Bayern Munichek Shaqiri fitxatu du
Erdilari suitzarra datorren denboraldian hasiko da Alemaniako taldean jokatzen
Suitzan jokalari gazteen belaunaldi bat oparoa da, eta altxor horietako bat da Xherdan Shaqiri. Talde asko izan ditu bera fitxatu nahian, eta azkenean, Bayern Munichen jokatuko du. Basilea taldean ari da, eta bertan bukatuko du denboraldi hau. Datorrenaren hasieran hasiko da Bayernekin jokatzen, eta 2016ko ekainaren 30era arte sinatu dute lan hitzarmena. 20 urte dauzka suitzarrak.
Jupp Heynckes alemaniarren entrenatzaileak hauxe esan du fitxaketa berriaz: “Adimen handikoa da jokatzen, eta buruz buruko jokaldietan trebea. Aspaldian ari naiz bera aztertzen, eta ziur nago jokalari garrantzitsua izango dela Bayernentzat”.
Bideo honetan daukazue ikusgai Shaqiri, berak sartutako gol onenen bilduman:
Ondorengoa bitxia da, baina Bayern eta Basilea elkarren aurka ariko dira orain, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan.
http://www.youtube.com/watch?v=9ZlSfo0AF3s
Schweinsteigerrek min hartu du orkatilean
Denak ez dira albiste onak Bayernen. Txarretik ere bada. Izan ere, Bastian Schweinsteiger erdilariak min hartu zuen atzo, Alemaniako Kopako partidan, neurketako 17. minutuan. Eskuin orkatileko aurreko lotailua dauka minduta, eta klubak ez du jakinarazi zenbat denbora egongo den jokatu ezinda.
Denboraldiko bigarren lesioa du. Azaroaren 2an, lepauztaia hautsi zuen, Txapeldunen Ligan Napoliren aurka jokatzen ari zela. Bundesligako neguko atsedenaldia amaitzearekin batera hasi zen jokatzen.