Horma baten aurka jotzearen parekoa

Egilea:

Data: 2013/04/14

ATHLETIC 0
REAL MADRIL 3

Athleticen joko txukunari astindua eman dio Real Madrilen eraginkortasunak.

  • San Mamesek ikusi du bere azkeneko Athletic-Real Madril partida. Galdetu egin beharko zaio zer iruditu zaion partidan gertatua, baina ez da oso aparte ibiliko beste ikusle guztiek sentitu dutenetik: ezintasuna. Ezinarena. Jokoan aurkaria baino gutxiago izan gabe, 0-3 galdutakoan sortzen den horrena.
  • Horixe gertatu baitzaio Athletici: partida txukuna egin du, bere ereduan oinarritua, baina gola sartzen kamuts aritu da beste behin. Eta Real Madril, beste behin hau ere, kontrako muturrean aritu da: sekulako eraginkortasuna atera du.
  • Athleticen eraso bakoitza edo ia denak horma zuriaren aurka joan dira. Pilotan aritzea bezalakoa izan da. Jo eta buelta, jo eta buelta. Eta buelta horren beldurrez egon behar gainera: kontraeraso zitalak bezain beldurgarriak. Eredugarria da arlo taktiko horretan Mourinhoren Real Madril, eta beste ikasgai bat eman du gaur gauean.
  • Emaitza ere aldeko jarri du hasiera-hasieratik, hainbeste gustatzen zaion jokoa egiteko aukeran: bigarren minutuan sartu du gola Cristiano Ronaldok. Zer behar zuen ba gehiago kanpoko taldeak. Atzean sartu, Athleticen erasoak geratu, eta gainera, kontraerasoetan min eman.
  • Has gaitezke Athleticek izan dituen aukera batzuk aipatzen, baina zertarako? Ezintasuna handitzeko baino ez du balio eta. Aukera hura honena, bestea harena, hurrengoa horrena… baina ezin golik sartu, ezin minik eman aurkariari. Tira, gola sartu, sartu du Llorentek, baina epaileak baliorik gabe utzia zuen jokaldia aurretik, falta adierazita aurrelariari. 1-1koa izango zen, baina zertarako hasi pentsatzen kontu horietan? Ezintasuna eta hormatzarra gogora berriz ere.
  • Bigarren zatian sartu ditu beste bi golak Real Madrilek Cristianok berriz, eta Higuainek. Horra emaitza. Gogorra. Astuna. Zamatsua. Ezinarena. Joan zaitez orain partida ikusi ez duen batengana, eta esaiozu Athleticek ez duela gaizki jokatu, merezi izan duela gehiago… utzi, utzi, a ze ezintasuna. Horma baten aurka etenik gabe kolpeka eta joka aritzearen parekoa. Athleticeko kide guztiek, zelaian, harmailetan, tabernetan eta edonon izan duten ezintasunaren sentsazio txar hori.