‘Kobrezko balak’, oroimena berpiztera
Zambiak eta Boli Kostak jokatuko dute gaur Afrika Kopako finala (20:30, Libreville). Zambiakoek gogoan izango dituzte 1993an hegazkin istripuan hil ziren selekzioko jokalariak
1993ko apirilaren 28a. Librevilleko aireportua (Gabon). Abioi bat suzko bola bihurtuta itsasora erori da. Zambiako selekzioko jokalariak dira. 30 lagun hil ziren, denak. Partida bat jokatzetik zihoazen etxera. Islas Mauricion 0-3 irabazi zuten, eta Gabongo hiriburuan erregaia hartzera geratu ziren. Libreville betirako geratu da Zambiako futbolaren historiaren orrialde beltzenean.
Gaur, hain justu, hor bertan jokatuko dute Afrika Kopako finala, orduko kobrezko balak betirako galdu ziren lekuan. Ez dago leku hoberik, orduko haien oroimena berpizteko.
Duela sei urte, Alemaniako Munduko Kopara sailkatzeko fasean, Zambia kanpoan geratu zen. Eta Berria egunkarian, orduko hartan pasarte hau idatzi zuen Naxari Altuna kazetariak:
Datorren urteko Alemaniako Munduko Koparako sailkatze faseak hainbat herrialde garrantzitsu kolokan jarri ditu. Beste hainbat futbolaren mapa aldakorrean finkatuta geratu dira. Ohiko distiratik ihesi, kanpoan geratu direnen artean bitxikeria politak daude. Zirraragarriena, agian, Zambiako Kalusha Bwalya kapitain eta hautatzailearena. 41 urte ditu, PSV Eindhoven taldean aritu zen aspaldi, Romariorekin batera, eta duela hamar urte bizitza zeharo aldatu zitzaion. Zambiako selekzioa hegazkin istripu batean hil zen. Kalusha ez zegoen bidaiarien artean PSVrekin jokatu behar zuelako. Zambiako sinboloak aurrera jarraitu zuen, gaur arte. Sailkatze faseko lehen itzulian, Liberiaren aurka etxean jokatutako partidan ez zen golik, Kalusha zelaira atera zen arte. Falta jaurtiketa, gola, eta Zambiako ikurrari ohore.
Futbolari baten izena aipatzen du: Kalusha Bwalya. Zambiako futbolari ezagunena izan zen, eta egun, Federazioko burua da. Egun hauetan, El Pais egunkarian, albiste hau idatzi dute, istripu hura gogoan.
Gaur finalean izango diren jokalariek eta Federazioak ere egin diete omenaldia istripuan hildakoei egun hauetan, istripua izan zen lekutik gertu dagoen hondartza batean. Bwalya ere bertan zen.
- Kalusha Bwalya buru dutela, Zambiako kideak omenaldiaren unean. AFP
Finala: Boli Kosta da faboritoa
Gertakari latz hura presente dela, finalari ekin beharko diote Zambiakoek. Boli Kosta izango dute aurrean, eta aldez aurretik, behintzat, Drogbaren selekzioa da faboritoa. Baina Zambiak ezuste dezente eman ditu txapelketan zehar, eta gaur ere eman dezake. 20:30ean hasiko da partida.