Biba futbola!
Data: 2026/01/05
Futbola gustatzen zaigun bakoitzaren definizioa edo deskribapena idatzi beharko bazen egunen batean, pare-parekoa litzateke esaera zahar hau: zenbat buru, hainbat aburu. Mila modu daude jokatzeko, eta denak dira egokiak. Bistan da horrela dela, irabazle izanaren aldagaia kontuan hartzen bada, behintzat: modu guztietara jokatuta irabazten dira partidak, ligak eta txapelketak. Beste kontu bat da objektibotasunaren zelaitik ateratzea eta subjektibotasunari begiratzea. Horretan, jokatzeko modu batzuk politak izan daitezke batentzat, zatarrak beste batzuk, edota alderantziz. Bakoitzak bere gustuak, azken batean.
Realaren azken denboraldietako jokoa aztertzen hasten banai, objektiboki aztertuta, ez da dudarik irabazlea izan dela Imanolen aginduetara. Eraginkorra. Beste kontu bat da polita edo zatarra izan den. Zenbat buru, hainbat aburu. Jokatzeko modua xehatzen bada, bazuen ezaugarri bat gustatzen ez zitzaidana; eta bakarretako bat izango zen: trantsizioetan makala izatea, eta ez bertikala. Ziurrenik taldea ez hausteko jokatuko zuen horrela, eta hori baieztatu da denboraldi honen hasieran, Sergio Franciscoren aginduetara jokatutako partida aleetan. Erasoan biziago jokatu izan zuen Reala berri horrek, baita trantsizioetan ere, baina ordaina garestiegia izan zen: taldea puskatuta, eta pagotxa aurkarientzat, espazioak nahi beste nahi zutena egiteko. Eraginkortasunaren izenean, Imanolen hautua paregabea izan zen. Beste kontu bat da polita edo zatarra izan zen. Niri futbol bizia, azkarra, eta bertikala gustatzen zait.
Askotan alderatu izan nuen jokatzeko modu hori areto futbolarekin, errespetu osoz esanda. Jokalariak ere halakoxeak izan: baloia oinetara, eta ez espaziora puskatzen edo joaten diren moldekoak. Ia denak berdin-berdinak, gainera. Molde horretara jokatzea ia jokatu beharra ere bihurtua zioten aurkariek, atzean ixten zitzaizkiolako Imanolen Realari. Zain, noiz huts egingo, espazioak baliatuz kontraerasora jokatzeko. Horren aurrean eraginkortasunaren botika erosi zuen Imanolek bere futbolaren farmazian.
Sergio Franciscoren aro laburrean, ez zen argitu Realeko jokalarien ezaugarrien inguruan zebilen galdera: gai ote dira beste futbol klase batera jokatzeko? Alegia, galdera bera galdera erretoriko bihurtuta: gai ote dira azkarrago eta bertikalago jokatzeko?
Bistan da galdera horrek ere eragina eduki ahal izango zuela harrobiko entrenatzaile debutariaren kaleratzea erabakitzerakoan. Ageri-agerikoa zelako Reala bide okerretik zihoala areto futbolean bezala jokatuz. Beste zerbait behar zuen taldeak, eta beste zerbait hori entrenatzaile berriari gustatzen zaio. Eskola horren aldekoa da Pellegrino Matarazzoren gustuko futbola, eta propio joan dira eredu horren gustuko baten bila, ematen duenez. Partida bakarra ikusi ahal izan diogu bere Realari, eta galdera zaharrak badu erantzun berria: gai dira jokalariak espaziora eta bertikal jokatzeko. Eta taldea puskatu gabe, oraindik partida bakarra gutxitxo izan arren hain ondorio potoloak ateratzeko. Nola ez oroitu Mikel Etxarri maisuaz eta futbolaren haren definizioaz: “Joko bat da, zeinetan helburua den oreka lortzea mugimenduekin (baloiarekin eta baloirik gabe). Ea zer bide hartzen duen Matarazzoren Realak, ea bizi, azkar et bizkor mugitzen segitzen duen oreka galdu gabe.
Molde berri hau eraginkorra eta irabazlea den denborak esango du. Ni neu, behintzat, pozik nago, futbol klase hau gustatzen zaidalako erasoan. Zenbat buru, hainbat aburu. Beraz, oraingoz, behintzat, biba futbola! Ongi-etorri berriz ere.