: 46 partidetan, 30.
Atentzioa ematen du datu honek: sei jokalari bakarrik ari dira etxeko ligan lehiatzen. Taldeko gainerakoak beste herrialdeetan barrena dabiltza. Poloniakoa baino lehiakorragoak izanik, ezaugarri hori onerako izango dute jokalariek. Baina ez du ematen nahikoa izango denik egundoko txapelketa egiteko. Hala ere, aukerak ditu Poloniak multzoen fase hau gainditzeko.

GREZIA
Metamorfosia
Grezierazko hitza. Objektu edo entitate baten aldaketa adierazten du. Selekzioa aldatu egin dela ere azaltzeko balio du. 2004an, ezuste latza eman zuen, Eurokopa irabaziz. Futbolaren historian izan den handienetakoa. Defentsako lanean oinarrituz eta erasoan gutxi azalduz lortu zuen balentria. Baina bukatu zen Otho Rehaghel alemaniarraren aroa. Beste bati ekin zitzaion 2010ean.
Etxe barrura begiratu zuen federazioak, eta Antonio Santosi eman zion gidaritza. Portugaldarra da, baina selekzioaren ardura hartu aurretik, zazpi denboralditan aritu zen Greziako taldeak zuzentzen. Aurreko ereduaren aldean, bestelakoa gustatzen zaio Santosi. Baloiaren jabetza edukitzea nahi izaten du, eta horretan ari da saiatzen. Baina jakina, hori lortzeko jokalari trebeak behar dira teknikoki. Eta Greziaren ezaugarri nagusia ez da hori.
Galderaren ikurra jarri behar zaio taldeari. Ezaguna da, baina ezezaguna aldi berean. Eredu berriarekin zer eman dezakeen ez dago argi. Horregatik dira zalantzak. Dudarik ez da, ordea, beste honetan: taldeko lana handia izango da. Benetako taldea da Grezia. Eta bat edo beste nabarmentzekotan, Georgios Samaras aurrelaria (Celtic Glasgow); Greziako ligan inoiz jokatu gabea, bide batez esanda.
