Zortziko handia

Egilea:

Data: 2015/02/17

TXAPELDUNEN LIGA

Final 1/8ak gaur hasiko dira, eta zortzi kanporaketak aztertu dizkigu Naxari Altunak.

Udaberriarekin amets egiten dute lehiakideek. Udaberriko loraldiaren aurretik, ordea, negu gorriko kanporaketak gainditu behar dira. Otsailerako denek izan nahi dute bizkor, zorrotz, sasoiko. Baina, aspaldi elkarren berri ez izateak zalantzak sortzen ditu. Ingelesek Gabonetan zaku bete partida izan zuten. Betekada horiek ez dira goi-mailan behar bezala lehiatzeko gomendagarriak. Etenaldi luzea izan duten taldeak ere badira: Shakhtar Donetsk, esaterako. Bi hilabete daramate ukrainarrek txapelketa ofizialean lehiatu gabe. Adiskidantzazko neurketak jokatu dituzte han-hemenka, eta Donetsk bailaran gerra hotsak ez dira itzali. Lviven jokatuko dute, beste behin, meatzariek. Alemaniarrak, berriz, indarberritu egin dira neguko prestaketa labur eta bereziari esker. Bundesligara poliki itzuli ziren Bayern Munich eta enparauak. Aizkora zorroztuta iritsi da Pep Guardiolaren taldea Europako Kopara, Hamburgoren aurka egindako erakustaldia aintzat hartzen badugu. Dortmund ere gora begira jarri da, halako batean. Italiarrak, ostera, zaharkituta geratu dira, txuri-beltzean. Juventus da euren itxaropen bakarra. Espainiako Ligako ordezkariak ez dituzte begi aurrean ikusi nahi aurkariek, eta gero bi talde mota daude: isilean ari direnak, eta PSG bezalakoak, zalaparta ugari sortzen dutenak baina punta-puntakoa izateko mahai gainean kolpe bat eman behar dutenak. Negu gorriko azterketa abian da.

Shakhtar Donetsk – Bayern Munich.

Ukrainarrek etxetik urrun jokatzen jarraituko dute ekialdean bizi dituzten liskarren ondorioz. Poloniako mugatik gertu arituko dira Mircea Lucescuren mutilak, Lviven. Portoren aurka multzoko azken partidan indarrak neurtu zituenetik, Donetskeko taldeak prestaketa partidak jokatu ditu soilik. Brasilgo taldeen aurka aritu da bereziki, eta urtero gertatzen den bezala, joko aldetik ez dago jakiterik nola erantzungo duen. Brasildar guztiei eutsi die Lucescuk, bakarren batek alde egiteko eskaintzak izan dituen arren. Luiz Adriano golegileak taldean jarraitzen du, baita Douglas Costa zorrotzak ere.

Bayern Munichek zalantzak piztu zituen Bundesligaren bigarren zatia hasi zenean. Saudi Arabian izan ziren bavariarrak negurako prestatzen. Joan zen larunbatean, ordea, zalantzak uxatu zituen Hamburgoren aurka garaipen historikoa lortuta: 8-0 jipoitu zuten talde hanseatikoa Guardiolaren mutilek. Elkarren arteko lehia Bundesligako klasiko handia da eta emaitzak oihartzuna izan du mundu osoan. Arjen Robben une gozoan da. Taldeko jokalaririk erabakigarriena da, Franck Ribery pixkanaka bere onera datorren bitartean. Thomas Mullerrekin batera erasoko aiztoa da holandarra. Kanporaketa honetan Philip Lahm, Thiago Alcantara eta Javi Martinezen hutsuneak nabarmendu behar dira, aspaldiko lesioen ondorioz.

PSG – Chelsea

Paris Saint-Germainek joan zen denboraldiko amesgaizto bera izango du. Chelsearekin neurtuko ditu indarrak final-zortzirenetan. Londresko taldea iaz baino osoagoa da, zelai erdiko bikote paregabetik hasita. Matic eta Fabregasekin aberastu egin da urdinen jokoa. Alaiagoa, edukiz aberatsagoa, zentzudunagoa. Hazardek, Oscarrek eta Willianek jokoa lantzeko testuinguru aproposagoa dute orain. Diego Costa gogo biziz itzuliko da zigorra alde batera utzita, eta horiek guztiek taldekide berri bat izango dute zubiak eraikitzeko. Ez nolanahikoa: Cuadrado kolonbiarra.

Parisen zaharrak berri. Zlatanen erresuman, gorabeherak gorabehera, Ibrahimovicen taupadek irudikatzen dute taldearen norabidea. Laurent Blanc entrenatzaila kolokan jarri dute Frantzian PSGren ibilbide gorabeheratsua dela eta, baina Zlatan Ibrahimovicen asmakizunek dena estaltzen dute. Joko aldetik ez dabil fin Paris Saint-Germain. Lesioak ageri dira eta, kili-kolo izan arren, Thiago Mottak eta Matuidik jokatuko dute, baina larri iritsiko dira partidara. Nolanahi ere, Paris c’est Paris… À suivre.

