Zelaietako mariskala

Egilea:

Data: 2013/03/22

MUNDUKO KOPARA SAILKATZEKO FASEA (erreportajea)

Didier Deschamps lapurtarrak bere nortasuna eman dio Frantziako selekzioari, jokalari zen garaian egin zuen bezala.

C’est l’haute niveau”. Muturreko lehiakidearen gogoeta, porrotaren ondoren. Olympique Marseilla eta Milanen arteko partida zen Txapeldunen Ligan. Frantziarrek hobeto jokatu zuten. Larri ibili ziren rossoneriak, baina aurkariak ez bezalako baliabidea zuten erasoan: Filippo Inzaghi. Gola.

Hasierako hausnarketa hori Didier Deschampsek egin zuen. Marseillako entrenatzailea zen garai hartan. Berak Italian jokatu zuen, Juventusen. Bianconerien euskarria izan zen 1990eko hamarkadaren erdialdean. Europako txapeldun atera zen 1996an, Marseillarekin hiru urte lehenago gertatu bezala. Kapitaina Nantesen, kapitaina Marseillan, kapitaina Frantziako selekzioan. Liderra.

Goi-mailaren nondik norakoak ondo baino hobeto ezagutzen dituen entrenatzaileak Frantziako selekzioaren gidaritza hartu zuen joan zen udan. 1998ko belaunaldiko beste kapitain handiaren lekukoa hartu zuen Baionako entrenatzaileak: Laurent Blancek etsita amaitu zuen 2012 Eurokopa. M’Vila, Nasri, Ben Arfa eta Menez jokalariekin ika-mika izan eta gero kargua utzi zuen Le President delakoak. Joko estilo dotorea eman nahi izan zion selekzioari Blancek, Girondinsen lan polita egin eta gero. Ukitu teknikoagoa ematen saiatu zen, eta horretarako aldaketa sakona eragin nahi zuen hexagonoko futbolean, prestakuntza zentroetan gazteak fitxatzeko parametroak aldatuz. Teknikari lehentasuna eman nahi zion, parametro fisikoen gainetik. Cabaye, Nasri, Martin, Menez, Ben Arfa, Benzema bezalako jokalarien alde egin zuen Eurokopan, baina horietako batzuk kale egin zuten, zelaiaz haratago. Knysnako amesgaiztoa gogoan.

Hegoafrikako zauriaren arrastoa

Knysna Frantziaren egoitza izan zen Hegoafrikako Mundialean. Han, jokalariak Raymond Domenech hautatzaileari oldartu zitzaizkion, entrenatzeari uko eginda. Anelkak piztu zuen sua. Txinpartak talde osoa zipriztindu zuen eta sinesgarritasuna kiskali egin zen. Jokalariena eta entrenatzailea berarena ere bai. Federazioak ezarritako zigorra bete ondoren batzuk itzuli dira selekziora (Evra eta Ribery, esaterako), beste batzuk jota geratu ziren eta ez dute elastiko urdina gehiago jantzi: Toulalanek, esaterako.

Zauria ixteko Blanc aukeratu zuten hautatzaile. Aho batez. Baina izartutako jokalari batzuen jarrerak bi urte lehenagoko mamuak berpiztu zituen. Hegoafrikako traumak bizirik zirauen. Blanc lider isila izan da beti, zuzena, zorrotza bai, baina oso diplomatikoa. Frantziako federazioak beste kapitain handiari heldu zion orduan, Munduko txapeldunen hauspoa izan zena, taldearen ahotsa, lider ozena: Didier Deschamps.

Marseilla Liga txapeldun egin zuen hemezortzi urte geroago. Taldearen izaera lehiakorra indartu eta eragingarriagoa bilakatu zuen. Bere haute niveau delako idealaren bila abiatu zen, Italian jokalari izan zen garaiko bizipenak oinarri hartuta. Diziplina, lan taktikoa, esfortzua, zorroztasuna. Eta, selekziora iritsi bezain laster, kode etiko bat ezarri zuen, jokalarien jokabidea arautzen duen dekalogo antzekoa.

Talde espiritua sortzea da Deschampsen xedea. 1998ko talde txapelduna gogoan. Selekzio hura talde bat bezalakoa zen, Barthez, Thuram, Blanc, Desailly, Lizarazu atzealdetik hasita. Atzelarien laukote horrek marka izugarri bat ezarri zuen 1996-2000 artean: 28 partida jokatu zituzten elkarrekin eta ez zuten neurketa bakar bat ere galdu (21 irabazi eta 7 berdindu, 13 gol hartuta). Ondorengo lerroan Deschamps ageri zen. Erdigunea. Irizpidea.

Talde azpiegigura finkatzen ari da entrenatzaile lapurtarra. Euren garaiko espiritua gogoan. Taktikoki lan handia egingo du talde espiritua indartu nahian, baina behin betiko urrats kualitatiboa emateko ez ditu garai hartako Zidane edo Djorkaeff. Artistak.

Riberyk badu artisten zantzurik, baina arazo handiak izan ditu azken bi urteotan. Oilategiko nagusia izan behar zuenak, ordea, ez du erreferente estatusik lortu. Bayernen beste kontu bat da. Munichen, bidea zabaltzen duen futbolaria da; Frantzian, berriz, itzal luze batek bereganatu du. Lider teknikoa da, espirituala baino gehiago. Testuinguruak ere ez dio lagundu. Aurreko belaunaldiaren azkenetan iritsi zen selekziora (2006ko Mundialean agerpen distiratsua izan zuen), baina geroa ez da erraza izan. Talentudun gorabeheratsuak izan ditu taldekide: Benzema buru duen 1987ko belaunaldia bereziki.

Frantziak 1-1 berdindu zuen Espainiaren aurka Vicente Calderonen. Ustekabean. Egun batzuk lehenago Saint-Denisen 0-1 galdu zuten frantziarrek Japoniaren aurka. Hexagonoan gutxik sinisten zuten. Gol zaparrada espero zen Munduko txapeldunaren aurrean. Baina, oldartu ziren Deschampsen mutilak, esnatu zen belaunaldi berria, eta hedabideek aspaldiko Frantziarik onenaren lana txalotu zuten. Urdinek estu hartu zuten Del Bosqueren taldea.

Frantziak Espainia hartuko du Saint-Denisen. Eta frantziarren deialdian badira datu esanguratsuak. Gehienek atzerrian jokatzen dute (14), Premier Leaguen bereziki (10). Hainbatek neguko merkatuan alde egin zuten hara, Newcastlek deituta. Eta horietako batek zeresan handia emango du, bere bilakaera ikusita. Moussa Sissoko erdilari da, aurkariaren atea begiz jota duen zelai erdiko mutila. Cabaye erdilari fina ere asko hazi da Newcastlen. Remy aurrelari bizkorra QPR taldean ari da eta lesioek uzten badiote garrantzitsua izango da selekzioan. Baina sekula huts egiten ez duena Valbuena txikia da. Konstantea, bihurria, bizia. Beti itzalean; beti present.

Eta Frantzia berriaren egitura indartzeko, etorkizunari begira, Varane eta Pogba iritsi dira, Real Madrilen eta Juventusen titular biak ala biak. 19 eta 20 urterekin. Griezmann ere hor izan zitekeen, baina… 2013ko abendura arte zigortuta dago. Bien bitartean, jokalari batek gorpuzten du ondoen DDen talde espiritua: Blaise Matuidi, PSGko erdilariak. Zelaietako mariskalaren ordezkaria da zelaian.