Aberatsa eta pobrea

Egilea:

Data: 2013/04/24

BORUSSIA DORMUND 4
REAL MADRIL  1

Lewandowskiren lau golekin Borussiak egurtu egin du Real Madril, eta oso gertu da alemaniarren arteko finala.

  • Partidaren aurretik, Real Madril aberatsa, Borussia Dortmund pobrea. Orain, alemaniarrak aberats, espainarrak pobre. Eta ez emaitzaren nagusitasunagatik bakarrik. Bi taldeen jokatzeko ereduak aztertuz ere, Borussia dirudun, Real Madril oso txiro.
  • Oso baliabide gutxi erakutsi ditu Mourinhoren taldeak. Gaur bakarrik? Ala ohikoa izaten ari da? Jakina da Mourinhoren eredu gustukoena zein den: kontrareasoan aritzea. Hori bakarrik. Eta horrekin bakarrik jai izan du gaur, hori ere ezin izan du egin gainera. Hutsaren pare geratu dira Real Madril eta bere entrenatzailea.
  • Hartu lehen zatiaren erdia. Aurretik zen Borussia ordurako. Lerroak atzeratu dituzte alemaniarrek, eta Real Madrilek izan du baloia. Ez du jakin zer egin. Taldekideari pasatu bai, baina zertarako? Nondik erasotzeko?  Sakontasuna zer da? Eta zelaia zabaltzea? Kalitate tekniko izugarria dute jokalariek, baina baloia erabiltzearen eredua ez zaio gustatzen entrenatzaileari. Zilegi da, bakoitzak nahi duen bezala antolatzen duelako taldea. Baina kalterako gertatzen ari zaio. Joan zen denboraldiko Txapeldunen Ligako finalerdian, baloia erabiltzen jakitea falta izan zitzaion Bayernen aurka. Gaur ere bai.
  • Borussiako Klopp entrenatzailea jakitun da zein den Real Madrilen baliabidea, eta kontraerasoa eragoztera atera ditu bere jokalariak. Presio itogarria egin dute erasoan baloia galdu orduko, eta hortik atzera zeuden jokalariak beti prest egon dira lerroak atzeratzeko. Esan bezala, atzeratu ditu lerroak tarte batean.
  • Erosoen ordea, presioan bizi izan da Borussia. Lehen zatiaren hasieran eta bigarren zatia ia osoan baliabide horrekin jan du Real Madril. Bere baliabide bakarra indarge utzi dio. Eta hori bezain garrantzitsuena, berak ere hain ondo menderatzen duen kontraerasoa erabiltzeko aukera eman dio. Lewandowski, Reus, Gotze… zoragarri moldatzen dira abiaduran, bakoitzaren abilezia teknikoan eta mugimendu taktikoetan oinarrituz. Zoratu egin dituzte Real Madrileko atzelariak eta erdilariak.
  • Ezin aipatu gabe utzi partidako izen nagusia. Golegilea. Areako ehiztaria, eta taldearen arnasa goian jarritako baloietan: Lewandowski. Lau golak berak egin ditu. Eta denetan, teknika erakustaldia emanez: kontrolak, aurkaria atzean uztea, jaurtiketa zehatzak… Duela hiru urte, 4 milioi euro pasa ordainduz erosi zuen Borussiak. Dena esanda dago datu horrekin.
  • Dena egin dute alemaniarrek gaur: aurrez zehaztutako jokoa bikain gauzatu, lau gol sartu… eta Real Madrili berea oparitu. 1-1ekoa izan da, Hummels erdiko atzelariak huts egin eta gero gauzatua Cristiano Ronaldok. Ematen zuen espainiarrentzat gauza handia izango zela gol hori, baina bigarren zatian, Poloniako aurrelariak eta bere talde guztiak hankapean ibili du Mourinho, bere eredu bakarra eta Real Madril. Futbola aberastu du Borussia Dortmundek gaur gauean.