Musika berezi hori entzuten da
REALA 4
VALENTZIA 2
Realak Txapeldunen Ligako postua sendotu du, aurkari zuzenetako bati kolpea emanez.
- Oraintxe doaz Realeko zaleak Anoetatik etxera. Oinez, autoz, trenez edo autobusez. Askoren belarrietara musika berezi bat etortzea ez litzateke harrigarria izango. Txapeldunen Ligako ereserkia da. Pauso sendoa eman du taldeak helburua gauzatzeko, Valentzia menderatuz (4-2). Bost partida falta dira Liga amaitzeko, eta bost puntu gehi bien arteko aldea dauka fabore dauka Realak. Malaga ere tarte berera dago. Berriz entzungo da Txapeldunen Ligako ereserkia Anoeta gauzek bide honetik eta onetik jarraitzen badute. 2003-2004 hartan bezala.
- Ederra egin dute partida bi taldeek. Handiak izan biak ere. Bakoitzak bere baliabideak erabiliz. Erritmoan, Valentzia makaltasuna lagun, eta Reala beste muturrean. Reala kontraerasoa bikain gauzatuz, eta eraginkortasunari gerritik helduta.
- Gogor hasi da Valentzia. Baloiaren jabe egin da, zelai-erdian jokalari asko pilatuz, eremu horretan ukituz, eta hegalak bilatuz, batez ere bere ezker hegala. Reala ezinean bezala ari zen, lerroak atzean, eta defentsatik erasorako trantsizioa gauzatu ezinda. Gutxi irauten zion baloiak. Ezker hegaletik landutako jokaldia biribildu du Soldadok, gola sartzeko (Realeko atzelarien lerro osoa baloiari begira egon da, Soldadoren desmarkea ikusi gabe).
- 25. minutua zen, eta pena izan da, Reala hobeto lotzen hasita zegoelako aurkaria. Luze jotzera behartzen zien euskarriei eta erdiko atzelariei, taldea gora eramanez. Baina gola jaso du Realak.
- Ez da kikildu, talde hau ez baita halakoen zale. Berean segitu du, eta motzean atera duen korner batean, Iñigok sekulako gola sartu du.
- Lehen zatiko azken unean Reala hobeto moldatu da, eta bigarrenaren hasieran ere hor nonbait. Baina tarte luzexka batean, berriz ere Valentzia egin da baloiaren jabe, eta Realaren erritmo bizia geldotu du. Gainera, atzean sartu da Montanierren taldea, eta estutasun handirik igaro ez badu ere, egoera desatsegina zen. Ematen zuen Valentzia zain zegoela kolpea jotzeko, une egokiaren zain.
- Baina Reala ari da kolpeak eman eta eman denboraldi honetan. Hori da hori eraginkortasuna. Esan dugu atzean sartuta zegoela, eta kontraerasoren bat harrapatu ezean… Bai harrapatu ere. Choryk eta Agirretxek egin duten jokaldia ikusgarria bezain zehatza izan da teknikoki eta taktikoki, baita fisikoan ere. Uruguaikoak sartu du bigarrena.
- Festa Anoetan. Eta gerokoa zer izan ote da? Hirugarrena artu baitu Agirretxek, Velak ondo eramandako beste kontraeraso batean. Baina Valentziak azken aukerak gastatu nahi zituen, eta bigarrena sartu du. Jonasek atea hutsean zela sartu du, Bravok sekulako urruntze zaila egin eta gero jaurtiketa batean. Lau minutu geratzen ziren. Estutasuna sartu da festan, baina Agirretxek jarri du zaleen belarrietan berriz ere Txapeldunen Ligako ereserkia. Egundoko gola sartu du, beste kontraeraso batean. Baloia dotore eraman du, eta Dani Alves atezaina zur eta lur laga du baloia loratuz. Beraren eta taldekideen kontzertu bikaina biribildu du.