FC Basel – Porto

Askorentzat kanporaketarik apalena izango da, baina bi klub horien bilakaera aintzat hartuta, irizpide onez hazi nahi duten erakundeentzat eredugarriak dira biak ala biak. Basel, Suitzako talde nagusia da. Erabat nabarmendu da azken boladan. Basilea ospetsua zen, garai batean, bere futbol zelaiak Europako finalak hartzen zituelako. Orain, berriz, Europako talde onenen artean ageri da urteetako lanaren poderioz. Paulo Sousaren mutilak jokatzen ikusita, Bundesligako taldea dirudite. Sendoa da; bizia zelai erditik aurrera, Xhaka, Gashi eta Freiren joko dinamikari esker. Matias Delgado argentinarrak egiten ditu zubi lanak. Betiere, Marco Streller golegile handia jomugan. Embolo aurrelari gaztea ere azpimarratzekoa da.

Portok urrats finkoak egin ditu orain arte Europako Kopan. Julen Lopetegik ez zuen lan samurra, hainbat jokalari berri uztartu behar izan zituelako hamaikakoan. Jokamoldea landu dute, eta zorrozten ari da, nahiz eta Portugalgo txapelketan arazoren bat izan duen azken boladan. Benfica eta Sportingekin lehia estua dute Lopetegiren mutilek. Brahimi itzuli da Afrika Kopatik eta hori albiste bikaina da taldearentzat. Portok baloia nahi du, aurkaria bere zelaian estutu. Hector Herrera mexikarrak bultzatzen du taldea aurrera eta Jackson Martinezek begiz jota dauka gola. Quaresma xelebrea ere zeresana ematen ari da.

Schalke 04 – Real Madril

Lehengo lepotik burua. Joan zen denboraldiko kanporaketa bera. Baina aldaketa sakon batekin. Orain, Roberto Di Matteo da alemaniarren entrenatzailea. Taldea gogor prestatu du defentsa arloan, baloiaren atzetik lana beltz eginda, madrildarrei bide guztiak ixteko. Chelseako entrenatzailea zelarik Bartzelonaren aurka eraikitako hesia berreskuratu nahiko du. Baina Schalke 04 taldean ez dauzka Londresen aurkitu zituen espezialistak, eta erasoan aritzeko jokalaririk distiratsuena, Julian Draxler gaztea, min hartuta dago. Schalke 04 lehian geratzen diren alemaniarren artean kaskarrena da. Chelseak, multzoko partidan, 0-5 azpiratu zuen Gelsenkirchenen.

Real Madrilek, ostera, azken hilabetean bizi duen malenkonia gainetik kendu nahiko du iaz 1-6 irabazi zuen zelaian. Cristiano Ronaldok eta enparauek espazioak asmatu beharko dituzte. Lehen gola sartzea izango da kontua. Gertatzen bada, alemaniarrek erantzunik gabe geratzeko arriskua dute.

Manchester City – Bartzelona

Txapelketa honetan errepikatuko den beste kanporaketa. Zozketa eguneko sentsazioak eta usteak aldatu egin dira talde bien bilakaera ikusita. Bartzelona ekaitzatik indartuta atera da. Messik zezenari adarretatik heldu dio eta lotura naturalak sortu dira erasoan. Erdilarien taldea izatetik, aurrelarienera igaro da. Hiru hortzetako taldea. Messi da jokaldien iturburua, eta amaiera ere bai, askotan. Neymarrekin ondo moldatzen da zelaian eta Luis Suarezek lekua aurkitu du bi horien ondoan. Nolanahi ere, Bartzelonak ez du bere funtsa galdu. Busquets, Xavi eta Iniesta dauden bitartean, bere nortasunari eutsiko dio talde blaugranak.

Manchester Cityk baloiari uko egin zion etxean Bartzelonaren aurkako kanporaketan. Harritzekoa izan zen, Manuel Pellegrini ezagututa. Yaya Toure, David Silva eta Aguero dira jokoaren ardatz nagusiak. Berritasun bat dute erasoan. Bony, Boli Kostako aurrelari bortitza fitxatu dute Swanseatik. Cityk talentu handiko jokalariak ditu, baina tarteka erori egiten da taldea, gero jokalari horiei helduta azken unean helburuak lortzeko. Hala irabazi zuen liga, Liverpoolen aurrean, eta hala sailkatu zen final-zortzirenetarako, Erroma azken hatsean azpiratuta. Bartzelona seguruago iritsi da kanporaketa honetara.

