Saudade do vitória

Egilea:

Data: 2013/07/04

SELEKZIOAK (erreportajea-analisia)

Brasilen azken mende erdiko bilakaera aztertu digu Naxari Altunak, honetan oinarrituta: han ere, irabazteak bakarrik balio du.

Brasilen garaipen gosez bizi dira. Aspaldi ez baitu gauza handirik irabazi talde canarinhoak. Eta garaipenak estiloaren eztabaidari muzin egiteko ohitura duenez, joan zen igandeaz geroztik Brasilgo futbolzaleak pozarren dira. Aspaldiko partez titulu bat irabazi duelako. Garaipenaren bilaketan, ba al dago estiloari buruzko gogoeta edo eztabaidarik? Jokatzeko erari dagokionez, bilakaera bitxia izan dute brasildarrek… azken 25 urtetotan!!!

Brasilek erdilari oparoak izan zituen 60, 70 eta 80ko hamarkadetan. Peleren garaikoak Munduko txapeldunak izan ziren; Zicoren belaunaldikoak, ez. Baina Espainiako Mundialean aritu ziren azken horiek ez zuten titulua eskuratzeko beharrik izan jendearen bihotzera iristeko. Junior, Cerezo, Falcao, Eder, Socrates, Zico… jokatzen ikusi zituenak ez ditu sekula ahaztuko.

Talde hark Italia txapelduna bera baino arrasto sakonagoa utzi zuen. Azzurriek kanporatu zuten Brasil, Sarrian. Paolo Rossi izan zen euren borreroa, 1982ko uda ero hartan. Oparoa izan zen hilabete hura Italiako aurrelariarentzat. Baina bere erakustaldia bezain gogoangarria izan zen Junior, Cerezo, Falcao, Eder, Socrates, Zico eta enparauen jokoa.

1986an, Mexikoko Mundialean, Frantziak utzi zuen bide bazterrean Brasil, eta porrotak eragin handia izan zuen hango futbolaren ondorengo bilakaeran. Tele Santana hautatzaileak bere bidea jarraitu zuen Sao Paulon. Bitxia bada ere, hamarkada hartako brasildarrik distiratsuenak Italiara joan ziren jokatzera: Junior Torinora, Falcao Erromara, Cerezo Sampdoriara, Socrates Fiorentinara eta Zico Udinesera.

Brasilgo federazioak beste bide bat hartu zuen orduan, europartu nahian edo. Sebastiao Lazaronik liberoarekin jokatu zuen 1990ko Italiako Mundialean; Brasilgo atezainak, aurrenekoz, ospea eta errespetua izan zuen Taffarelen lanari esker; Ricardo Gomes eta Rocha atzelariak estimatuak ziren; Mauro Galvao ere bai. Baina Argentinak bidali zuen talde canarinhoa etxera final-zortzirenetan.

Antzeko bidetik jo zuen Carlos Alberto Parreira hurrengo hautatzaileak. Atzealdeko sendotasuna zelai erdira luzatu zen, bi euskarri trinko ipinita: Dunga, Mauro Silva eta Mazinhoren artean bazuen non aukeratua. Eta aurrealdean, aspaldiko bikoterik zitalena: Bebeto&Romario.

Brasilek laugarren aldiz irabazi zuen Munduko txapelketa. Estilo aldetik ez zuen arrastorik utzi, baina joera bat bai: bi euskarrirekin jokatzeko ohitura hedatzen hasi zen han-hemenka. Garaipenak sakoneko eztabaidak alboratzen ditu askotan. Galdu arte.

1998an, Frantziako Mundialean, beste euskarri sendo bat azaldu zen: Cesar Sampaio. Eta Ronaldo aurrealdean. Hura bezalako golegileekin akabo eztabaidak!!!

2002an zilegitasuna berretsi zuen Brasilen estilo zurrunak: “pragmatikoa” esaten zioten. Eta “pragamatiko”-en artean pragmatikoena: Luiz Felipe Scolari hautatzailea. Brasildarrek bosgarren aldiz eskuratu zuten Munduko Kopa Felipaoren aginduetara Japonia eta Korean. Irabazteko beharrak jota, Brasilen azken bi Mundialak eskuratu dituzten hautatzaileei eutsi die CBF erakundeak (Brasilgo konfederazioak): Scolari eta Parreira elkarrekin dira, aurretik hainbat eta hainbat bidean geratu ondoren. Carlos Dungak denetarik entzun behar izan zuen Hegoafrikako Mundialean: “retranqueiro” (defentsiboa) oihu egiten zioten zaleek. Baina Dunga eta Scolari, edo Parreiraren artean, alde bakarra dago: selekzioko kapitain izandakoak ez zuen titulua irabazi hautatzaile gisa; beste biek bai, ordea.

Konfederazio Kopara zalantza aunitzekin iritsi zen Brasil. Espainiaren beldur ziren zaleak. Eta beste behin, taldeko izar distiratsua eta erabakigarria alde batera utzita (Neymar), zelai erdiko euskarriei begira jarri dira espezialistak. Luiz Gustavo eta Paulinhoren lanak zeresana sortu du mundu osoan. Bayern Municheko euskarria ustekabean sartu zuen Scolarik deialdian, Ramires min hartuta zela eta; Corinthiansekoa, berriz, istorio harrigarria tarteko iritsi da selekziora. Asko hitz egin da Brasilgo euskarrien inguruan azken Mundialetan: Dunga, Mauro Silva, Mazinho, Cesar Sampaio, Gilberto Silva, Kleberson, Emerson, Felipe Melo… eta guztiak aritu dira Europan.

Garai bateko harmoniak indarra eta abiadurari utzi dio lekua. Brasilek hegazkinen grina du hegalak zabaldu eta aurrera jotzen duenean. Lur hartzerako orduan, euskarriek balaztak indarrean jartzen dituzte, Neymarrek dir-dir egin dezan. Konfederazio Kopa amaituta Paulinho fitxatu du Tottenhamek, Ingalaterran hain estimatua den “box to box” kontzeptua aintzat hartuta.

Hau ez da Junior, Cerezo, Falcao, Eder, Socrates eta Zicoren Brasil. Baina irabazi du. Eta irabaziz gero, gutxienekoa da Lucas Moura edo Jadson aulkian geratu izana; edo Fernandinho, Ilsinho, Willian, Douglas Costa, Diego, Pato edo Ganso aspaldi ikusi ez izana. Eta datorren denboraldian Coutinho agertuko da…

Talde batek beti bilatzen du bideari indarra emango dion erreferentziazko partida. Eta Felipaok neurketa hori aurkitu zuen igandean, Brasilgo Mundiala lasai prestatu ahal izateko. Mano Menezesekin Brasilek Olinpiar Jokoen finala galdu zuen Mexikoren aurrean. Horregatik kendu zuten kargutik. Lehenago Dunga bezala. Brasilek beti irabazi behar duelako.