Javier Aguirre: “Final-laurdenetara sailkatzea izaten da beti gure asmoa”
MUNDUKO KOPA 2014
Jokalari bezala 1986an aritu zen Munduko Kopan, eta entrenatzaile lanetan bitan: 2002an eta 2010ean; bietan Mexiko zuzentzen. Brasil jotzen du faboritotzat. (BERRIA-rako egindako elkarrizketaren pasarte batzuk).
Ze itxura hartzen diozu Mexikori?
Asko kosta zitzaion sailkatzea, aurreneko aldiz jokatu behar izan zuelako kanporaketa zuzena; Zeelanda Berria izan zuen kontrario. Lau entrenatzaile izan ditu oso denbora gutxian, eta hori ez da ona. Baina hor gaude, eta lehiaketa oraintxe hasiko da.
Hainbeste entrenatzaile izateak denbora gutxian ez dizu konfiantzarik ematen?
Ona ez da, hori garbi dago. Baina edozer gerta daiteke. Onena da lau urtez entrenatzaile bera edukitzea, eta bera arduradun dela jokatzea Amerikako Kopa eta Urrezko Kopa. Lau urte egoteak aukera ematen du jokalari guztiak ondo ikusteko, eta gero ondo aukeratzeko. Baina bost hilabete bakarrik darama Miguel Herrerak, eta zaila da horrela.
Zein da Mexikoren jokatzeko eredua?
Bost atzelarirekin jokatzen du beti, eta irabaztera doa, ausart; ez du kontraerasoa ereduaren zutabe nagusia; baloia erabiltzea eta erasotzea gustatzen zaio Herrera entrenatzaileari. Bosniaren aurkako lagunartekoan, duela gutxi, lau atzelari jarri zituen, eta harritu ninduen. Zazpi partida darama selekzioan, eta beti bostekin jokatu izan du. Aspalditik ezagutzen dut, eta bere taldeetan ere beti jokatu izan du bost atzelarirekin. Ez dut uste aldatuko duenik.
Presioa handia izaten al da selekzioaren inguruan Mexikon?
Bai, bai, handia. Futbola erlijioa da Mexikon, kirol nagusia, eta lau urtez behin oso ondo prestatzen saiatzen gara Munduko Koparako.
Zer eskatzen zaio selekzioari?
Guk ‘bosgarren partida’ esaten diogun horretara heltzea; hau da, final-laurdenetara. Zortzi onenen artean sailkatzea izaten da asmoa. Azkeneko bost Munduko Kopetan, Mexiko hamargarren eta hamabosgarren postuaren artean sailkatu izan da. Bitan bakarrik izan gara final-laurdenetan, eta bietan Mexikon jokatu zen txapelketa: 1970ean eta 1986an.
‘Bosgarren partida’ horretara heltzeko, laugarrena gainditu behar, eta aurkaria hauetako bat izan dezakezue: Txile, Herbehereak eta Espainia. Zaila, ezta?
Pixka bat zaila, bai.
Jokalari on batzuk faltako zaizkio selekzioari. Azkeneko hutsuneak Montes eta Medina izan dira.
Chapito Montes eta Negrito Medina erori dira bai. Javier Aquino eta Ponce sartu dira, eta uste dut ondo ordezkatuko dituztela beste biak. Gertatzen dira horrelakoak, eta entrenatzailearen lana izaten da arazoei konponbideak jartzea.
Carlos Velaren kasuaz zer diozu?
Berezia da Carlosen kasua. Berak bakarrik daki zergatik ez den joaten selekziora. Sei hilabeteko zigorra jarri zion Federazioak, zelaietatik kanpo izandako afera bategatik. Gero, hiru partida jokatzeko eraman zuten, ez zuen titular jokatu, eta harrezkero ez da gehiago joan, deitu izan duten arren. Oso jokalari ona litzateke selekzioarentzat, baina errespetatu egin behar da bere erabakia.
Txapelketa bakoitzak ez du zerikusirik bestearekin, baina zergatik ez du gainditzen Mexikok ‘bosgarren partida’ horren muga?
