Munduko Kopako 11 kontu
MUNDUKO KOPA 2014
Txapelketari buruzko gogoeta egin digu Naxari Altunak, 11 puntu aipatuz.
- Alemanian pazientzia izan dute. Ez da erraza, futbolean herrialde boteretsua dela kontuan hartzen badugu. 24 urte itxaron behar izan dute laugarren izarra eskuratzeko, baina horrek ez die buruhausterik sortu. Irabazten ez badute, normalean oso gertu izaten direlako. 1954ean eskuratu zuten aurreneko izarra, Berna euritsuan; 1974ean bigarrena, Munichen; 1990ean hirugarrena, Erroman. Azken lau ekitaldietan, bi aldiz finalean izan dira, eta birritan finalerdietan eman dute amore. Porrota akuilua izan da betiere, hurrengoan indartsuago itzultzeko.
2006ko Mundiala eurek antolatu zuten. Bide berri bati ekin zioten bi urte lehenago, eta Alemaniak beti garaile estatusa itsatsita duen arren, etxean lortutako hirugarren tokia ez zen etsigarria izan. Aitzitik, ilusioa piztu zuen, estilo aldetik mutazio batean murgilduta zeudela jakinda, eta fruituak zortzi urte geroago jaso dituzte. Bidea argi izan dute, baloia bidelagun, espiritu germaniarrari eutsita. Harrobiaren inguruko egitasmo berria abian jarri zuten duela hamar urte: hortik sortu zen 2009an 21 urtez azpiko Europako txapeldun izan zen taldearen oinarria, eta, gero, Brasilen gailurra zapaldu duena. Stuttgarteko eskola ezinbestekoa izan zen horretarako: Jürgen Klinsmann eta Joachim Löw buru direla.
- Taldearen garrantzia. Baloia da protagonista. Taldea bera. Askotariko jokalariak. Hamaika futbolari, Manuel Neuer atezainatik hasita: atezainaren eboluzioa, futbolari bat gehiago izateraino. Jokoa eta jokoaren irakurketa zehatza. Philipp Lahm, hegaleko atzelaria edo joko sortzailea, erdialdean. Urteko jokalaririk azpimarragarriena, beharbada, emankorra eta argia. Talentuz aberatsa. Eta Toni Kroos, fina, joko gidaria; eta Sami Khedira, taldearen deiadarra; eta Thomas Müller, Alemaniaren ikurra; eta Miroslav Klose: gola. Marco Reus falta zen taldea biribiltzeko. Hala ere, Munduko txapeldun!
- Brasil – Argentina, erdiak erdi ustel. Herioa eta gabezia. Jokoari baino gehiago espirituari eutsi diote Hego Ameriketako bi handiek: ereserkiari eta elastikoaren mistikari. Baina jokoaren gorabeherak estaltzeko oihu ozena zen hori Brasilen kasuan; eta argentinarrek bidean aurkitu dute heldulekua: baloiak Alemania elkartzen duen moduan, errezoek Brasilen grina elikatzen duten bezala, Mascherano mariskalak eman dio Argentinari indarra. Oreka, kemena, sufritzeko gaitasuna. Bere espirituak indartu du taldearen autoestimua, eta haren jakituriari esker lortu zuen Argentinak aurkariari gola egiteko mehatxua inoiz baino biziagoa izatea. Messiren gainetik. Eta hori albiste potoloa da. Erdilari handiak aspaldi desagertu ziren Argentinatik, jokatzen duten horiek, eta futbola bi areatan bizi dela pentsatu izan dute. Autokritika falta. Epaileari egotzi diote, baina, finala irabazi ez izana.
- Amerika Kopara begira. Datorren udan Txilen jokatuko da txapelketa, eta Mundialean ikusitakoak-ikusita, etorkizuna lantzen hasteko abiapuntu polita izango dute Brasilek eta Argentinak. Azpietitura aldetik batez ere. Joko ideia argi bat ardatz hartuta. Horretarako, noski, futbolari egokiak behar dira, eta horretarako erein behar da. Txile eta Kolonbia izango dira erreferentzia berriak datorren udako txapelketan. Marcelo Bielsak zabaldutako bidean sakondu du Jorge Sampaolik, talde oldarkor eta zorrotza osatuz. Gauzak argi. Kolonbiak joko erakargarriagoa egin du, bizia, freskoa, Cuadrado eta James Rodriguezen eskutik. Argentinako gazte mailako selekzioak hainbat urtetan zuzendu zuen Jose Nestor Pekermanen gidaritzapean. Formakuntzan maisua. Radamel Falcaorekin indartsuagoak izango dira.
