Deabruen espiritu garailea

Egilea:

Data: 2013/10/22

TXAPELDUNEN LIGA (MANCHESTER UNITED-REALA)

Manchester Uniteden historiak badu gertakari triste bat: 1958ko hegazkin istripua. Handik abiatu eta gaur arteko bidearen errepasoa egin digu Naxari Altunak.

Manchester Unitedetik era guztietako jokalariak, entrenatzaileak eta agintariak igaro dira. Aro distiratsuagoak eta gorabeheratsuagoak izan ditu. Epikaz eraikita. Pasarterik nostalgikoenean aspaldiko heroiak azaltzen dira: 1958an Munichen hegazkin istripua izan zuen taldeko kideak. Matt Busby entrenatzailea eta Bobby Charlton aurrelari aparta onik atera ziren. Ez, ordea, Duncan Edwards talentudun gaztea, besteak beste; futbolean arrasto sakona uzteko dohainak zituen mutila. Talde hura suntsituta geratu zen, baina Busby eskoziarrak berpiztu egin zuen. Ezbeharra gertatu eta hamar urtera Europako Kopa irabazi zuen Unitedek. Charlton futbolari heldua zen ordurako. Eta izar berri bat jaio zen: George Best. Zale askoren iritzian, inoiz ikusi duten futbolaririk onena. Benetako deabrua.

1968ko Manchester United, Europako Koparekin.

Best bezalako jokalariak izan dituen sasoietan handia izan da Manchester United. 1970eko hamarkadan hondoa jo zuen klubak, Bigarren mailara jaitsita. Bai, deabru gorriek Bigarren mailan jokatu zuten!

1970 eta 1980ko hamarkadak txarrak izan ziren. Urte horietan Liverpool zen Ingalaterrako erregea. Londresko taldeek, Aston Villak edo Nottingham Forestek, esaterako, Unitedek baino zeresan handiagoa izan zuten garai haietan. Tituluak nekez iristen ziren urteetan taldeari eutsi ziotenak ere hilezkorrak dira: Bryan Robson kapitaina, guztien buru.

1986ko udazkenean, klubak gerora arrastoa utzi duen erabakia hartu zuen. Alex Ferguson entrenatzailea fitxatu zuten. Beste eskoziar bat, Busby bezala. 1967az geroztik liga irabazi gabe zeuden. Kosta egin zitzaion Fergusoni neurria hartzea. Zalantzak sortu zituen, beste deabru bat agertu zen arte: Eric Cantona, Midas erregea. Leeds Unitedetik eraman zuen 1992an, denboraldi horretan liga irabazi eta gero. Leedsen hilabete batzuk besterik ez zituen egin Marseillako jokalariak, baina ezinbestekoa izan zen txapelketa irabazteko. Iraultzailea. Cantonaren espirituak Manchester United eraldatu zuen zelaian, eta bere altzoan gazte bikainak trebatzen hasi ziren: Neville anaiak, Nicky Butt, Paul Scholes, David Beckham, Ryan Giggs

27 urte geroago Manchester Unitedek liga irabazi zuen. Premier League ospetsuaren aurreneko ekitaldia zen. Ferguson iritsi eta handik sei urtera hautsi zuen Unitedek aspaldiko lehortea. Orduan beste mito bat jaio zen. Marka guztiak hautsi dituen mutil batek ibilbide oparoa hasi zuen. Galestar hegalaria, hastapenean; galestar jakintsua, egun. Ryan Giggsek, 40 urte betetzear dela, indarrean jarraitzen du; Premier Leagueko ekitaldi guztiak jokatu ditu. Jokatu, eta guztietan, aurtengoan izan ezik, gola sartu ere bai. Manchester Uniteden arorik distiratsuenaren ikur nagusia da.

Fergusonen eskutik 13 liga eskuratu ditu klubak; Txapeldunen Liga birritan. Eskoziarraren 27 urteetan, aurreko mende erdian baino gehiago irabazi du talde mankuniarrak. Eta esanguratsuena, sasoi ilunetan erakundeak erakutsitako lasaitasuna: United, behin, azkena izan zen bere Txapeldunen Ligako multzoan, Vila-Real, Benfica eta Lilleren atzetik… eta ez zen ezer gertatu. Egonkortasuna irizpide argiak aintzat hartuta lortu du, eta irabazitako guztia printzipio horiek sendotzen lagungarria izan da, noski.

Klubaren garairik gorabeheratsuena jabe berriak iritsi zirenean izan zen. Glazer familia estatubatuarraren aurkako mobilizazioak izan ziren Manchesterren. Egun, oraindik, bufanda hori eta berdeak ikus daitezke Old Trafforden, klubaren erroei eusteko zaleek protesta gisa erabili zuten ikurra. Jarraitzaileek dute azken hitza, mende luzeko historia loriatsuaren izenean.

Amaitu zen Alex Fergusonen aroa. Ingalaterrako liga irabazita agur esan zion Glasgowko aztiak aulkiari, 71 urterekin. Bere eskutik klub arrakastatsua bilakatu da Manchester United; berezko estiloa landu du, eta, batez ere, espiritu garailea eman dio taldeari. Garai bakoitzak bere deabrua izan duela genioen arestian, eta azken boladako deabrua Wayne Rooney da. Fergusonek alde egin zuenean, goxoki pozoitsua utzi zion David Moyes herrikideari. Rooney ez zebilen gustura, lekuz kanpo ari zelako jokatzen.

