Entrenatzaileen harrobia
REALA (iritzia)
Jagoba Arrasate da Realeko entrenatzaile berria. Denboraldi baterako kontratua izenpetu dute entrenatzaileak eta klubak.
Jagoba Arrasate izango da Realeko entrenatzailea. Denboraldi baterako sinatu du. Etxekoa. Aspaldiko partez. Noiz izan zuen Realak etxeko entrenatzailea denboraldi hasieratik lehen taldearen arduradun?
Erabaki ausarta da. Horrela ari da azaltzen bazterretan: hedabideak eta zaleak. Ausarta zergatik? Esperientziarik ez duelako, erantzuten dute. Esperientzia badu, urteak daramatzalako entrenatzaile lanetan. Zer da esperientzia izatea? Eliteko jardunak bakarrik ematen al du esperientzia? Ezberdina al da eliteko futbola? Ingurua izango da ezberdina; beste gainontzean, ez, ez bada futbolean azkarrago eta zehatzago jokatzen dela.
Jagoba Arrasatek nola entrenatzen duen ez dakit. Bere talde bat bakarrik ikusi dut jokatzen, eta partida bakarrean. 3. mailako Elgoibar izan zen. Berarekin harremana daukat, eta Realeko lehen taldean dagoenetik pare bat aldiz hitz egin dugu. Hemen ez dut kontatuko zertaz aritu ginen. Baina solasaldi horietako bat gogoan, lasai egoteko moduan egon dadila Realeko zalea. Badakit aste barruko lana ona izango dela; emaitzak? Horiek ezin dira ziurtatu. Badakit hedabideek eta zale gehienek emaitzaren arabera neurtuko dutela bere lana. Horretan ere jarrai dezazula orain arteko bidetik: zure taldeak ondo moldatu izan dira emaitzetan.
Erabakia hartuta dago, eta sakona da hautua. Harrobiko jokalariez osatutako taldeak harrobiko entrenatzailea izango du. Ez da askotan ikusten. Ez behintzat Espainiako Ligan. Mikel Etxarrik ondo ezagutzen du Reala; baita Jagoba Arrasate ere (bere irakasle izana da entrenatzaile izateko bidean). Askotan esaten du Etxarrik hau: Realak entrenatzaileen harrobi ere izan behar du. Entrenatzaileak sortu behar ditu. Bat behintzat heldu da lehen taldera. Etxean hazia eta hezia, beheko mailetako futbolean ikasia eta jarduna.
Poza ematen dit gure munduko bat Realeko entrenatzaile izatea. Bejondeizula Jagoba!