Loria eta miseria
FRANTZIAKO LIGA, TXAPELDUNEN LIGA (erreportajea)
Hogei urte beteko dira igandean Olympique Marseillak Txapeldunen Liga irabazi zuenetik, eta hogei urte bete ziren herenegun bere historiako egunik beltzena bilakatuko zen partida jokatu zenetik. Naxari Altunak lotu dizkigu bi data esanguratsuak, ezkutuan geratu den protagonista bat azaleratuz.
Hogei urte igaro dira. Hogei urte Baionako ile-horiak belarri handien trofeoa zerura jaso zuenetik. Kapitaina. Olympique Marseillako burua. Zelaian. Berdegunetik at beste kontu bat zen. Han gorabehera gehiegi, betiere presidente bitxi baten gutizien baitan. Entrenatzaile berezia behar zen etengako gorabeherei aurre egiteko. Beti sumendiaren erdian.
Didier Deschampsek zeraman kapitainaren besokoa, baina talde hartan hamaika kapitain zeuden: Boli, Angloma, Di Meco, Desailly, Sauzee, Abedi Pele, Völler… Eta guztien gainetik, nagusia. Gauzak bere erara eramaten zituen presidentea: Bernard Tapie.
1986an Maradonaren gol ospetsuak zipriztindu zuen futbolaren unibertsoa. Baina urte hartan, gerora garrantzia izan duen beste gertakaria izan zen: Silvio Berlusconi eta Bernard Tapie baloiaren erresuman sartu ziren, AC Milan eta Olympique Marseilla eskuartean hartuta.
1993ko maiatzaren 26ko ilunabar hartan Frantzia osoa Municheko Olympiastadionean zen. Saint-Etiennek ezin izan zuen lortu 1976an; Marseillak ere kale egin zuen 1991an. Europako Kopa eskuratzeko hirugarren saiakera zuen Frantziako futbolak. Bi urte lehenago Izar Gorriaren aurka galdu zuen Marseillak Barin, penalti jaurtiketetan. Basile Boli erdiko atzelariaren malkoek uholde galanta eragin zuten San Nicola estadioan. Bas atzealdeko erreferentea zen. Frantziako selekzioan ere arrastoa utzia zuen Boli Kostan jaiotako mutilak.
Marseilla Frantziako Liga bosgarren aldiz jarraian irabazteko lehian zen udaberri hartan eta Milani aurre egin aurretik partida deserosoa zuen Valenciennesen. Maiatzaren 20a zen. Boli min hartuta zegoen eta entrenatzileari ez jokatzea eskatu zion. Tapie presidentea urduri zegoen; Munichera abiatu aurretik Liga ziurtatu nahi zuen, eta Europako Kopako finalean Valenciennesen aurkako hamaikako bera izango zela esan zuen ozenki. Mehatxua zirudien. Boli haserre joan zen bere gelara. Baina atzetik Raymond Goethals entrenatzailea joan zitzaion, atzelaria lasaitu asmoz. “Bas, asteazkenean jokatuko duzu…”.

Raymond Goethals eta Bernard Tapie.
Goethals belgikarrak 72 urte zituen. Hamaika buelta eta gehiago emandakoa futbolean. Oso zuhurra zen. Tapie bera baino zuhurragoa. Presidentea ez zen entrenatzaile belgikarraz fio, eta horregatik aholkulari andana zuen, entrenatzailea manipulatu nahian. Tomislav Ivic kroaziarra zen Tapiek itzalean zuen gizona. Presidentea entrenamenduetara joaten zen, denekin eztabaidatzen zuen, entrenatzaileari aginduak emanez, baina Goethals zaharra oso tipo argia zen.
