Azken uneko golekin erabaki ziren bi partidak

Egilea:

Data: 2014/09/14

ESPAINIAKO LIGA

  • Athleticek 2-0 galdu zuen Bartzelonaren zelaian, azkeneko 10 minutuetan jaso zituen bi golen eraginez.
  • Realak partida amaitzear zela berdindu zuen Celtaren zelaian (2-2), 2-0 galtzen joan eta gero.

Realak eta Athleticek atzo jokatu zituzten Ligako hirugarren jardunaldiko partidak, Vigon eta Bartzelonan, hurrenez hurren. Eta bi partidak azken unean erabaki ziren. Athleticen kasuan txarrerako, eta Realarenean, onerako.

Athleticek 2-0 galdu zuen, Neymarrek sartu zizkion bi golen eraginez. 78. eta 83. minutuetan izan ziren bi golak. Hala ere, aurretik etorri baziren ez zen inor harrituko, aukera asko izan zituelako Bartzelonak golak sartzeko. Iraizozek egindako lan bikainak galarazi zuen Athleticek gol zaparrada jasotzea.

Hiru punturekin dago Athletic.

Realak ere arrisku handia izan zuen nabarmen galtzeko Vigon. Ondo hasi bazen ere, Celtaren lehen golak (Orellanak, 28. minutuan) erabat aldrebestu zuen taldea; edo zehatzago esateko, Celtaren presio altuak eta baloia zoragarri erabiltzeko trebeziak jan egin zuen Reala.

Bigarren zatiaren hasieran, are gehiago korapilatu zitzaizkion taldeak Realari, 48. minutuan Larriveyk bigarrena sartu zuelako. Azkeneko zatian heldu zen taldearen piztualdia, eta Agirretxek egin zuen 2-1ekoa 69. minutuan; 89.ean berdindu zuen, Celtako Jonnyk bere atean sartu zuen golarekin.

Realak lau puntu dauzka orain.