Joan zen denboraldian Robin Van Persie Arsenaletik eraman zutenean, Rooneyk atzera egin behar izan zuen. Erasoko erdilari eta euskarri antzera ere jokatzen ikusi genuen hainbat partidetan. Manchester Unitedeko armarria, zaleen jokalari kuttuna, ez zebilen eroso. Goletik urrundu zuten. Distira guztia Van Persierentzat zen, eta holandarraren alboan Welbeck jokatzen hasi zen. Uda ez da samurra izan Old Trafforden. Rooneyk hanka egin nahi zuen. Jose Mourinhok eskua luzatu zuen, jokalaria Chelseara eraman eta aurkari zuzena nahasteko. Baina Moyesek bazuen bere aldeko gauza bat: Rooneyren aurreneko entrenatzailea izan zen Evertonen, eta mutila lasaitu zuen. Areatik gertu jokatzen du berriro deabru gorrien arimak, eta orain gustura dabilela aitortu du.

Baina Rooney zelai erdiraino jaitsi izanak arazo baten berri eman zigun. Manchester Unitedek hutsunea du erdialdean. Michael Carrick segurua da, baina bere ondokoarekin ez dute asmatu aspaldian. Duela bi denboraldi, erretiroa hartua zuen Paul Scholes deitu zuten, zelai erdiko gabezia handia konpontzeko. Baina ile-gorriarena behin-behineko konponbidea izan zen. Futbolari behin betiko agur esan dionean, arazoa berpiztu egin da.

Uda honetan goitik jo nahi izan dute Uniteden zelai erdirako estratega bat fitxatu nahian. Lehenengo Cesc Fabregas begiz jo zuten; gero, Thiago Alcantara; ondoren, Ander Herrera; eta azkenean, Evertonetik Marouane Fellaini eraman dute. Zer ikustekorik dauka belgikarrak beste horiekin? Mugimendu horretan Unitedek koherentzia gutxi erakutsi du; ohikoa ez den zerbait klub horretan. Azken orduko fitxaketa izan zen, korrika batean egindakoa, eta orain arazo bat sortu da: non kokatu Fellaini? Ez da euskarria. Bere dohainak aurrerago erakusten ditu, areatik gertuago. Evertonen oso garrantzitsua izan zen, baina Unitedek ezberdin jokatzen du, eta bere leku egokian kokatzeko Moyesek osagaiak mugitu beharko lituzke. Berriro Rooneyrekin talka egiteko?

Joko aldetik ez dabil fin Manchester United. Atzealdea astuna eta motela bilakatu da erditik. De Gea atezainak hainbat arazo konpondu dizkio taldeari aurten. Hegaleko jokalariak oso erasokorrak dira, defentsa lanetan ez hain trebeak: Rafael brasildarra eta Evra frantziarra. Hegalak orekatzeko, Phil Jones sendoaren alde egiten du askotan entrenatzaileak. Cleverley izaten da maiz Carricken ondoan, euskarri; Anderson brasildarrak ez baitu erregulartasunik erakutsi, gauza onak dituen arren. Eta zelai erdiko hegaletan gauza argi gutxi: aurreko denboraldietan Nani, Valencia eta Young bor-bor ibili dira, baina aspaldi honetan zalantza gehiegi sortu dituzte. Talde bat kili-kolo dabilenean, freskotasuna lortze aldera, aurpegi berriak bilatzen dituzte entrenatzaileek, eta Moyesek aurkitu du harribitxi gaztea. Adnan Januzaj, Belgikan jaiotako albaniar-kosovar jatorriko ezker hegaleko zorrotza da Uniteden azken berritasuna. Duela bi jardunaldi, Sunderland azkenaren etxean galtzen ari ziren, eta Januzaj 18 urteko gazteak bi gol erdietsi zituen. Hortik, kontratua berritzea iritsi zen, eta orain hasi da hamaikakoan pixkanaka sartzen. Griezmannen garai bateko agerpena dakar gogora.

Adnan Januzaj

Jokoan gorabeherak izango ditu Manchester Unitedek. Baina talde honek beti lehiatzen du. Muturreraino. Ez du burua makurtzen. Sekula. Manchester Cityren aurkako derbian ikusi genuen: 4-0 galtzen ari ziren deabru gorriak, eta Rooneyk erakutsi zien bidea taldekideei. Duintasunaren izenean. Hobeto ala okerrago izan, grina eta adorea ez dute sekula galduko. Berezkoa dute espiritu garailea. Aurkariak izan dezake baloia, itxura hobea emango du askotan, irabaztetik gertuago dagoela sentituko du, baina deabru gorriek gutxi behar dute gola sartzeko. Robin Van Persie zelaian dela, dena da posible. Ezerezetik gola egiteko gaitasuna duen horietakoa da. Eta arazorik baldin badago, Chicharito Hernandez aulkian da.

Arazoak-arazo, badu non aukeratua David Moyesek. Europan, askotan, Ryan Giggsen eskarmentuari heldu diote entrenatzaileek. Mitoen lurraldean sartuta, partida hasi aurretik zutik jartzeko moduko agertokia da Old Trafford. Epaileak txistua jotzen duenean, berriz, lehiatzera! Asko dago jokoan; asko sufritu, gozatu eta irabazteko.