Zu behera eta ni gora

Egilea:

Data: 2013/05/01

BARTZELONA  0
BAYERN  MUNICH   3

Txikitu egin du Bayernek Bartzelona gaur ere, eta alemaniarren arteko finala izango da Txapeldunen Ligan: Bayern-Borussia Dortmund.

  • Kanporaketa bat, bi partida ez dira ezer ondorio sakonak eta behin betikoak ateratzeko. Baina Bartzelonari Bayernek eman dion astindua Txapeldunen Ligako finalerdietan adierazle gardena da: Bartzelona historikoa historia izateko bidean da. 7-0eko astindua eman dio bi partidetako emaitzak kontuan hartuta. Azken asteetan, hilabeteetan desegin egin dira Bartzelona liluragarri haren ezaugarri ia denak. Jokalariak berdinak dira, baina ematen du beste zerbaitera ari direla jokatzen. Hori bai, ez da kritika txarra, ez da errudunak aurkitzea… halaxe gertatu da, eta gertatua kontatzea baino ez da. Beraiek egin beharko dituzte azterketak, ondorioak atera eta lehengo bidea berreskuratzeko. Futbola zorretan dute betirako, eta zain egongo da egoera txar honi zein erantzun emango dioten ikusteko.
  • Behera egin duena da Bartzelona. Behetik oso gora datorrena Bayern Munich. Berriz ere finalean da, joan zen denboraldian bezala, eta nagusitasunez gainera. Parean jartzen zaion guztia aurretik eramaten ari da, eta gaurkoa beste kapitulu bat izan da. Ia-ia, bete beharreko lan soila.
  • Hasieratik erakutsi dio Bartzelonari jai zeukala. Joaneko emaitza potoloarekin ezkutatuta aritu ordez, erasora atera da, eta batez ere, presio altua egitera defentsan. “Ni naiz Europako agintaria berria, eta zure lekua neuretzat hartua daukat”. Bartzelona estu ibili da hasiera horretan, txiki.
  • Leo Messi aulkian laga du Tito Vilanovak, eta ez du atera. Finalean izateko itxaropena zenbatekoa zeukaten adieraz dezake horrek. Joanekoan danbateko latza hartuak zeuden, eta ikusita Bayern hau nola dabilen, harritzekoa ere ez da etsia jota zelairatzea.
  • Hala ere, hasiera baldarrari itxura eman dio Bartzelonak, eta ez du lehen zati txarra jokatu. Aukera bat edo beste ere sortu du, baina golen bat sartu izan balu ere, alferrik izango zeneko ustea ez zen ustela izango. Bayernek behar izan balu emaitza zehatzen bat, ematen du lortu egingo zuela, nahi zuen bezala gainera.
  • Erdi etsita edo etsita zegoen Bartzelonak kontrako gola baino ez zuen behar erabat hondoa jotzeko. Eta hondora bidali du Bayernej, bigarren zatiaren hasieran Robbenek sartu duen golarekin. Hortik aurrerakoa gogorra izan da Bartzelonako jokalarientzat, teknikarientzat, agintarientzat eta zaleentzat; denentzat gogorra. Bayernek hankapean ibili du Europako agintari zaharra, eta lotsagorritu egin du. Beste bi gol sartu dizkio (Piquek bere atean, eta Mullerrek). Kito. Emaitza honek eta aurreko astekoak ez du beste ezertarako tarterik ematen: Bayern hau askoz gehiago da Bartzelona honen aldean. Patxadaz azterketa egitea dagokio orain.
  • Bitartean, Europako futbolaren argi guztiak Alemaniara begira egongo dira, finala Ingalaterran bada ere. Bayern-Borussia Dortmund da finala. Maiatzaren 25a noiz iritsiko zain dago futbola… ederra izango dela ematen baitu.