Berandu, baina garaiz

Egilea:

Data: 2014/07/06

MUNDUKO KOPA 2014

HERBEHEREAK 0 / COSTA RICA 0
(penaltietan, 4-3)

  • Luzapena eta penaltiak baino lehen izan du aukera Van Gaalen taldeak lehia erabakitzeko, eta azkenean penaltietan lortu du saria, ondo merezita.
  • Herbehereek Argentina izango dute aurkari finalerdietan.
  • Herbehereak finalerdietan da, duela lau urteko txapelketan bezala. Baina bada alderik ordutik: talde honek baliabide asko dauzka, eta 2010ekoak bakarra. Eta guztiaren gainetik, genio bat dauka aulkian: Louis Van Gaal. Jokatzeko baliabide asko edukitzea bere eraginez da, eta partida baten baitan jokatzeko erak aldatzea ere bere ardura  da. Jokalariak egiteko gai badira, landua daukatelako da lehendik. Horra entrenatzailea. Van Gaalen berri bagenuen, eta gaur beste mugarri bat jarri du: ordezko atezaina atera du zelaira, luzapena amaitzear zela. Krul hobea izango da Cillesen baino penaltietan, eta apustua egin du entrenatzaileak. Bi penalti urrundu ditu atezainak, eta beste hirurak nora botako zituzten ere asmatu. Argentina daukate zain Herbehereek finalerdietan. Eta arma zorrotz eta eraginkorra aulkian: Van Gaal. Eta zelaian ere bai: Robben.
  • B planen partida izan da. Atezainarena hor dago. Jokatzeko estrategiena orain dator. Bi taldeek eraldatu dute jokoa. Herbehereek kontraerasoa izan dute oinarrian orain arte, gutxi asko, beste baliabideren bat ere erabili badute ere. Gaur, jokoaren ekimena partida osoan eramatea egokitu zaio, eta ondo egokitu da taldea horretara. Van Gaalek bazekien zerbait, eta Sneijder atzerago jarri du, jokoa sortzeko ardura gehiago emanez. Depay ere hasieratik jarri du, beste partidetan zitala izan den hegaleko azkarra eta ona.
  • Costa Ricak ere B planari heldu dio. Erasoan eta jokoa sortzen ondo aritu arren taldea, Pinto entrenatzaileak defentsako lanera mugatu du gaurko estrategia. Eta kontraerasora, jakina. Ez zaio ondo atera. Talde askori gertatzen zaien bezala, hain atzean defendatzen denean, onena atezaina izan da. Keylor Navas. Direnak eta ez direnak geratu dizkie Robben, Van Persie eta gainerakoei. Beragatik ez balitz, Krol atezaina zein den ere ez genuen jakingo. Luzapenera ere ez zen helduko partida. Zutoinek eta langak ere lagundu egin diote Costa Ricari gaur.
  • Jokoa ikusita bakarrik argi zegoen batek irabaztekotan Herbehereek irabaziko zutela. Baina minutuak aurrera eta golik ezin sartu. Eta halakoetan askotan gertatzen den bezala, gutxi behar izan du Costa Ricak garaipena eramateko. Luzapeneko bigarren zatian izan da. Van Gaalek hiru erdiko atzelarietako bat kendu eta birekin geratu da. Zulo gehiago atzean, eta horiek baliatu ditu Ureñak Cillesenen aurrera heltzeko. Baina atezainak urrundu dio jaurtiketa.
  • Penaltiak, eta hor Herbehereek denak barrura. Eta deigarria hau ere bai, atezainaren aldaketarekin batera: lehen hiru jaurtiketak jokalari onenek egin dituzte (Van Persie, Robben eta Sneijder). Hemendik aurrera zer? Bada, Argentina parez pare. Estu joango da. Asteazkenean argituko da misterioa (22:00). Ea Van Gaalen estrategia apartak zer ematen dion alde bere taldeari. Zerbait ona bai, hori ziurra da. Zelaian berdindua egon daiteke partida, baina aulkietan, kolore bakarra du lehiak. Van Gaalena.