Europako Kopako finalaren egunean gauza bitxiak gertatu ziren. Fabian Barthez, artean 21 urte zituen atezainak, lo hartu zuen hoteletik estadiora bidean. “Ez da posible”, zioen klubeko jabeak. Baina bere taldekideek bazekiten inkontzientzia puntu hori erabakigarria zela Barthezen kirol ibilbidean. Gauza harrigarriak egiten zituen, onerako eta batzuetan txarrerako, nortasun bereziak eraginda. Eta, bai, Basile Boli hasierako hamaikakoan zen. Ez erabat osaturik, baina aukeratuen artean zegoen, bi urte lehenago Barin bezala. Talde hartatik jokalari gutxi geratzen ziren.
Bolik ihes egindako kopan pausatu zituen begiak, gerorako hitzordua eginez-edo. Abedi Pelek keinu bat egin zion bere taldekideari. Kornerrean nora jo: “Bigarren zutoinera mugitzeko asmoa erakutsi baina lehenengora joan…”. Eta hala gertatu zen aurreneko zatiko 44. minutuan. Pelek ezkerrez kornerra atera; Bolik, Lentini, Baresi eta Rijkaarden gainetik hegan egin… eta Frantzia osoak eztanda egin zuen. Basile Boliren gola!!! Minak ahaztuta, Bariko malkoak lehortuta, ordubete geroago Didier Deschamps kapitainak Kopa jaso zuen. Bernard Tapie ahaltsua sentitu zen, Silvio Berlusconi baino boteretsuagoa, palkoan irribarretsu. Botere gehiegikeriak, baina, zigorra izaten du, dena ezin baita ezkutuan eraman.
Bi hamarkada geroago Frantzia osoak Olympique Marseillaren garaipena gogora ekarri du aste honetan. Gogoratu eta ospatu. Ez lehenago eta ez gero ez baitu txapelketa berriro ere irabazi. Loria. Baina egun hauetan gutxi hitz egin da orduko miseriez, Marseilla infernura bidali zuen gertakari hartaz.
Jacques Glassmanek gorriak pasa zituen. Urteetan ordaindu behar izan zuen bere ausardia eta zintzotasuna. Frantziatik alde egin behar izan zuen, Reunion uhartean jokatzera. Zelai guztietan txistu egiten zioten, eta Nizan aulkian utzi behar izan zuen entrenatzaileak, hango zaleen beldur.
Glassman Valencienneseko atzelaria zen. Eskarmentuko jokalaria: 30 urte zituen orduan. Maiatzaren 20ko partidaren emaitza konponduta zegoela salatu zuen. VA-OM auzia indarrean sartu zen une horretan: Valenciennes eta Olympique Marseillaren arteko partidari zegokion afera. Hiru jokalari eta bi agintari auziperatu zituzten: Marseillako Jean-Jacques Eydelie, Valencienneseko Christophe Robert eta Jorge Burrutxaga, batetik; Bernard Tapie, Marseillako presidentea, eta Jean-Pierre Bernes, haren konfiantzazko gizona, bestetik. Robert eta Burrutxagarekin harremanetan jarri zen Eydelie (euren taldekide ohia), eta diru kopuru bat eskaini zien “hanka altxatzearen truke”.

Glassman eta Boksic, Valenciennes-O. Marseilla partidan.
Marseillak bosgarren Liga ziurtatu zuen egun hartan eta sei egun geroago Europako txapelduna zen. Baina Glassmanek ahoa zabaldu zuenean, klubaren arorik beltzena hasi zen. 1994ko apirilean frogatutzat jo zuten partidaren emaitza konpondu izana: OMri titulua kendu zioten eta Bigarren mailara jaitsi zuten. 1993/94 denboraldian bigarren sailkatu zen Marseilla, PSGren atzetik, eta hurrengo sasoian UEFAko Kopa jokatu zuen, zilarrezko mailan taldea eraldatuta. Burua jasotzea kosta zitzaion. Miseria.
Futbolak OMren balentriak goratu ditu, baina Jacques Glassman ahaztu. Valencienneseko atzelari ohiari ohore!