Honela edo horrela, beti Alemania

Egilea:

Data: 2014/07/04

MUNDUKO KOPA 2014

FRANTZIA  0 / ALEMANIA  1

Alemaniak gainditu egin du Frantzia eta finalerdietan da, geldikako jokaldi batean Hummelsek sartutako golari esker.

  • Zale bat baino gehiago gogoratuko zen gaur arratsaldean Gary Linekerrek esandakoaz behin: “Futbolean, 11 x 11 jokatzen da, eta beti Alemaniak irabazten du”. Ez du azalpenik behar aurrelari ohi ingelesaren esanak. Eta beharko balu, gaurko Alemania-Frantzia partidaren berri emanda nahikoa litzateke. Alemaniak irabazi du. Finalerdietan da. Ez du ondo-ondo jokatu. Geldikako jokaldi bat, partidaren hasieran. Hortik aurrera, ezer gutxi gertatu da.
  • Alemania baloiaren jabetza luzeekin hasi da. Horretan oinarritu du lehen zatiko jokoa. Frantziarrek hain beharrezkoa duten erritmo bizia makaltzeko estrategia ona. Frantziak berak ere ez du askorik egin hain berea duen erritmo azkarra inposatzeko. Izan ere, atzean sartuta egon baita, kontraeraso azkarretan min egin nahian Alemaniari. Germaniarrek oso aurreratuta izan dute atze-atzeko lerroa, eta baloi luzeekin hautsi nahi izan dute frantziarrek alemaniarren defentsako estrategia. Etekinik eta aukerarik, ordea, apenas.
  • 13. minutuan hautsi da partida. Orduan inork ez zekien arren, betirako hautsi ere. Hummels erdiko atzelariak maisutasuna eta azerikeria erakutsi dizkio Varane gazteari buruz buruko lehian, eta jarrera behartuan jo badio ere baloiari, Llorisengandik urrun jarri du. 1-0.
  • Kostatu egin zaio Frantziari gola barneratzea. Une batzuetan ez du ezer egin. Alemaniak beharrik ere ez. Bakoitzak bereari eutsi dio lehen zatia amaitu bitartean, eta ez da golik egon. Aukerak ere tamainan. Bat aipatzekotan, Valbuenaren jaurtiketa, Neuerrek urrundua.
  • Bigarren zatian, Frantziak aldatu egin du defentsako estrategia. Edo aldatuz joan da minutuak aurrera joan ahala: goian presioa egiten hasi da. Erasoan baloia galdu edota jokaldia bukatzen ez bazuen, goian estutu du Alemania. Horrek ondorioa izan du alemaniarren erasoan: leku gehiago izan du aurkariaren zelaian, eta kontraerasoan aritzeko pagotxa azaldu zaio.
  • Une batzuetan erritmoak gora egin du, eta hori Frantziaren mesede, baina ez du baliatu. Deschampsen aldaketek ere erasoko jokalariak ipini dituzte zelaian: Remy eta Giroud. Jokalariak pilatu ditu alemaniarren arearen inguruan, eta jokoa landu gabe, baloi luzeak tartekatu ditu. Luzapenean izan du aukera Benzemak, baina Neuerrek patxada handiz urrundu du baloia. Alemaniak ere ez duenez baliatu kontraeraso bat bera ere, Hummelsen golak erabaki du final-laurden hau. Ondorioak hauek: zenbakitan, hirugarrenez utzi du Alemaniak Frantzia kalean kanporaketan, 1982an, 1986an eta gaur. Beste ondorioa hauxe: Alemania beti Alemania da, honela edo horrela jokatuta.