Bost buru dituen txoko dastagarria

Egilea:

Data: 2013/04/12

2.B MAILA (2. multzoa)  Laugarren leku preziatua eskuratzeko lehia zirraragarria ari da izaten, eta bost partidaren faltan, talde bakoitzaren aukerak aztertu ditugu.

Amorebieta

Ez da giro 2.B mailan. Lehia azken txanpan sartua da, eta laugarren postua garesti egonen dela dirudi. Alaves, Bilbao Athletic eta Eibar play off postuetatik gertu dauden arren, azken txartelak eskaera ugari dauzka. Orain hilabete batzuk idazki honek agian ez luke zentzurik. Amorebieta zen hautagai sendo, baina azken asteak gogorrak egiten ari zaizkio suertatzen Urritxeko taldeari. Lesioek nahigabeko ugari eman dizkiete, eta sorpresa askotan agertzen den kontzeptua da Zornotza inguruan. Intxaurragak astea joan eta astea etorri egokiro prestatzen ditu partidak, baina partidak 90 minutukoak dira eta edozer da posible. Aspaldiko partez une hauetan urdinak zoriona eskaintzen duten postuetatik at daude. Bolada makurrari amaiera eman beharrean dira, bestela nekez egon ahalko dute Urritxekoek arrats bereziak bizitzen hemendik aste gutxitara.

Barakaldo

Barakaldo joera bikainean eta sasoiko dabil. Ostegun santuan harri eta zur geratu behar izan zuen Lasesarren Lleidaren aurka, baina 15 partida galdu gabe egon ondotik eta aurreko asteko garaipenaren ostean, azken txanpa arrakastatsua egiteko prest dira. Bilbao Athletic kenduta goi partekoen aurka jokatu dutela kontuan hartuta, egutegia aldeko daukate. Jon Orbegozoren faltaldia garesti xamar ari dira ordaintzen, azpeitiarra zelaietatik at egon denean, gola garestiago eduki baitute. Baina Garrido kapitaina, Joseba Arriaga, Tyronne eta beste hainbat jokalari eskaintzen ari direna oso da garrantzitsua Iñaki Zurimendiren taldearentzat. Golak apenas hartzen dituzte eta sartu ere asko ez egin arren, play off postuak uste baino gertuago dauzkate. Besteei begira egotea egokitzen zaien arren; hori-beltzen aurkariak: Racing B, Zaragoza B, Izarra, Tudelano eta S.D. Logroñes dira. Guztiak sailkapenaren erditik nabarmen behera dauden taldeak. Beraz, batere ez harritu aspaldiko partez ezkerraldekoak guztien ahotan egotea.

Lleida

Talde bizkaitarrari zer pentsatua eman ziona Lleida izan zen. 0 eta 1eko garaipena eskuratu zuten kataluniarrek, jokoan nagusi eta markagailuan arazo handirik gabe. Olatu bikaina surfeatuz dabiltza aspaldion. Denboraldi haseran faborito nagusienetakoak ziren lau postuetan barneratzeko, baina udazkena gogorra suertatu zitzaien. Lesioak, nortasun gabeko jokoa eta aurkariei ezin neurria hartu. Arazo askotxo gauzak ondo joateko. Baina bigarren itzuli zoragarri eta zorogarria ari dira osatzen. Urtarrilaren 7an galdu zuten azken partida Taxoaren eta geroztik garaipenak lagun berdinketa gutxi batzurekin. 55 punturekin eurena da egun laugarren postua eta kendu nahi dionak, izerdi hotza isuri beharrean izango da. Bilbao Athletic-ek amore eman behar izan zuen 19 partida jarraian galdu gabe egon ostean eta Alaves liderra berak jotako musikara dantzarazi zuen iragan asteburuan. Lehen lauhilekoa gozoa izan ez arren, ederki goxatua da talde historiakoaren zale sutsua. Toni Seligratek azkenean jakin du taldea zein eratara landu eta emaitza bikainak lagun dauzkate. Biharko partida gertutik jarraitzekoa izango da Real Unionen aurkakoa (ETB1 17:00). Ostantzean egutegia nahikoa aldeko dute. 36.jardunaldian Eibarren bisita izango dute, beste aurkari guztiak azken postuetako kontrarioak dira.

Tudelano

Real Union eta Tudelano dira zorioneko laugarren postuetarako azken bi hautagaiak. Imanol Idiakez eta Txema Lunbrerasen mutilek ondo baino hobeki egin beharra dauzkate gauzak, une honetan ametsa dena errealitate bihurtzeko. Bi talde bizkaitarrak eta Lleidak ez bezala, hauek jada ezin dute hutsik egin. Nafarrak joera positibo batean murgilduak daude. Tuterak gotorleku izaten jarraitzen du eta hasiera egiten ez zuten moduan, orain etxetik at ere puntuak poltsan bueltatzen dira hurrengo partida prestatzera. 3. mailatik igo berria den taldea izateko lan ona egiten ari dira. Errespetua sortzen dute eta baita buruko min dezente eraginarazi ere. Une honetan 48 puntu dituztela kontuan hartuta, ez dute dena galdua.

Real Union

Makurrago du Real Unionek. Idiakezenak puntu bat gutxiagorekin daude eta gorputzaldia okerrago. Azken bi lehiatan azken hasperenak kendu dizkie ustez eskuetan zeuzkaten 2 garaipen. Denboraldi guztiko mamuek ez dute amaierarik. Nortasunez jokatu eta itxura ona eskaini arren, hainbat gertakari tarteko ezin partidarik borobildu eta iparra aurkitu. Jada beranduegi ote? Hutsek ez dute tarterik Irunen. Garratz puntuko denboraldia izan da eta aurten aurrekoan baino erosoago arituagatik, orain denboraldi batzuetako taldearekin alderatuta, bestelakoak dira sentsazioak. Lleidaren aurka irabazi edo irabazi, ez dago besterik. Psikologikoko positiboa izango litzateke eurentzat. Azken txanpari egoki ekiteko argizpia.

Hauxe da laugarren postuak sortzen dituen kontestu eta sentsazio desberdinak. Lleidarena da txoko hori momentuz, Amorebieta denbora askoan egon da gertu eta Barakaldon posible ikusten dute zozketan egotea. Tudelanok eta Real Unionek zail daukate, baina ez ezinezko. Argi dago 2.B mailako zaleentzat jardunaldi erakargarriak heldu direla. Behekaldean gauzak bero eta goikaldean kartsu. Baloi zoroaren jokoa sorpresa kutxa dela aspaldion ohartu ginen, baina honek ez du etenik. Edozer gauza posible, aste gutxian erantzunak.