- Europako elitearen hondoratzea. Espainia, Ingalaterra, Italia eta Portugal ez dira kanporaketetara iritsi. Espainiarrek ahituta ziruditen, behar bezala lehiatzeko bizitasunik gabe. Beste txapeldunei gertatu zitzaien lehenago ere: Frantziari 2002an, Italiari 2010ean. Ez da berria. Espainiak lehengo lepotik izango du burua, talentu handiko gazteek bultzatuta. Thiago Alcantara eta enparauen garaia dator. Italiak talde polita zuen Mundialean gehiago egiteko. Baina Ingalaterraren aurkako partida handiaren ondoren itzali egin zen eta Pirlo gabe geratu ginen. Ingalaterrak Liverpoolen grina eta espirituari heldu zion, beti lez kanpoan geratzeko. Jokalari ingelesen kopurua geroz eta urriagoa da Premier Leaguen. Aztertzeko modukoa. Eta Portugal, Cristianoren malenkoniarekin batera erori zen lurrera.
- Costa Ricaren ezustekoa. Ticoek hiru Munduko txapeldun atzean utzi zituzten: Uruguai, Italia eta Ingalaterra. Futbolak bere hautatzailearen lana goraipatu du. Jorge Luis Pinto kolonbiarra Italiako selekzioaren lana aztertzen aritu da azken txapelketetan, eta taktikoki erakustaldia eman du Brasilen. Talde-antolaketa paregabea erakutsi dute Karibekoek, eta diziplina horretara moldatzeko oso garrantzitsua izan da futbolarien eskarmentua: Europan ari dira hainbat, Eskandinavia aldean bereziki. Keylor Navas atezain handia gidari hartuta, garai batean Luis Gabelo Conejorekin bezala, beldurrik gabe aurrera egin du Costa Ricak, finalerdiak hatzamarrekin ukitzeraino. Hori bai, ohiturei muzin egin gabe: egunero, otorduoro, frijoleak eta arroza. Concacafeko selekzio nagusiak bikain aritu dira: Costa Rica, Mexiko eta Estatu Batuak.
- Afrikaren kontraesana. Oraingoan, ezin final-zortzirenak gainditu. Baliabiderik onenak dituzten afrikarrek kale egiten dute kudeaketa eta antolaketa mailan. Kamerunek, Nigeriak eta Ghanak liskarrak izan dituzte: jaso beharreko diruarekin desadostasunak eta irizpide arloko borrokak. Aljeria izan da afrikarren artean dotoreena. Serioa, ausarta eta eragingarria. Ez da harritzekoa aulkira begiratuz gero. Vahid Halilhodzicekin broma gutxi. Coach Vahidek talde lehiakorra osatu du. Magrebtarren aspaldiko onena.
- Europako etorkizuna. Belgikaren inguruan aurreikuspen handiak zeuden. Asko hitz egin zen deabru gorriei buruz txapelketa hasi aurretik. Final-laurdenetaraino iritsi dira Marc Wilmotsen mutilak, baina behin betiko urratsa egiterako unean, hoztasuna erakutsi dute. Bide laburra egina du Belgikak eta belaunaldi honek zerasana emateko zaildu beharra dauka. Lehengaia badu. Frantziak aurrerapausoa egin du bi urte barru antolatuko duen Eurokopara begira. Taldearen zutabeak aurkitu ditu Didier Deschampsek, Karim Benzema nabarmendu da jokoan, eta baliabide berriak aurkituko ditu ibilian. Oinarriak orain eskarmentua behar du. Bi uda barru talde osatua izango du lapurtarrak. Herbehereak bezala. Sneijder, Robben eta Van Persieren inguruan asko hazi dira Eredivisieko gazteak. Louis Van Gaal aztia da.
- Golegile petoaren irudia aldatzen ari da. Bederatziaren birmoldaketa bizi du futbolak. Txapeldunak bakarra eraman du Brasilera: Klose. Eta, azkenean, erasoko erdilari bat izan da txapelketako golegile nagusia: James Rodriguez (6 gol). Erdiko atzelariak finkatu eta erasoko erdilariei arnasa emateko baliabide bihurtze bidean da puntako aurrelaria. Iristea da kontua. Etengabeko mugimenduekin aurkaria ustekabean harrapatzea. Bederatzia ezkutatu dela diote hainbatek, sasi artean biziko balitz bezala, baina hori ez da berria: Hungaria eta Holanda ospetsuei erreparatzea baino ez dago. Atezainatik hasita, unean-uneko arazoak konpontzeko baliabideak eskatuko dizkio jokoak futbolariari. Betiere mugimenduan. Betiere hurrengo jokaldia aurreikusten, erabakirik egokiena hartzeko.
- Jokatzeko era baino gehiago, deigarria izan da hainbat talde hiru erdiko atzelarirekin jokatzen ikustea. Segurtasuna. Aurkarien barruko jokoa lotzea bilatu dute Txilek, Costa Ricak, Herbehereak, Mexikok, hegalak luzatuz. Sendotasun paregabea erakutsi dute selekzio horiek.
- Atezainen Mundiala. Garai batean, atezaina 1a ez zen beste zenbakiarekin ikustea xelebrekeria zen. Jokoaren bilakaerak zenbakien betiko balioa kolokan jarri du. Atezaina 1a baino gehiago da. Munduko Kopan ondo ikusi dugu hori, eta Neuer da horren arduradun nagusia. Atezainen entrenatzaile figura ezinbestekoa izan da lan berezi horretan sakontzeko. Irakasle onak dituzte aingeru guardakoek.