Lotuta dago bat; aske, bestea
EUROPAKO LIGA
Finalerdien itzulikoak jokatuko dituzte gaur. Chelseak ia eskura dauka finala, 1-2 irabazi zuelako Basilean; Fenerbahcek 1-0ekoari eutsi beharko dio Benficaren zelaian.
Maiatzaren 15a hor bertan dago, eta egun horretan, bi talde zelairatuko dira Amsterdamgo zelai zoragarrian, Europako Liga irabaztera. Gaur jakingo dugu zein diren, finalerdien itzulikoak bukatu eta gero.
Bi partida, eta biak ezberdinak aurreikuspenetan. Batean, Chelsea da faboritoa finalean izateko. Joanekoan, Basilearen zelaian 1-2 irabazi zuen. Lotuta dago kanporaketa hori, ingelesek ondo helduta. Bestea aske dago, irekia. Fenerbahcek 1-0 irabazi zion Benficari etxean, eta gaur, Lisboan, estu joango dira gauzak.
Bi partidak 21:05ean hasiko dira.