Merezitako saria

Egilea:

Data: 2013/04/30

REAL MADRIL  2
BORUSSIA DORTMUND  0

Alemaniarrek jokatuko dute Txapeldunen Ligako finala, Real Madrilen azken orduko bi golek ez baitiete eragotzi sailkatzea.

  • Ederra izan da partida. Handia. Bizia. Ikusgarria. Bene-benetakoa. Bi taldeek eman dute bakoitzaren onena, joanekoan ez bezala, eta akats horrek kondenatu du ziurrenik kanporaketa honetako galtzailea. Irabazleak, Borussia Dortmundek, bi partida handi jokatu ditu, etxean eta kanpoan, eta merezita sailkatu da Txapeldunen Ligako finalerako. Bigarrena du bere historian. 1997an izan zuen aurrenekoa, eta kopa irabazi zuen.
  • Gaurkoaren aurretik norbaitek neurketaren gidoia idatzi behar izan balu, gero gertatu denaren pare-parekoa izango zen. Ez zegoen aukera gehiago. Real Madrilek ez zeukan beste biderik. Zirt edo zart. Halaxe ekin dio lehiari, erasoan zuzen eta defentsan presio altua eginez. Hamargarren minuturako hiru aukera garbi botata zeuzkan kareletik behera. Gero damutuko ote zen? Azken emaitza ikusita, ez dago dudarik, baina balitz eta balu jardutea alferrik da.
  • Borussiak patxada nahi zuen, baina kendu egin dio Real Madrilek. Alemaniarren aukera bakarra kontraerasoa zen egoera horretan, eta izan ditu pare bat onak, baina ez ditu hasi eta buka gauzatu. Azkeneko pasean huts, erabaki okerrak…
  • Geroko minutuetan bai, hor izan dute lasaitasuna alemaniarrek. Baloiaren jabe egin dira, Real Madrilek ez dio hainbeste eta hain goian estutu, eta eroso antzean moldatu dira. Baina partidaren ezaugarri nagusiak bertan jarraitzen zuenez, erritmo altuak, ezin lo hartu. Jo gora, jo behera, horrelaxe aritu dira.
  • Minutuak aurrera, eta espainiarren aurpegietan etsia azaltzen hasi da, nahiz eta bigarren zati osoa geratu. Kale edo bale egin dute, eta kalean zeuden orduan. Bigarren zatiaren hasierak etsia izu bilakatu die, edo akaso, errealitate gordin. Lewandowskik zutoinera jaurti du baloia.
  • Mourinhok aldaketak egin ditu azkar, eta atzean hiru atzelarirekin geratu da. Borussiak ia jo dizkio pare bat kolpe zital, baina ez du asmatu. Gundoganek atearen parean jaurti duen baloiari sekulako urruntzea egin dio Diego Lopez atezainak. Balizko gidoiaren barruan legoke aukera hori ere; hau da, Borussia aurretik jartzea. Baina ez du asmatu. Ezta geroxeago ere.
  • Hutsean zihoan partida. Sinesgaitza ere bazen golik ez izatea halako ezaugarriak izan dituen partidak. Baina heldu dira. Bukaeran. 83. eta 87. minutuan, sua piztu da Bernabeu zelaian. 2-0 Real Madril aurretik. Ia hamar minutu izan ditu kanporaketa iraultzeko, baina ahaleginak ustelak izan zaizkio. Bukaera hori ikusita, badirudi espainiarrek ez dutela merezi izan kanpoan geratzea, baina kanporaketa osotasunean hartuta, askoz une gehiagotan izan da Borussia bere ohiko ereduaren erakusle; ez, aldiz, Real Madril: joanekoan, minutu askotan, neurketa lokartzera joan zen, eta ez daki hori egiten. Han galdu zen Mourinhoren taldea. Klopp nagusitu zaio. Merezitako saria jaso dute berak, bere ereduak eta bere jokalari guztiek. Talde handia dira.