Gutxirekin asko; askorekin gutxi

Egilea:

Data: 2014/01/05

REALA  2
ATHLETIC  0

  • Realak erasoko joa eta ondo defendatzea nahikoa izan ditu jokoaren ekimena eraman bai, baina azken metroetan oso kamuts ibili den Athletic menderatzeko.
  • Puntu bakarrera jarri zaio Reala Athletici, laugarren postua lotzeko borrokan.
  • Golak sartzea eta golak ez jasotzea da talde guztien helburua. Horra futbolaren funtsa. Gero, bakoitzak nahi duen bidea aukeratzen du bi helburuok lortzeko. Gaur, Anoetan, Realak asmatu du bi asmoak gauzatzen, eta Athleticek bietan egin du kale. Emaitzak ederki asko islatzen du hori: 2-0 Reala nagusi.
  • Emaitzaz haratago, hainbat ñabardura izan da partidan. Nabarmenena hau: Athletic erosoago egon da zelaian, gauza asko ondo egin ditu, eta Lezaman landutakoa ondo gauzatu dute jokalariek; baina azken metroetan oso kamuts ibili dira jokalariak, distirarik gabe, argitasunik gabeko ilunpean, imaginazio gutxirekin, eta hor joan zaizkio aukera guztiak.
  • Beste ñabardura bat: Realaren defentsako lana, zelai-erdikoena eta atzeko laukoarena. Eta bigarren zatiko une askotan, talde osoarena. Bere zelaian sartuta egon da taldea, eta hala ere, ez du estutasunik igaro. Atzekoen lana nabarmentzekoa: beti leku egokian, ondo jarrita, taldekideari laguntzak emateko gertu. Lana dago lan on horren oinarrian, Zubietako lana.
  • Azkeneko ñabardura: Realaren joa. Ezaguna. Ezaugarri indartsua. Gaur ere azaldu da. Lehen zatiak erakutsi du gero bukaeran gertatua. Realak gutxi behar zuen Iraizoz estutasunetan jartzeko, eta Athleticek askorekin apenas izutu du Bravo. Reala Athleticen arean azaldu izan den bakoitzean, beste aldean ikusi ez diren argitasuna eta distira azaldu dira. Griezmannek eta Pardok gauzatu dute gaur Realaren joa: lehen zatiaren amaieran eta partidaren bukaeran.
  • Ertz taktiko batzuk: De Marcos hasieratik aritu da Iraolaren kaltetan, eskuin hegalean atzealdean. Griezmann atzera begira jartzeko asmoz, batez ere. Lortu du Valverdek asmoa. Baina Jagoba Arrasate ere azkar ibili da Vela eta Griezmann hegalez aldatzean. Velak ere atzera begira jarri baitu De Marcos askotan. Ander Herreraren mugimenduak ia beti izan dira Markelen alboetara, euskarri bakarra izaten baita askotan Realekoa. Txuri-urdinen botika ere egokia izan da Athleticen presio altua gainditzeko: Bravok ia beti luze jotzea. Beste honetan ez dira fin ibili Arrasaterenak: baloia hegal batetik bestera eramaten erasoan, Athleticek baloia egon den hegala itxiz beste hegala libre utzi duelako.
  • Erritmoa ere ekarri egin behar hona. Bizia izan da neurketa. Pausa gutxi izan du. Ikusteko polita, teknika aldetik huts batzuk izatea eragin arren azkartasunak. Buruz buruko lehia izan da, garbia… Ematen du hala izango dela ere laugarren postua lortzeko lehia bien artean. Gaur erakutsi baitute onetik asko dutela biek, eta ez da harritzekoa Athletic laugarren eta Reala bosgarren egotea, puntu bateko alde txikiaz orain. Onak dira bi taldeak. Gozatzeko unea da autobidearen bi aldeetan.