Inork ez du nahi Reala bere multzoan
REALA 2
O. LYON 0
- Txapeldunen Ligako multzoen fasean ariko da Reala, zaleen aurrean ondo jokatu eta sailkatzea lortu eta gero.
- Velak sartu ditu bi golak.
- Reala Txapeldunen Ligan da. Multzoen faseko zozketan izango da gaur arratsaldean. Olympique Lyoni beste bi gol sartu dizkio bart Anoetan, eta joaneko emaitza batuz, 4-0 menderatu du Lyon. Aise, erraz.
- Carlos Velak bereganatu du distira, bi golak berak sartu baititu. Bigarrena ederra izan da, ikusgarria, eta biribildu egin du gol horrek taldearen sailkatzea.
- Lyonek erasora atera beharra zeukan, kanporaketa iraultzeko. Realak atzean zain egotea erabaki duenean, une batzuetan eroso egon da, baina beste batzuetan ez horrenbeste. Defentsako lanean, erosoago egon da goian presioa egin ahal izan duenean. Baina Lyonen eraso oldarkorra jasan beharrak alderdi ona izan du: kontraerasoan eroso asko jokatzeko aukera.
- Makina bat aukera sortu dituzte Velak, Griezmannek eta Seferovicek espazioak alde izan dituztenean, baina ondo bukatzen ez dute asmatu. Lyonek, une onenetan ere apenas sortu dio aukerarik Realari.
- Golak emango zion behin-betiko sailkatzea Realari, nahiz eta hobea izaten ari zen itxura oso nabarmena izan. Merezi izan du gola lehenago sartzea, baina bigarren zatira arte ez du sartu aurrenekoa Velak. Buruz eta korner batean.
- Oso partida biribila jokatu du Realak: erasoan, defentsan, trantsizioetan, geldikako jokaldietan…Eta Lyonek joanekoan baino itxura hobea eman du, bere ohiko joko posizionala egiten gehiago asmatu baitu gaur. Erraz antzean joan da kanporaketa, baina Realak berak lanak oso ondo egin dituelako.
- Bihar da multzoen zozketa, eta Reala laugarren saskian izango da. Teorian, ahulenen saskian, baina ahuletik gutxi dauka Jagoba Arrasateren Reala honek. Inork ez du nahi bere multzoan.