Lyon: haztegi bikainari helduta

Egilea:

Data: 2013/08/18

TXAPELDUNEN LIGA: LYON-REALA

Olympique Lyonek hartu duen bide berriaz idatzi digu Naxari Altunak.

Akabo Lyon distiratsua; izarrez zipriztindutako egitasmoa. Etxeko jokalariak oinarri hartuta, Frantziako podiuma da XXI. mendearen hasieran L1 zazpi aldiz jarraian irabazi zuen klubaren helburua: Txapeldunen Liga urtero jokatzea.

Europan gailurra jotzeko zorian izan zen urtean ekin zion birmoldaketari, apaltasunera bidean. 2009/10 denboraldian Real Madril azpiratu zuten final-zortzirenetan. Lyonen ukitu brasildarra erabatekoa izan zen hamarkada horretan, Bartzelonatik Sonny Anderson aurrelaria fitxatu zutenetik. Behin betiko jauzia eman zuten orduan: haute niveau.

Brasildarren topaleku bilakatu zen Gerland. Kanarinhoen lorategia. Pernambucotik erdilari aparta eraman zuten, jaurtitzaile zorrotza. Ez da Juninho baino falta jaurtitzaile oparoagoarik izan aspaldian. Claudio Caçapa eta Cris erdiko atzelariek taldearen nortasuna finkatu zuten, kapitainak izateraino, eta zelai erdia gihartsua ageri zen, Michael Essien eta Mahamadou Diarrarekin.

Juninho, falta jaurtitzaile trebea

Azala aldatzen zihoan heinean, maila igotzen hasi zen taldea. Eta izar guztien artean harrobiko aurrelari bizkorra azaldu zen: Sidney Govou. Bera zorioneko izan zen. Beste batzuek, ordea, hanka egin behar izan zuten, arrazoi ezberdinak tarteko. Frederic Kanoute, Steed Malbranque eta Ludovic Giuly oso gazte joan ziren Lyondik. Sevillako aurrelari ohiak ez zuen lekurik; beste biek, berriz, erronka berriak bilatu nahi zituzten. Florian Maurice, aurrelari bikainak, lehenago egin bezala. PSG eta Olympique Marseilla aukeratu zituen golegile finak, Lyon behin betiko jauzia emateko urratsak ematen ari zela.

Tola Vologen hazi ziren guzti horiek. Harrobi paregabea. Karim Benzema, Hatem Ben Arfa eta Loic Remy bezala. 1987ko belaunaldi oparoa. Hiru horiek ere gazte irten ziren Lyondik. Haztegia errentagarria zen ekonomikoki. Ikuspegi horrekin begiratu izan dio beti heziketa zentroari Jean-Michel Aulas presidente ospetsuak. Bera gabe ezin ulertu klubaren bilakaera. Bigarren mailatik Europako klasikoa izateraino.

Real Madril kanporatu izana ospatzen, Txapeldunen Ligan

Izarrez hornitutako talde hark denboraldi gorabeheratsua izan zuen Claude Puelen aginduetara Real Madril kanporatu zuten hartan. Jeremy Toulalanen toki aldaketa erabakigarria izan zen Bernabeun. Toulalan: zein jokalari argia! Final-laurdenetan Girondins bide bazterrean utzi zuten, Lisandro Lopezen irudi garailea ikur. Lyonen azken-aurreko fitxaketa potoloa izan zen argentinarra. Ondoren iritsi zen azkena, Bordeletik.

Yoann Gourcuffengatik 22 milioi euro ordaindu zituen Jean-Michel Aulasek. Erasoko erdilari dotorea. Girondinsen bi denboraldi paregabe egin zituen bretainiarrak eta Aulas presidenteak taldearen erreferentzia nagusia izateko fitxatu zuen. Baina kale egin du… orain gutxi arte. Denboraldi hasiera honetan distira berreskuratzen ari dela ematen du. Esnatu ote da?

Gourcuff galduta ibili da azken hiru denboraldietan. Epe horretan, inguruan zituen jokalari handiak desagertu egin dira, aurrekontua arintzeko xedearekin. Juninho Pernambucano, Cris, Hugo Lloris, Anthony Reveillere, Alhy Cissokho, Jeremy Toulalan, Fred, Kim Kallstrom, Michel Bastos, Miralem Pjanic, Cesar Delgado, Ederson, Dejan Lovren, Lisandro Lopez… izarren arrastorik ez! Baina JMA presidentea oso abila da eta etorkizuneko egitasmoa abian jarri du, bi zutabetan oinarrituta: harrobia eta estadio berria.

2014/15. denboraldian indarrean sartuko den fair-play finantzieroa dela eta, zorrak bortizki arintzen ari da kluba, Tola Vologeko gazteei helduta. Ondo pentsatutako egitasmoa. Remi Garde, kapitain ohi eta garai bateko harrobiko arduraduna da entrenatzailea; Maxim Gonalonsi denbora eman zioten Toulalanen alboan zailtzeko; Steed Malbranque berreskuratu zuten, erretiroa hartua zuela; Clement Grenierrek, Gourcuffek gutxitan bezala, dir-dir egiten du partidaz-partida; Alexander Lacazette bilakatu da garai bateko Govou; Yassine Benziak harrobiko aurrelari gazte bikainen arrastoari jarraituko dio… Gustura hartuko lituzke orain Aulas presidenteak Remy edo Ishak Belfodil (Interreko jokalaria), garai batean talde nagusian lekurik aurkitu ez zuten erasoko jokalariak!

Hurrengo erronka 58.000 ikuslerentzako estadio berria izango da (2016an amaituko dute); OLren etorkizuneko harribitxia. Ordurako Europako onenen albora itzuli nahiko luke Frantziako garai bateko erregeak. Behin batean diruz hazi zen; orain haztegi bikainari heldu dio.