Bernd Krauss: “Ez daukat itxaropen handirik Alemaniarekin, baina…”
MUNDUKO KOPA 2014
Kezkatuta dago bere herrialdeko selekzioarekin. Nekatuta ikusten ditu jokalariak, eta ez dio itxura onik hartzen. Talde ona duela dio, hala ere, eta ez du etsi. Fedea pizteko hau du buruan: «Alemaniak, ondo ala gaizki egon, txapelketa onak egiten ditu beti». (BERRIA egunkarirako egindako elkarrizketa)
Euskal Herrian dabil Bernd Krauss (Dortmund, Alemania, 1957), Donibane Lohizunen. Etxea du bertan, eta egonaldia egiten ari da. Irrikaz dago aulkietara itzultzeko Realeko entrenatzaile ohia; 2012tik dago lanik gabe, Tunisiako Etoile du Sahel-en egon eta gero. Munduko Kopa hasteko hamar egun falta direla izan dugu solasaldia, eta ez dio itxura onik hartzen Alemaniari, bere herrialdeko selekzioari. Ezta Europako beste taldeei ere: «Nekatuta helduko dira». Hego Amerikako taldeak ikusten ditu koska bat gorago. Batek irabazi ala besteak, berak lasai ederrean ikusiko du Munduko Kopa hau. Bere selekzioak onik egiten ez badu ere, ez du ezustean harrapatuko eta. Praktikoa da Bernd Krauss.
Zer mailatan helduko da Alemania Munduko Kopara?
Ba ez nago oso lasai. Jokalari batzuk ez daude onenean, eta min hartutako jokalari batzuk ere badauzka. Ez daude sasoiko oraingoz. Zaila da denboraldia amaitu eta gero, hainbat partida jokatu eta gero, sasoian egotea. Ez daukat itxaropen handirik, egia esanda.
Ez da faborito handienetakoa orduan?
Oraingoz ezetz esango nuke. Baina gero betikoa da: Alemaniak maila handia ematen du txapelketetan, ondo jokatzen du.
Sasoiz kanpo egoteaz gain, beste zerbaitek ere kendu dizu itxaropena?
Bai. Ez du partida onik jokatu azkenaldian. Dena falta zaio oraingoz: sasoia eta jokoa. Zaila da jokalariak nekatuta badaude entrenamendu onak egitea, adibidez.
Oso ezkor zaude…
Orain bai, baina txapelketa hasterako topera egongo dira, ziur [barrezka]. Askotan gertatu izan da gauza bera. Ikusi egin beharko da zer gertatzen den orain.
Europako taldeentzat oztopoa izango al da Hego Amerikan jokatzea?
Baietz uste dut. Klima eta tenperatura arrotzak egingo zaizkie, adibidez.
Alemaniaren multzoaz zer iritzi duzu?
Kontuz ibili! Portugal Cristiano Ronaldo da, ez dauka beste ezer. Ghana Afrikakoa izanik ohituta dago tenperatura altuetara jokatzen. AEB da ahulena, eta normalean ez digu irabazten.
Brasil da faborito nagusia zure ustez?
Hego Amerikako talderen batek irabaziko du: Brasilek edo Argentinak. Eta Txilerekin argi! Alemaniaren aurka Alemanian jokatu zuen lagunartekoa duela gutxi, eta oso ondo jokatu zuen. Golik ez zuelako sartu; bestela, txikitu egingo zuen Alemania.
Txile nagusi izan zen jokoan egun horretan, baina emaitza Alemaniaren aldekoa izan zen.
Beti bezala, beti bezala! [barrezka]
Ze taldek eman dezake ezustea?
Txile izan daiteke. Oraingoz, besterik ez daukat buruan. Ematekotan ezustea norbaitek Txilek emango du.
1990etik ez du Munduko Koparik irabazi Alemaniak. Presioa handia da garaipena lortzeko?
Bai, baina beti izan da horrela. Denek nahi dute titulua irabazi, eta Low entrenatzaileak ere presio handia dauka. Jendeak esaten dio ez duela inoiz ezer irabazi, baina bere errua bakarrik ez da izango.
Lowek aukeratu dituen 23 jokalarien zerrendan ezusterik badago zuretzat?
Bai. Erik Durm atzelaria, Borussia Dotmundekoa. Ona da, baina oso gaztea da. Kalitate handia dauka partida guztiak jokatzeko. Beste ezustea da aurrelari bakarra dugula zerrendan: Klose. Eta hilabete batzuetan min hartuta egon da, gutxi jokatu du. Beste aurrelaria Goetze da, baina ez da golegilea.
Muller bada golegilea, ordea.
Bai, baina hegaletan jokatzen du. Oso ona da. Baina aurrelari handi bat beharrezkoa da. Irabazi egin behar da, eta partida bat bukatzeko gutxi falta denean ondo etortzen da aurrelari handi bat goian. Hori falta zaiola iruditzen zait. Mario Gomez min hartuta dago.
Gustatzen zaizu Low-k ezarri duen jokatzeko eredua?
Bai, bai. Azken urteetan oso ondo ari da jokatzen selekzioa, erritmo bizian. Garai batean kontrakoa esaten zen, borroka eta borroka besterik ez zuela egiten Alemaniak.
Zure taldeek ere ondo jokatzen zuten.
Gustatzen zait horrela jokatzea.
Lerroka aztertuko dugu Alemania. Atezainak zer moduzkoak?
Arazoak dauzkagu, Neuer min hartuta dagoelako. Eta Alemaniak beti izan ditu atezain eta aurrelari onak.
Atzelariei buruz zer diozu?
Erdizkakoak dira [barrezka]. Batzuk makalak dira, geldoak.
Lahm defentsan edo zelai-erdian?
Defentsan, eta agian, ezkerreko aldetik. Edozein tokitan jokatzen du, oso ona da.
Zelai-erdia zer moduzkoa?
Ondo dago. Onak dira.
Khedirak jokatu egin behar du ala ez?
Txapeldunden Ligako finala bakarrik jokatu du, eta erritmoa falta zaio oraingoz. Oso ona da.
Ze jokalari da garrantzitsuena Alemanian?
Normalean, Alemanian taldea izaten da garrantzitsuena.
Selekzioaren ezaugarri onenak zein dira?
Taldea dela. Elkarrentzako egiten dute lana. Ez da Portugal bezalakoa. Suedian irabazi zuen kanporaketako itzuliko partidan Cristiano Ronaldok egin zuen dena. Alemanian taldea da garrantzitsuena. Ez daukagu izarrik.