Ticoak, handiak
MUNDUKO KOPA 2014
Costa Ricari buruzko erreportajea idatzi digu Naxari Altunak. Iragana eta oraina.
Costa Rican gauza bat txikia dela esateko –tico eransten diote erabili nahi duten hitzari. Egun batean, goitizen hori jarri zioten euren buruari: Tico. Costa Ricako selekzioari “Los ticos” esaten diote.
Mundialerako gida-libururen batean norbaitek oporretarako leku gogoangarri gisa-edo salduko zuen, agian. Horrelako komentarioak ere izaten dira. Karibekoak izaki, CONCACAFen Mexiko eta AEBen azpitik normalean, Costa Ricako jokalariak ez dira gehiegi nabarmendu nazioartean. Ez, behintzat, Europan. Baina, badaude. Eta onak, gainera. Izan ziren, eta badira.
Bost milioi biztanle baino gutxiago dituen herrialdea Karibeko selekziorik indartsuena da. Jamaika eta Trinidad eta Tobago azaldu izan dira Munduko Kopan azken boladan, baina ez dute Costa Ricaren oihartzunik lortu.
1990eko Mundialean ezustekoa eman zuten ticoek. Atezain handi batek izan zuen horren ardura nagusia. Cartagines taldean jokatzen zuen orduan Luis Gabelo Conejok. Costa Ricaren hesi bilakatu zen Italiako Munduko Kopan, eta bereziki Eskozia, Brasil eta Suediaren amesgaizto bilakatu. Mo Johnstonek hamaika buruhauste izan zituen aurrez-aurre aurkitu zuenean. Mundialeko estrainekoan Eskozia 1-0 hartu zuen mendean talde amerikarrak. Aurrelari ile-horiak Conejoren bibotea mutur aurrean ikusi zuen behin eta berriro, dotore, zimurrik gabe. Berdin Careca brasildarrak hurrengo partidan, eta Brolin suediarrak, multzoko azken norgehiagokan. Costa Ricak bi gol jaso zituen hiru partidetan, bi neurketa irabazi eta final-zortzirenetan Txekoslovakiaren aurka aritu zen. Thomas Skuhravy golegile erraldoia zorioneko izan zen. Conejo min hartuta zegoen eta ez zuen kanporaketako partida jokatu. Costa Ricak 4-1 galdu zuen, baina hiru partida nahikoa izan ziren Luis Gabelo Conejo txapelketako atezain onena izendatzeko.
Mundiala amaituta, Albacetek fitxatu zuen Costa Ricako atezaina. Benito Flororen aginduetara egin zituen urteetan Carlos Belmonteko mito bilakatu zen, eta Conejo berari esker, hein handi batean, Keylor Navas herrikidea Manchako taldera iritsi zen, eta gero hortik Levantera. Navasen atzean Conejoren lana dago, Luis Gabelo Conejoren ibilbide oparoa; aitzindariaren garrantzia. Hura gabe ezin ondorena ulertu.
Keylor Navas 2. Mailan aritu zen Albaceterekin, taldeak maila galdu zuen arte. Orduan Levantera joan zen, utzita. Baina han Munua uruguaitarrarekin egin zuen topo. Lehia bizia izan zuten granoten atepean. Uruguai eta Costa Rica, Costa Rica eta Uruguai, bidegurutze bitxia.
2009ko urrian Hegoafrikako Mundialerako partida erabakigarria zuten Costa Ricak eta AEBek. Bryan Ruizek sartutako golei esker, 2-1 ari zen irabazten Karibeko taldea. Garaipen horrekin Munduko Kopan izango ziren ticoak. Baina 88. minutuan Borsteinek berdintzeko gola erdietsi zuen. Gol horrek kanporaketa bat jokatzera behartu zuen Costa Rica. Uruguai izango zen aurkaria. Etxean 0-1 galdu zuen; Montevideon, berriz, 1-1 amaitu zen partida. Futbolaren parabola: charruak atzeko atetik iritsi ziren Mundialera, eta Hegoafrikan ustekabekoa eman zuten, finalerdietara iritsita. Han, Costa Ricako kazetari bat nostalgiaz aritu zitzaigun bere selekzioaren inguruan. Ordurako, Bryan Ruiz (“La Comadreja”) Europan ari zen, eta haren inguruko laudorioetan murgildu zen: “handia izango da”.