Arsenal – Monako

Baloiari helduta bizi diren bi talde dira. Lehia berezia izango da Arsene Wengerrentzat. Alsaziarrak Monako zuzendu zuen duela 25 urte. Oroimena astinduz gero, Glenn Hoddle, Klinsmann, Ramon Diaz, Scifo, Petit, Djorkaeff, Weah eta antzeko jokalariak ageri dira memorian. Monakok estilo erakargarria zuen. Frantzian liga eta Kopa irabazi zituen Wengerrekin; 1992an Errekopako finala galdu Werder Bremenen aurrean. Urte oparoak izan ziren. Horregatik, zirraragarria izango da Arsenaleko entrenatzailearentzat.

Ligan hobeto dabil Londresko taldea azken boladan, baina min hartutako jokalarien zerrenda beldurgarria da. Ohiko arazoa bilakatu da azken urteetan. Zelai erdiko ardatza hautsita dauka, Arteta eta Wilsheren lesioekin. Coquelin frantziarra eta Cazorla gailendu dira erdialdean. Arsenalen jokalari bat ari da guztien gainetik aurtengo denboraldian: Alexis Sanchez. Aspaldiko partez, neurriko aurkaria izango dute kanoizaleek final-zortzirenetan.

Monako isilean ari da. Fitxaketa distiratsuak egin zituen lehen mailara itzuli zenean, baina pixkanaka normaltasuna itzultzen ari da klub bitxi horretara. Falcaok alde egin zuen, eta Berbatovek hartu du kolonbiarraren lekukoa erasoan. Talde orekatua da. Gazteen ekarpena interesgarria da, batez ere Carrasco Ferreira hegaleko bizkorrarena. Kondogbia eta Toulalan euskarri sendoak eta argiak dira; Moutinho, iparrorratza. Joko aldetik kanporaketa interesgarria eta parekatua iragarri da.

Juventus – Borussia Dortmund

90eko hamarkadan klasiko bihurtu zen lehia. Dortmundek Italiatik berreskuratu zituen hainbat izar garai hartan, urrearen prezioan. Puntan aritzeko ezinbestekoa izan zen, baina gero larrutik ordaindu zuten ekonomikoki sortu zen zuloa. Roberto Baggioren azken garaia zen Juventusen, Del Pieroren aurreneko urratsak. UEFAko Kopan juventinoak nagusi izan ziren; Europako Kopan, berriz, borusserrak.

Dortmundek multzoen fase bikaina egin zuen. Bundesligako ibilbidearekin ez du zerikusirik. Hondoa jo zuten duela gutxi Jurgen Kloppen mutilek, zaleak oldartu zitzaizkien, eta bi garaipen jarraian lortuta arnasa hartu dute. Ez da normala Dortmunden gertatzen ari dena. Ulertzen zaila da klubaren indarra eta taldearen izaera ikusita. Aspaldiko lesioek eragina izan dezakete, baina BVB 09ren beheraldia ezin da horrekin bakarrik arrazoitu. Zuloan sartuta ibili dira, eta orain udaberrira begira Dortmungo erleek eztia ekoizten hasi nahi dute. Aurreneko ziztada Juventusi eman nahi diote. Marco Reus itzuli da, Gundogan ere bai… Alemaniarrek Juventusi kanporaketa bizia proposatuko diote. Zirt edo zart.

Juventus oso sendoa da. Pogbatik hasita. Bere inguruan, Pirlo ondo babestuta dago. Tevez da erasoko giltzarria, eta bere alboan Morata hazten ari da. Golei esker konfiantzaz beterik dago. Llorenteri lekua kendu dio azken boladan. Biak ala biak baliabide egokiak dira Tevezen inguruan aritzeko. Txinpartak izango dira kanporaketa honetan.

Bayer Leverkusen – Atletico

Itzela izan zen larunbateko partida Bay Arenan: Leverkusen 4 – Wolfsburg 5. Etxeko taldea lekutatik iritsi zen partida launa berdintzeko, eta luzapenean, azken jokaldian, garaitzeko gola erdietsi zuten kanpokoek. Son korearrak hiru gol egin zituen Bayer Leverkusentzat, eta berak eusten dio taldearen sugarrari. Zertxobait itzali da azken boladan Roger Schmidten taldea. Oso indartsu hasi zuen denboraldia, erasoko fronte bikainak bultzatuta: Bellarabi, Son, Calhanoglu, Kiessling… Leverkusen alaia da erasoan. Bizkarra ondo zaindu beharko dute alemaniarrek koltxoneroen aurrean. Griezmannek gidatuta, zirrikituak bilatuko dituzte zurigorriek. Erdialdean sutsu, ohiturari jarraiki. Talde bortitzagoa da Atletico. Intentsitate maila horretan jokatu nahiko du Leverkusenek. Lortzen badu, erasoan baliabide zitalak ditu min egiteko. Baina Simeoneren taldeak bere benetako neurria emanez gero, aurrera aterako dira madrildarrak.