Egoera bereziak izan ditugu. Duela lau urte, ni entrenatzaile nintzela, final-zortzirenetan, Argentinaren lehen gola jokoz kanpo garbian izan zen, eta epaileak zelaiko pantailan ikusi bazuen ere jokaldia, ez zuen baliorik gabe utzi. Handik bost minutura sartu zuen bigarren gola Argentinak. Beraiek baino hobeto ari ginen, baina 3-1 galdu genuen. 2006an, Maxi Rodriguezek luzapenaren bukaeran sartu zigun gola, eta etxera joan ginen final-zortzirenetan. 2002an, ni aulkian nintzela, ‘gringoen’ aurka galdu genuen final-zortzirenetan. Injustizia handia izan zen, oso atzean sartuta egon ziren, eta gol bat sartzen asmatu zuten. Egun hartan, epaileak ere egin zigun berea. Ez zait gustatzen epaileen aitzakia jartzea, baina nabarmena izan zen epaile portugaldarraren hutsegitea. Mexikok ezin izan du ‘bosgarren partida’ hori gainditu. Horixe izango da gure muga. Hala ere, azkeneko bost txapelketak kontuan hartzen badira, hiru selekziok bakarrik gainditu dute beti lehen fasea, eta hiru horiek dira Brasil, Alemania eta Mexiko. Bada zerbait.
Zu selekzioaren entrenatzaile izan zaren bi aldi horietan horrela kaleratuak izateak utzi dizu halako min handi bat?
Bai, bai. Gogoan daukat 2010ean, Argentinaren aurkako partidaren atsedenaldian zer esan nien jokalariei: “Berdin jokatzen jarraitu ezazue. Oso ondo ari zarete”. Argentina baino hobeto ari ginen lehen zatian, eta hala ere, bi gol horiek jaso eta 2-0 galtzen joan ginen aldageletara. Amerikarren aurka ere antzeko. Hobeak izan ginen. Pentsa, beraien entrenatzaileak hauxe esan zidan partidaren amaieran: “Sentitzen dut Javier, baina oso atzean defendatu beste aukerarik ez dut eduki, penalti jaurtiketak zirelako gure aukera bakarra sailkatzeko”. Baina gol bat sartu ziguten penaltietara heldu baino lehen, eta gu etxera. 11. izan ginen gu, eta horixe da emaitzarik onena Mexikon jokatu ez diren txapelketen artean.
Mexiko jokalariak handik kanpo jokatzera ateratzea ez da ohikoa, nahiz eta azkenaldian gero eta gehiago ari diren kanpoan. Horrek lehiakortasuna kentzen die gero beste herrialdeen aurka aritzen direnean selekzioarekin?
Baietz uste dut. Oraintxe egon naiz begira, eta datu hau oso argigarria da: Munduko Kopa honetan ariko diren taldeen artean, Europan ari diren jokalari gutxien Iranek eta Mexikok dauzkate. Iranek sei ditu Europan jokatzen, eta guk zazpi. Argentinako eta Brasilgo jokalari ia denak ari dira Europan jokatzen. Aldea da, bai. Hala ere, Mexikoko Ligan maila ona dago, ondo ordaintzen diete jokalariei, eta selekzioa bertan dute. Ez da hain erakargarria beraientzat Europara ateratzea.
Entrenatzailearentzat zein da lanik zailena Munduko Kopan?
Aurreneko partida. Ia beti, geroko bidea zehazten dizu. Non zauden esaten dizu. Lau punturekin ia beti sailkatu egiten zara bigarren fasera, eta aurreneko partidan hiru ateratzea asko da. Tentsio handia izaten da aurreneko partidan, lau urtez egoten zara prestatzen, eta fisiko aldetik ondo prestatuta egoten dira jokalariak. Taktikoa da hortik aurrerako dena.
Munduko Kopan aritzea da jokalari eta entrenatzaile batentzat gauzarik handiena?
Dudarik gabe, bai. Zure herrialdearen izenean aritzen zara, horixe duzu lanbidea, egiten dakizuna da… Handiena da bai. 32 selekzio onenak ez dira joaten Munduko Kopara, sailkatze fasea arraro samarra izaten delako, baina behin sailkatuta, txapelketa handiena da.
Brasil da faborito nagusia?
Bai, bai. Eta gero, Argentina, Espainia eta Alemania. Betikoak, azken batean. Italia, Ingalaterra, Uruguai, Txile, Kolonbia, Mexiko… gerra ematen dute, baina faborito nagusiak lau horiek dira. Ez naiz ari ezer berezia asmatzen.