Egoera argitu edo ilunduko duen partida

Egilea:

Data: 2012/02/13

Realak Sevillari irabazten badio gaur gauean (21:00), Europara sailkatzeko azken bi postuetatik 4 puntura geratuko da, baina galtzen badu, jaitsieratik bakarrera

Oso partida garrantzitsua dauka gaur Realak. Sevillari egin beharko dio aurre Anoetan (21:00), eta etorkizunera begira, egoera onerako edo txarrerako bidean jar dezake gaurko emaitzak.

Irabazten badu, jauzia egingo luke sailkapenean, eta 11. posturaino igo. Europara sailkatzeko azken bi lekuetatik 4 puntura geratuko litzateke. Baina galtzaile bada, 17. postuan segituko du, jaisteko arrisku bizian, puntu bakarrera.

Sevilla berrikuntzekin dator, Michel entrenatzaile berriak debuta egingo duelako gaur. Aldaketa horiek onerako izan ohi dira lehen partidetan, eta Realeko jokalariek Sevillakoen pizgarri horren motibazioa berdindu edo gainditu beharko dute.

Realean, bada berrikuntzarik deialdian: Elustondo osatu da, eta prest dago.

Sevillari dagokionez, Spahic eta Medel ez dira etorri, atzoko entrenamenduan elkar jotzeagatik etxean utzi dituelako Michelek.

Montanierren adierazpen batzuk:

  • “Bi taldeentzat zaila izango da partida hau”.
  • “Sevillak oso jokalari onak dauzka, beren selekzioetan aritzen diren asko dauzka”.
  • “Bolada txarrak talde guztiok izaten ditugu, eta horri ez diot garrantzia handirik ematen”.

Michelen adierazpen batzuk: 

  • “Ez dut iraultzarik egingo. Ez litzateke justua izango”.
  • “Jokalariek konfiantza berreskuratu behar dute. Arazoa psikologikoa da”.
  • “Sistema batetik bestera ez dago hainbesteko alderik: garrantzitsuena da jokalariak elkar ondo ulertzea, eta lerro guztiak bat eginda egotea”.
  • “Entrenatzaileok talde berri batera joaten garenean, ematen du entrenatzaile egokienak gara talde horretarako, baina benetako protagonistak jokalariak dira”.
  • “Realean Aranburu dabil oso ondo, eta bi hegalak oso arriskutsuak dituzte. Agirretxe ere nabarmenduko dut, golak sartzeaz gain beste gauza asko egiten dituelako ondo”.

Ifran eta Escude, joan zen denboraldiko partidan, Sevillan. EFE