Ruud Gullitek begiz jo zuen Bryan Ruiz Feyenoorden entrenatzaile zela. Ez zuen gehiegi iraun karguan holandarrak eta Ruiz Belgikako txapelketara joan zen, Gantera. Han ospea lortu zuen gol piloa sartuta. Twentek fitxatu zuen. Eta Enschedeko taldearekin handia egin zuen 2009/10 denboraldian, Eredivisie irabazita. Twente Holandako txapeldun izan zen, aurrenekoz. Ajaxen aurretik sailkatu ziren, eta Bryan Ruizek uruguaitar batekin lehia estua izan zuen txapelketako golegile nagusia izateko. Uruguaitar bat, beste behin. Luis Suarez. Ajaxeko aurrelaria garai hartan.
Oraingo honetan, Brasilgo Mundialera zuzenean sailkatu ziren ticoak. Eta aurreneko aurkaria Uruguai zen, nola ez. Costa Rica galtzen hasi zen, baina markagailua irauli zuen Joel Campbell gaztearen gidaritzapean. Maila ezberdinetako hiru Mundialetan golegile izan da Arsenaleko jokalaria: 17 eta 20 urtez azpikoetan eta Munduko txapelketa nagusian. Gazela baten modukoa da. Bizkorra, dotorea, zorrotza. Nigeriako 17 urtez azpikoen Mundialean Arsenaleko teknikoek begiz jo zuten eta Europako hiru taldetan utzita aritu da, Arsene Wengerren aginduetara izan aurretik: Lorient, Betis eta Olympiakosen, hurrenez-hurren. Datorren denboraldian gunnersekin jokatzeko aukera emango dio alsaziarrak.
Keylor Navas, Bryan Ruiz, Joel Campbell eta Bryan Oviedo (Evertoneko atzelaria min hartuta dago, Mundialetik kanpo) erakusleiho dotoreetan ari dira. Europan bidea egin nahi duten herrikideen ispilu. Costa Ricako futbolariek Eskandinavian aurkitu dute lurrik emankorrena. Novergian, Danimarkan eta Suedian. Duela hamar urte zabaldu zuten hango atea eta estimatuak dira Europa iparraldeko txapelketetan. Cristian Gamboa atzelaria, esaterako, Rosenborgen ari da, Kopenhagen bi urte jokatu gabe eman eta gero. Michael Barrantes erdilaria, berriz, Norvegiako kostaldean, Aalesund herri gogoangarrian. Karibeko berotasunetik oso urrun. Marco Ureña aurrelaria urrutiago joan da, Errusiara, Kuban Krasnodar taldera. Etxetik urrun gogortu dira, lanaren poderioz herrikide gehiago erakarri dituzte, eta kontzeptu berriak barneratuta aberastu dira, testuinguru ezberdinetan. Orain selekzioa ari da fruituak jasotzen.
Costa Ricako txapelketa oso apala da. Hamabi taldek osatzen dute. Deportivo Saprissa eta Alajuelense dira aurreneko biak. Herrialdeko klub nagusiak, Heredianorekin batera. Istorio bitxi baten iturburu. Alajuelenseren zelaiak Alejandro Morera Soto du izena. Taldeko aurrelari handia izan zen. 1933an Bartzelonak fitxatu zuen eta 41 gol egin zituen denboraldi batean blaugranekin. Bartzelonara Ricardo Saprissa lagunari esker iritsi zen, hark Espanyolen jokatzen zuelarik. Ricardo Saprissa aberrira itzuli zenean, futbol talde bat sortu eta izena eman zion: Deportivo Saprissa. Bi horiek izan ziren atzerriratu ziren aurreneko ticoak. Haien oinordekoek handia egin zuten Brasilen Uruguai azpiratuta.